Lan Harremanen Kontseilua

Emilia Malaga izango da LHK-ko presidentea

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen burua zen orain arte, eta aurretik UGT sindikatuan ibilbide luzea eginikoa da. Tomas Arrieta ordezkatuko du.

Emilia Malaga, EGABeko bulegoetan. EGAB
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko irailaren 29a
11:39
Entzun

Emilia Malaga izango da Lan Harremanen Kontseiluko (LHK) presidentea. Tomas Arrieta aurreko presidenteak erretiroa hartu du, eta Malagak hartuko du haren kargua hurrengo lau urteetan. Malaga Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen burua izan da 2015az geroztik, eta aurretik ibilbide luzea eginikoa da UGT sindikatuan. UGTko berdintasun arloko arduraduna izandakoa da, eta nazioarteko batzordeko kidea.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lan gatazka pribatuak kudeatzeko ardura duen organo horren burua izango da Malaga (Portugalete, Bizkaia, 1971), eta, era berean, erakundea zuzenduko duen lehen emakumea. Zuzenbidean lizentziatua, profil sindikala erantsiko dio karguari. Azken urteetan LHKren jardunak oihartzun handia izan du, bertan konpondu baitira, besteak beste, Bizkaiko zahar etxeen gatazka eta itunpeko eskoletakoa.

Presidente berriak une gozo batean hartuko du kargua, LHKren azken txostenaren arabera urtea hasi zenetik 283 lan hitzarmen berritu baitira, eta 175.282 langilek jaso dute itun berritu batek ematen duen babesa. Horri esker, bikoiztu egin da lan hitzarmen berritua duten langileen kopurua: 345.107 ziren abuztuaren amaieran, itunpeko beharginen %56,8.

Arrietaren ordezkoa aurkitzea ez da erraza izan. Aurreko presidenteak 2008tik zeraman karguan, eta hainbatetan saiatu zen uzten, baina ez zen beste hautagairik egon. Bere ibilbidearen errepasoa egin zuen ekainean BERRIAri emaniko elkarrizketan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.