Emakumeek gizonek adina pagatu beharko dute autoko aseguruagatik

Sexua arrisku faktoretzat hartzeko aukera baliorik gabe utzi du EBko auzitegiak, gizon eta emakumeen arteko bereizkeria saihestekoKaltetuak kontsumitzaileak izango direla diote konpainiek, prezioak igoko dituztelako

Emakume bat, auto batera sartzen, Burlatako kontzesionario batean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
2011ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Aseguru poliza baten prezioa kalkulatzeko bezeroaren sexua kontuan hartzea legez kanpokoa dela ebatzi du Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak. Eta, oraingoan, inolako salbuespenik gabe, iraganean eginiko salbuespenek eraman baitute auzia epaitegietara.

2007ko abenduaren 21etik indarrean den zuzentarau batek dio ezin dela inolako sexu bereizkeriarik egin ondasun eta zerbitzuak eta haien hornidura kontratatzeko garaian. Alegia, enpresa hornitzaileak eskaintza bera egingo diela bezero guztiei, direla gizonak direla emakumeak, eta bezeroek ez dutela onura edo kalterik izango, gizon edo emakume izate hutsagatik. Zuzentarau horrek, baina, salbuespen bat aurreikusten zuen: aseguru poliza bat egiterakoan, bezeroaren sexua arrisku faktoretzat hartzeko aukera ematen zien aseguru konpainiei. Horretarako, nahikoa zuten sexua arrisku faktore bat dela frogatzen duten estatistika datu fidagarriak eta eguneratuak eskura izatea.

Hain zuzen, salbuespen horrek utziko du baliorik gabe atzoko ebazpena. Salbuespen hori betikotzeko arriskua dagoela ikusi dute epaileek. «EBko zuzenbideak tratu bera eman behar die gizonei eta emakumeei, baina hori galaraz lezake salbuespenari betirako izaera emateak». Horrenbestez, iraungitze eguna jarri diote: 2012ko abenduaren 21era arte. Ordura arte, polizen prezioak bezeroaren sexuaren arabera ezartzen jarritu ahal izango dute aseguru etxeek; ordutik aurrera, prezio bakar bat ezarri beharko dute gizon zein emakumeentzat.

Viviane Reding Europako justizia gaietarako komisarioaren hitzetan, «gizon eta emakumeen arteko berdintasunerako bidean urrats garrantsitsua da ebazpena». Eta, aurrerantzean, polizak saltzerakoan, ebazpenak dioena kontuan hartzeko eskatu die aseguru konpainiei. «Orain garbi dago aseguru etxeek ezin dutela bereizketarik egin gizon eta emakumeen artean. Guztiak bezeroak dira, eta guztiekin jokatu behar dute berdin». Aseguru industriak baldintza berrietara egokitu beharko duela adierazi du Redingek, «baina, badira aurretik ere norabide horretan lanean ari direnak». Belgika, Brusela, Zipre, Estonia, Letonia, Lituania, Herbehereak eta Eslovenia jarri ditu adibidetzat, haietan bi sexuetako pertsonentzako eskaintzak merkaturatzen dituztelako aseguru etxeek. Horrenbestez, eredu horri jarraitzeko eskatu die EBko aseguru konpainia guztiei. Redingek iragarri du hilabete batzuren buruan konpainia horietako ordezkariekin bilduko dela ebazpenaren ondorioez hitz egiteko.

Aseguru konpainiak, haserre

Aseguru etxeek, ordea, ez dute begi onez ikusi EBko Justizia Auzitegiaren ebazpena. UNESPA Espainiako patronalaren irudiko, kontsumitzaileak izango dira kaltetu nagusiak, gizon zein emakume batzuek gehiago pagatu beharko dutelako beste batzuen okerrengatik. Aseguru polizen kasuan sexuen arteko bereizketa egitea egokiagoa dela uste du UNESPAk, horrek bezero bakoitzari dagokiona ordaintzea ahalbidetzen duelako. CEA aseguru konpainien EBko patronalarentzat ere ez zuen horrelakorik espero; etsigarria iruditu zaiola adierazi du. Haren irudiko ere kontsumitzaileak izango dira kaltetu nagusiak, produktuak garestitu egingo direlako.

Auto aseguruen kasuan, batez ere emakumeek nabarituko dute garestitze hori. Izan ere, egun, baldintza eta ezaugarri berberak jasotzen dituen poliza baten truke, gizonek baino gutxiago pagatzen dute emakumeek; aldea %33ra iristen da kasu batzuetan, Consumer aldizkariak orain urtebete egindako azterketa baten arabera. Gaztetan prezioetan alde handiak egon ohi direla nabarmendu du Mutua Madrileña Fundazioak ere, ezbeharren bat izateko dituzten aukerak ere askoz ugariagoak direlako. 30 urtez azpikoetan, emakumeek baino %25 istripu gehiago izaten dituzte gizonek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.