Paradoxa da: Bizkaiko goi burgesiaren azken bankari handia Donostian jaio zen, 1936. urtean.Emilio Ibarra, BBVAko presidente izan zena, Madrilen zendu zen, atzo, 82 urte zituela, buruko isuri baten ondorioz. Horrenbestez, Neguriko bankari handien azken ordezkaria joan da, finantza sistemaren erraiak ondo baino hobeto ezagutu zituen gizona.
Bizkaian egin zuen bere ibilbide profesionalaren zatirik handiena. Ibarratarrek enpresa ugari zituzten lurralde horretan, eta han egin zituen ikasketak, Banco de Bilbao, BBV eta BBVA lotuko zituen ibilbideari ekin aurretik. Ekonomia Zientziak ikasi zituen Deustuko Unibertsitatean, eta Zuzenbidea Valladoliden (Espainia). Aurrez, Bizkaiko hainbat meategi zituen Orconera enpresako kudeatzaile aritu zen.
Abrako kondesa Dolores Txurrukaren babesean aritu zen Emilio Ibarra gazterik, amaren babesean alegia, jaioberritan geratu baitzen umezurtz. 1936an, Euskal Herrira faxismoaren gorakadak ekarritako muturreko indarkeria zurrunbiloan galdu zuen aita. Frankista petoa zen Santiago Ibarra, eta Bilboko portuan ainguratutako itsasontzi-presondegi batean hil zuten, beste hainbat senitartekorekin batera.
Banco de Bilbaoko ordezkari eta presidenteorde izan zen lehenik Ibarra, eta, hark Bilbon egoitza zuen beste bankuarekin bat egin zuenean (Banco de Vizcaya), BBVko presidente izateko lasterketa hasi zuen lehendakaritzaordetik abiatuta, 1988an. Espainiako Bankuaren esku hartzeari esker lortu zuen lema, 1990ean. Pedro Toledo presidentearen heriotzaren ondoren, barne krisi bat egon zen kargu gorena nork hartuko zuen erabakitzeko, Toledoren beraren eta Jose Angel Sanchez Asiainen esku egon baitzen presidentetza ordu arte; Banco de Bilbaotik zetorren Sanchez Asiain.
Filesa eta Jersey
Ia hamar urteko urrezko aroari ekin zion BBVk. Hego Amerikan asko zabaldu zen; Repsolen, Telefonicaren eta Iberdrolaren akziodun nagusien artean sartu zen. Harik eta Ibarrak Espainiako banku sistemaren operazio handiena erdietsi zuen arte, 1999an. BBVk bat egin zuen Argentariarekin, eta Ibarrak entitate berriaren kontrola hartu zuen, ordu arte Argentariako presidente izan zenarekin batera, Francisco Gonzalezekin. Biko gobernu horrek gutxi iraun zuen, ordea, 2001eko abendura arte, hilabete batzuk lehenago lehertu baitzen Ibarraren ibilbidea are ilunagoa bihurtuko zuen eskandalua: Jerseyko kontu ezkutuena: Alico auzia.
Iluna zena ilundu zuen hark, aurretik Ibarraren izena beste eskandalu batean azaldu baitzen: Filesa auzian. 1991ko maiatzean lehertu zen, Ibarrak BBVko presidentetza hartu eta gutxira. Bankuak 196 milioi pezeta (1,2 milioi euro) ordaindu zituen PSOE legez kanpo finantzatzeko, sekula ez baitzituen jaso diru horren truke ustez eskatutako bi ikerketak. Filesak akusatuen aulkira eraman zuen Neguriko semea, baina absoluzioa lortu zuen urte gutxian, preskripzioak lagunduta.
Gero, BBVren kontu ezkutuak iritsi ziren: Alico auzia. 1987tik 2000. urtera arte kontabilitate ezkutu bat kudeatu zuen bankuak, paradisu fiskaletan gordetako funtsekin. Argentariarekin bat egin aurretik gauzatu zuen iruzurra bankuak, eta Ibarraren irteera eragin zuen azkenean, 2001ean. Hala, eskandaluaren ostean, bat egitearen bazkide ahulenak lortu zuen bankuaren gidaritza, Argentariako ordezkari Francisco Gonzalezek. BBVA Madril aldera desorekatu zen ordutik. Ibarrarekin batera, Pedro Luis Uriarte kontseilari ordezkariak ere BBVA utzi behar izan zuen.
Kartzela eta Chavez
Bada, 2017. urtera arte luzatu zen Jerseyko kontuen auzia. Urte horretan, Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi zuen Ekonomia Ministerioak BBVAri 2008an jarritako isun bat, Liechtensteinen eta Jerseyn bi offshore egitura edukitzeagatik, guztira 37.343 milioi pezetarekin (224,4 milioi euro). Argentariarekin bat egin ondoren Bizkaiko bankariek pentsio txikiagoak jasoko zituztela-eta antolatu zituzten kontu ezkutuak paradisu fiskaletan.
Ibarra ez zen kartzelan sartu sekula, nahiz eta 2005eko azaroan sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak, dirua bidegabe erabiltzeagatik. Zigorraren arintasuna zela eta, ez zuten preso sartu, eta, gainera, helegite bat jarri zuen epai horren aurka. Auzitegi Gorenak haren alde egin zuen urtebete geroago, eta errugabetu egin zuen. Aldi berean, bi kontu ezkutuen dosierra artxibatu zuten. Ustelkeriaren aurkako fiskalak bi urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu zuen Ibarrarentzat, baina alferrik izan zen, nahiz eta 2002. urtean Auzitegi Nazionalean onartu zuen ordainketa politikoak agindu zituela. Aho bilorik gabe aritu zen Venezuelako presidente ohi Hugo Chavezen kanpaina baten finantzaketaren inguruan, adibidez.
Finantza alorretik kanpo, Santiago Ibarra anaiarekin batera, Vocento komunikazio taldea —El Correo, Diario Vasco, ABC...—zuzendu zuen urte askoan Emilio Ibarrak —Ignacio Ibarra haren semea da egungo presidentea—. Horrez gain, Tubos Reunidos eta Corporacion Financiera enpresetako aholkulari ere izan zen.
Emilio Ibarra. Bizkaiko bankaren arima
Banco de Bilbao, BBV eta BBVA lotu zituen ibilbide batean, ustelkeriaren susmopean egon zen Emilio Ibarra urte askoan. Atzo zendu zen, 82 urterekin, Madrilen, buruko isuri larri bat izan ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu