Krisia eragin zuten finantza sektoreko goi kargudunak ardura politiko handieneko karguetara iristen ari direla ohartarazi du Elkartzen-ek. Kontrara, oraintsu arte arduradun politiko izan direnetako askok finantza sektorean topatu ei dute lana.
Elkartzen-en esanetan, Europako Batasuneko 27 herrialdeetatik erdietan, bankari edota diru funtsen zuzendari izandakoak jarri dituzte ekonomia eta finantza ministerioen buru eta banku zentralen gidari. Italian eta Grezian herritarrei galdetu ere egin gabe, gainera. «Europan gertatzen ari dena ez da finantza arloaren estatu kolpe bat besterik». Ondorioz, euroa ez ezik, demokraziaren beraren iraupena ere arriskuan dela uste du.
Adibideak ere eman ditu: Mario Monti Italiako gobernu teknikoko lehen ministroa eta Lucas Papademos Greziakoa Goldman Sachs bankuko goi kargudunak izanak dira; Mario Daghi Europako Banku Zentraleko presidentea, banku bereko zuzendariordea; eta Mark Carney G20koek munduko finantza sistema erreformatzeko ardura eman dioten batzordearen burua, Goldman Sachseko goi karguduna izandakoa.
Enpresaburuek «eta haien intereserako lanean ari diren politikariek» helburu bakar bat dutela adierazi du Elkartzen-ek: ahalik eta etekinik handienak lortzea, kosta ahala kosta eta inolako erreparorik gabe. Soldata jaitsierak eta langileen kaleratzeak politika horren ondorio direla esan du. Eta harago joaten ere badakitela. Afganistanera, Irakera, Libiara eta Iranera armak eskuetan sartzeko egiazko arrazoia lehengaietatik etekin handiagoa atera nahia zela ziurtatu du. Etxean bertan, berriz, orain arte publikoak izan diren zerbitzuak pribatizatzeari ekin dietela gaitzetsi du: osasuna, hezkuntza...
Hego Euskal Herriko bi administrazioek datorren urterako prestatu dituzten aurrekontuak ildo horretatik doazela uste du Elkartzen-ek, egoerak «gerrako aurrekontuak» egitea eskatzen duela argudiatuta gizarte gastuan sekulako murrizketak egingo dituztelako. Horrek behartsuenak are behartsuago egingo dituela adierazi du, eta hori onartezina dela. Horregatik, antolatzera eta borrokatzera dei egin die herritarrei. Aurrekontuak gizartearen errenta birbanatzeko tresna garrantsitzuena direla iritzita, «aurrekontu parte hartzaileak» aldarrikatu ditu Elkartzen-ek.
Elkartzen-ek salatu du krisiaren eragileei politikako goi karguak eman dizkietela
Europan finantza sektoreak estatu kolpea eman duela uste du, eta horren ondorio direla gizarte murrizketak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu