Emakumeen langabezia tasa gizonena baino txikiagoa da lehen aldiz

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datua da, Sara de La Rica ekonomistak emana. Enpleguaren hazkunde ia osoa zerbitzuetan gertatu da

Emakume bat, zerbitzari lanetan, artxiboko irudi batean. NACHO GALLEGO / EFE.
Irune Lasa.
2018ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Iseak fundazioak eta haren buru Sara de la Rica ekonomistak gaur jakinarazi dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpleguari buruz hiru hiletik egiten duten txostenaren azken datuak. Uztailetik irailerako enpleguaren bilakaerari so, nabarmentzeko datua da lehen aldiz erkidegoan emakumezkoen langabezia tasa (%9,1) txikiagoa dela gizonezkoena baino (%9,7). Izan ere, gizonezko okupatuen kopurua ia bere horretan gelditu da, baina 17.000 emakume okupatu gehiago zenbatu dira urte hasieratik. Hala ere, oraindik gizonezko gehiago daude lanean, eta emakumeak okupatuen %47,3 dira.

22.000 langabe gutxiagorekin, langabezia tasa %10etik beherakoa da: %9,42. Hala ere, jaitsiera horretan 25 urtez azpiko gazteen langabeziaren jaitsiera handia azpimarratu dute Sara de la Ricaren txostenean. «Oraindik ere tasa handia da, %26 ingurukoa. Baina joera aldaketa iragartzeko bidea ematen digute langabezia tasaren jaitsiera sendoak eta azken urtean gazteen enpleguan antzemandako igoerak; eta joera aldaketa oso positiboa eta beharrezkoa izango da Euskadiko enplegua gaztetzeko».

Epe luzeko langabeetan ere joera positiboa antzematen da txostenean. Azken hamabi hilabeteetan zenbatutako 22.000 langabe gutxiago horietatik 17.000k denbora luzea zeramaten langabezian. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, iraupen luzeko langabeziaren tasak eskasagoak dira oraindik ere inguruko lan merkatuetakoak baino, baina txostenaren egileek «joera aldaketa» ikusi dute azken datu horrekin.

Behin-behinekotasuna, gora

Edonola ere, sortutako enpleguaren kalitateari begira, azken hilabeteetan sortutako enplegu ia guztia aldi baterakoa izan da. Azken hilabeteetan sortutako enpleguen %91 aldi baterakoak izan ziren, eta erkidegoko behin-behinekotasun tasak gora egin du %24tik %25,7ra. 18.800 kontratuetatik soilik 1.652 izan dira finkoak. «Erritmo honetan, behin-behinekotasun tasa denbora gutxian itzuliko da krisi aurreko tasetara. Euskadik 2008ko hirugarren hiruhilekoan izan zuen behin-behinekotasun tasa handiena, %27,7koa».

Aldi baterako kontratu berri horien artean gehien-gehienak, hori bai, lanaldi osokoak izan dira. Lanaldi partzialen jaitsieraren arrazoia jarduera ekonomikoaren suspertzea dela azaldudu Iseaken txostenak. «Lan ordu gehiagoko kontratazioaren beharra areagotzen duen dinamismoaren isla da».

Sektoreen bilakaerari begira, azken urtean sortutako enplegu guztiak zerbitzuen alorrean eratu dira 24.000 lanpostu gehiagorekin. Industrian, berriz, joera kaskarra darama enpleguak, 8.000 lanpostu galduta. Txostenaren arabera, eraikuntzako enplegu kopuruetan ez da izan aldaketa esanguratsurik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nekazaritzaren sektoreak, orotara soilik 10.000 enplegu hartzen dituela ere azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.