Pertsona bakarraren lekuan bi izanen dira hemendik aitzina Euskal Herriko Laborantza Ganberaren (EHLG) lehendakaritzako karguan. Izan ere, Mixel Berhokoirigoinek bulegoko bi kideri pasatu die lekukoa: Beñat Molimosi eta Francis Poineauri, hain zuzen. Hamar urteren ondoren Laborantza Ganberak hartu duen tamainari erantzuteko erabaki dute bikoitza izatea presidentetza. Izan ere, EHLGko kideek azaldu dutenez, inplikazio handia eskatzen du lanak, eta horri modu egokian egin nahiko liokete aurre. Aitzina begirako proiektuak eta EHLGren transmisioa bera ere hobe eginen dituztela espero dute horrela. Lekuko desmartxak eta laborariekiko harremanak garatzen segitu nahiko lukete, bertzeak bertze.
«Normal da: hamar urte etapa inportante bat da. Laborantza Ganberak egin du bide hamar urtez, handitu da, eta behar zen aldaketa. Aldaketa pertsona aldetik, eta forma aldetik ere». Hitz horiekin azaldu zuen atzo Berhokoirigoinek EHLGko bulegoak egindako hautua, Baionan egindako aurkezpenean. Argibide zehatzagoak emateko, nolanahi ere, kargudun berriei utzi zien hitza lehendakaritza utzi berri duenak. Molimosek eta Poineauk arrazoi ugari aipatu zituzten presidentetzaren partekatzea azaltzeko. Alde batetik, Laborantza Ganberak egin beharreko lana anitz emendatu dela. «Hamar urtez, Laborantza Ganberak egin du alimaleko bidea: sortuz geroztik, hamabost langileetarat iragan gara; ez da gauza ttipia. Laborantzako arlo anitz jorratzen ditugu egun, eta gure nahikaria da egiten ez ditugunetara ere hedatzea».
Biek argi dute nekazari izateari ezin diotela utzi EHLGko lehendakari izanik ere: «Gure lehen ofizioa laborari izatea da». Eta transmisioari ere eman nahi izan diote garrantzia. Baserriarekin alderatu du Molimosek egitura: «Nonbait etxaldea transmititzen den bezala, Laborantza Ganberako inplikazioa behar da transmititu». EHLGk betetzen duen «funtzio soziala» ere atxiki nahiko lukete: «Behar publiko bati erantzuten diogu, eta nahi dugu zinez sail horretan segitu harremanak sortuz, bai laborarien artean, bai gizarteko eragileen artean, bai hautetsiekin ere».
Lan horiek guziak aitzina eramateko, orotara bortz kidek osatuko dute EHLGko bulegoa: bi lehendakariez gain, Panpi Olaizolak eta Daniel Barberarenak hartuko dute parte, eta Berhokoirigoinek berak ere jarraituko du. Seigarren kidearen bila dabiltzala aitortu du Molimosek: «Ikusiko dugu biltzar nagusian lortzen dugun». Oraindik ez da izenik atera, dena den. Emakume bat atzemateko zailtasunak dituztela aitortu dute bulegokideek, biltzar nagusiko parte hartzaileen herenak andreak diren arren.
Ikastaroak eta bisitak
EHLGren ildoak garatuz joateko, laborarien lekukotasunak, etxaldeen bisitak eta ikastaroak antolatu dituzte heldu diren hilabeteetarako. Bertzeak bertze, naturarekiko hurbiltasuna, etxaldeen transmisioa eta autonomia, eta kalitatezko ekoizpenak landuko dituzte. Gaur, erraterako, Itsasun (Lapurdi) elkartuko dira, 10:00etatik 15:00etara, eta lekuko desmartxa zenbait aurkeztuko dituzte: Itsasuko gereziaz gain, Herriko ogia, Herriko haragia, eta oraindik berriak diren Sasi ardikia, eta ekilore eta koltza olioak.
Emendatzen ari zaion lanari erantzuteko, bi buru izango ditu EHLGk
Beñat Molimosek eta Francis Poineauk partekatuko dute lehendakari kargua.Tokiko desmartxei eta hurbiltasunari eutsi nahi die ganberak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu