Honako hauek dira txostenak aztertutako gai nagusiak:
EMAKUMEETA ETORKINAK
Soldata txikiagoekin
OITren azterketa eta kalkuluen arabera, diskriminazioa aplikatuko ez balitz, Europako Batasuneko emakume langileek gizonek baino %0,9 gehiago kobratu beharko lukete. Gaur egun, ordea, gizonek baino %18,9 gutxiago kobratzen dute, batez beste. Gainera, soldata handiena duten emakumeen artean handiagoa da gizonekiko aldea. 2010ean, postu berean, diru sarrera txikiena zuten emakumeen soldata maila bereko gizonena baino ehun euro apalagoa zen; soldata handiena zuten emakumeen ordainsaria, berriz, maila bereko gizonena baino 700 euro apalagoa zen.Soldaten arteko arrakala antzekoa da tokiko langileen eta etorkinen artean ere. OITren ustez, kasu horretan ere tartea ia desagertu egingo litzateke «azaldu gabeko arrazoia» —diskriminazioa— ezabatuko balitz, kasurako, Alemanian, Danimarkan, Luxenburgon, Norvegian edo Herbehereetan. Bitxia da, aldiz, Txileren kasua: langile etorkinek batez beste tokikoek baino soldata handiagoak dituzte.
SOLDATEN HAZKUNDEA
Moteltzen
«2013an moteldu egin zen munduko soldaten hazkundea, eta oraindik ez da iritsi krisi aurreko mailara», OITren arabera. Iaz %2 egin zuten gora soldatek, batez beste, munduan. 2012koa baino hazkunde txikiagoa da, orduan %2,2 igo zirelako. Gainera, zenbaketatik Txina kenduz gero, erdira jaitsiko litzateke munduko soldaten igoera, %1,1era. Izan ere, soldaten garapena oso ezberdina da munduko eskualde batetik bestera. Iaz, adibidez, %6 igo ziren Asian, eta ia %6 Europa ekialdean eta Asia Erdialdean, Ekialde Hurbilean ia %4 —batez ere Saudi Arabiako soldaten igoera handiagatik— eta Latinoamerikan eta Afrikan ez dira %1era iritsi. Herrialde garatuenetan, berriz, %0,2 baino ez ziren igo, eta Espainian, Erresuma Batuan eta Grezian, besteak beste, 2007ko mailatik behera daude oraindik soldatak.DESBERDINTASUN SOZIALAK
Gero eta handiagoak
AEBek eta Espainiak dituzte munduko errenta desberdintasun handienak, batez ere soldaten banaketak eta enplegu galerak eraginda. Gainera, OITk ukatu egin du krisi aurretik soldatak produktibitatearen gainetik igo zirela: «1999tik 2013ra bitartean langileen produktibitatea haien soldata baino dezente gehiago igo zen».Garabidean dauden hainbat ekonomiatan, ostera, txikitu egin dira errenta desberdintasunak, «soldaten banaketa bidezkoagoa egin dutelako». Gainera, «apurka-apurka», herrialde garatuen eta garabidean daudenen batez besteko soldaten arteko aldea txikitzen ari da, oraindik handia bada ere. Herrialde garatuetan iaz 2.400 eurokoa zen hileko soldata, erosteko ahalmenaren arabera; garabidean dauden herrialdeetan, berriz, 810 eurokoa. Munduko batez besteko soldata, erosteko ahalmenaren arabera, 1.300 euro da.
GUTXIENEKO SOLDATA
Berdintasunerako bermea
Txostenean aipatutako desberdintasun eta okerrak konpontzeko bide bakarra horren kontrako politikak egitea dela nabarmendu du OITk; besteak beste, «soldaten banaketan zuzenean edo zeharka eragin dezaketen neurri politikoak ezartzea, eta aberastasunaren banaketara bideratutako politika fiskalak ezartzea». Soldaten igoeran eta berdintasunean lagunduko lukeen neurrietako bat gutxieneko soldata dela gogorarazi du erakundeak. «Ikerketen arabera, gutxieneko soldata igotzeak ez du langabeziarik eragiten, eta soldata ezberdintasuna gutxitzeko balio du». Azaldu du garabidean dauden herrialde askok gutxieneko soldata igoz lortu dutela hain zuzen ere desberdintasunak gutxitzea.NEGOZIAZIO KOLEKTIBOA
«Beharrezko tresna»
«Negoziazio kolektiboak estimu handia du, eta soldata desberdintasuna konpontzeko beste beharrezko tresna bat da», OITren ustez. EAEko Lan Harremanen Kontseiluaren azken txostenaren arabera, esate baterako, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 92.225 behargin daude lan hitzarmenik barik, eta beste 215.732, lan itun zaharraren indarraldia luzatuta, hura berritzeko zain.Txostenak azaldu du, baita ere, ezinbestekoa dela «enpresa iraunkorrak» sustatzea. Enpresen sorrerarako eta garapenerako «inguru egokiak» sortu behar direla nabarmendu du, eta berrikuntza sustatu eta produktibitatea hobetu behar direla.