«Zergatik ezarri argitan emazte laborariak?» galderari erantzun diote Lurramaren antolatzaileek. Kausa feminista eszena aitzinean lekua egiten ari den honetan, «emazteen genero estereotipoak deskonposatzeko lana» funtsezkoa dela azpimarratu dute, eta mugimendu horretan parte hartunahi dutela zehaztu.
Ipar Euskal Herrian, 2022an, %38 ziren laborantzan instalaturiko emazteak; 2010ean, ordea, %25 baino ez. Azaldu dutenez, datuek goranzko joera hartu dute, etxaldeen sistemaren dibertsifikazioari esker. Bikoteen arteko GAEC Ustiapen Komuneko Laborantza Elkarteen sorrerak aipatu dituzte adibide gisa: egitura juridiko horren bidez, emazteak ere etxaldearen parte dira. Etxaldeetako eraldaketak ere prozesu horretan laguntzen du, Lurramaren laguntzaileen arabera.
La Via Campesina gomita
Aurtengo Lurramaren amabitxia La Via Campesinaren koordinazioko kide Morgan Ody izanen da. Baratzezaina da Morbihanen (Frantzia), eta badu hamar urte baino gehiago Laborantza Konfederazioa sindikatuko kide dela; emazteen komisioan ere aritu da luzaz.
«Eskualde gomita» ere izanen du Lurramak. Aurten, Frantzia ekialdeko Franche Comte eskualdea dagomita. Besteak beste, montbeliarde arrazako behien esnea, hartatik ekoiztu gasna, eta arnoa aitzineratuko dira.
Eskaintza zabaleko asteburua
Hiru egun iraunen du aurtengo Lurramak, ohidura den bezala. Azaroaren 10etik 12ra, laborariak Miarritzeko (Lapurdi) Irati gelan bilduko dira, eta bisitariei harrera eginen diete mozkinak eta kabalak aurkeztuz. Bestalde, emazteen eta laborantzaren gaia jorratzeko hainbat ekitaldi izanen dira bertaratuko direnen zerbitzuko: liburu aurkezpen bat, filma proiekzioak, eztabaidak eta hitzaldiak prestatu dituzte.