Emilia Malaga izango da Lan Harremanen Kontseiluko presidentea

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen burua zen orain arte. Tomas Arrieta ordezkatuko du, hark erretiroa hartu baitu

Emilia Malaga EGABen txostenaren aurkezpenean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2023ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Emilia Malaga izango da Lan Harremanen Kontseiluko (LHK) presidente berria. Tomas Arrieta aurreko presidenteak erretiroa hartu du adinarengatik, eta Malagak beteko du kargua hurrengo bost urteetan. Malaga Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen burua izan da 2015az geroztik, eta aurretik ibilbide luzea eginikoa da UGT sindikatuan. UGTko berdintasun arloko arduraduna izandakoa da, eta nazioarteko batzordeko kidea.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lan gatazka pribatuetan artekari egiten duen organoaren burua izango da Malaga (Portugalete, Bizkaia, 1971), eta, era berean, erakundea zuzenduko duen lehen emakumea. Zuzenbidean lizentziaduna, soslai sindikala erantsiko dio karguari. LHK erakunde independentea izan arren, Lan eta Enplegu Sailari dagokio presidentea proposatzea, eta haren izendapena lehendakariari.

Azken urteetan LHKren jardunak oihartzun handia izan du, han konpondu baitira, besteak beste, Bizkaiko zahar etxeen gatazka edo itunpeko eskoletakoa. Gauzak hala, presidente berriak une oso gozo batean hartuko du kargua, LHKren azken txostenaren arabera urtea hasi zenetik 283 lan hitzarmen berritu baitira, eta 175.282 langilek jaso dute itun berritu batek ematen duen babesa. Horri esker, bikoiztu egin da lan hitzarmen berritua duten langileen kopurua: 345.107 ziren abuztuaren amaieran, itunpeko beharginen %56,8. Datu hori aspaldiko onena da.

Arrietaren ordezkoa aurkitzea, hala ere, ez da lan erraza izan. Aurreko presidenteak 2008tik zeraman karguan —Martin Auzmendik dimisioa eman eta urtebetera izendatu zuten—, eta hainbatetan saiatu zen uzten, baina ez zen beste hautagairik aurkeztu. 2018an karguan ez jarraitzekotan egon zen, eta Jaurlaritzak Manuel Salinerori eskaini zion, baina hark ezezkoa eman zuen. LHKren barne egiturari dagokionez, egun hiru sindikatu daude mahaian: LAB, CCOO eta UGT, eta Confebaskek ordezkatzen ditu enpresari elkarteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.