Elkargik ohartarazi du enpresen inbertsioak «hoztu» direla

Finantza sozietateak 420 milioi euroren bermeak eman zituen iaz, aurreko urtean baino %7,6 gutxiago. Azaldu dutenez, interes tasa handiek hainbat egitasmo gelditu dituzte.

ELKARGI
Lander Artetxe eta Zenon Vazquez Elkargiko buruak, ostiral honetan Astigarragan eginiko prentsaurrekoan. JOR URBE / FOKU
jokin sagarzazu
2024ko urtarrilaren 26a
17:10
Entzun

Deseroso daude Hego Euskal Herriko enpresak edo enpresa bat sortzeko asmotan dabiltzanak. Zuhurtzia handiz egiten dituzte inbertsio berriak, egiten dituztenek, edo animatzen dira enpresa berriak sortzera. «Gaur egungo interes tasekin ez dira batere eroso sentitzen, eta egitasmo asko stand by egoeran daude edo tiraderetan gordeak jarraitzen dute». Hala azaldu du Zenon Vazquezek, Elkargiko zuzendari nagusiak. Enpresentzako maileguak bermatzeko zeregina du Elkargik, eta haren jarduera termometro bat izaten da Hego Euskal Herriko enpresen egoera zein den neurtzeko —lau lurraldeetan ditu bulegoak, eta beste bat Madrilen—.

Elkargik 420 milioi euroren bermeak eman zituen iaz, aurreko urtean baino %7,6 gutxiago; eta 3.500 operazio egin zituen, %5,4 gutxiago. Hala jakinarazi dute erakundeko buruek urteko balantzea egiteko agerraldian. Jaitsiera horren arrazoiak azaltzeko orduan, bat aipatu du Vazquezek. 2022an euskal enpresa handi batzuek pandemiaren osteko egoerari aurre egiteko BEI Europako Inbertsio Bankuaren programatik finantzaketa eskuratu zuten —50 milioi euroko bermeak eman zituen Elkargik—, eta diru iturri hori ez da egon 2023an, Elkargik ez du operazio bakar egin horrekin lotuta.

420

Elkargik emandako bermeak, milioi eurotan.  Sektoreka, industriak 180 milioi jaso ditu; zerbitzuenak, 160 milioi, eta eraikuntzak, 35 milioi. Guztira, 1.690 milioi euroren mailegu bermeak ditu gaur egun. 

 

Lurraldeka. Gipuzkoako enpresek jaso dute babesik handiena: 140 milioi euroren bermeak. Bizkaikoek 110 milioi; Arabakoek, 65 milioi, eta Nafarroakoek, 60 milioi. Madrilen iaz ireki zuen bulegoa eta 40 milioi euroren bermeak eman ditu han.

 Bazkideak. 23.000 bazkide ditu Elkargik.

Dena den, asmo inbertsiogilea moteldu izanaren arrazoi nagusia beste bat da, Vazquezen aburuz: egoera geopolitikoa —Ukrainako eta Gazako gatazkak—, eta horrekin lotutako inflazio handiak —produkzio kostuen igoera— eta, bereziki, horri aurre egiteko EBZ Europako Banku Zentralak interes tasak handitu izana. Hitz bat nabarmendu du: «ezegonkortasuna».

Hala, Elkargiko zuzendari nagusiak aitortu du 2023. urtea «zaila» izan dela, eta «etenaldi bat» egon dela inbertsioetan, bereziki azken hiruhilekoan. Eta azaldu du urte hasiera ere «hotza» izaten ari dela, baina hilabeteak aurrera egin ahala «suspertzea» espero dutela. Frankfurtera begira daude denak, EBZren egoitzara. Baina Christine Lagarde presidenteak ostegun honetan berretsi du ez dutela presarik interes tasak jaisteko.

Dena den, argi izpi batzuk nabari dituzte Elkargiko buruek. Lander Artetxe presidentearen arabera, agertokia «egonkortzen» hasi da, eta tasek behera egingo duten joera erakusten dute, adibidez, hilabete baterako gordailuak sei hilabetera begirakoak baino gehiago ordaintzen ari direla. «Horrek arrazoi bat izan beharko luke gordeta dauden egitasmo batzuk loratzen has daitezen». Hala ere, ohartarazi du «normaltasunera» itzultzeko «denbora bat» beharko dela.

Diru iturri «alternatiboak»

Egoera haiek nahiko luketen bezalakoa izan ez arren, Elkargiko arduradunek azpimarratu dute Hego Euskal Herrian enpresa «sendoak» daudela, eta datu bat nabarmendu dute: euren zorrak ordaintzeko gai ez direnen kopurua %2ra ez da iristen. «Zorrari beldur dion lurralde bat da gurea. Baina, batzuetan, kultura horren eraginez, ez gara anbiziotsuak», deitoratu du Vazquezek.

«Fiskalitatea finantzaketa iturri gisa oso garrantzitsua iruditzen zaigu».

LANDER ARTETXE Elkargiko presidentea

Finantzaketa da Elkargiren lan eremua, eta zereginen artean ere badute enpresentzako diru iturri «alternatiboak» bilatzea, bankuekiko mendekotasuna gutxitzeko. «Gure enpresak lehiakorragoak izan daitezen lagunduko du dibertsifikazioak», adierazi du Vazquezek. «Adibidez, enpresek ezagutzen ez dituzten erreminta asko jarri dituzte diputazioek». Eta Artetxek horietako bat nabarmendu du. «Fiskalitatea finantzaketa iturri gisa oso garrantzitsua iruditzen zaigu». Ez alferrik aholkularitza zerbitzua da Elkargiren zerbitzuen artean azken urteetan gehien hazi denetariko bat, eta bide hori indartzeko asmoa agertu du datozen bost urteetarako plan estrategikoan. Martxoan egingo duten batzar nagusian aurkeztuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.