Elkargi finantza erakundeak inoizko daturik onenak lortu zituen joan den urtean: 455 milioi euroren bermeak eman zituen 3.700 operaziotan. Finantzaketa lerro nagusia inbertsiorako izan da, utzitako diruaren %53 izan baitzen iaz, eta berme teknikoak bolumen totalaren %27 izan ziren.
Zenbakiok Kursaalean egindako prentsaurrekoan eman zituzten Zenon Vazquez zuzendari nagusiak eta Josu Sanchez presidente ohiak, zeina orduan oraindik Elkargiko presidente zen. Geroago, enpresa topaketa zuten, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria bertan zela, eta Elkargiko presidente berria hautatu zuten: Lander Artetxe. Hala ere, Sanchezek iragarri zuen enpresa munduan jarraituko duela, Arabako Merkataritza Ganberan dagoela gogorarazita.
Aurtengoa «testuinguru ezegonkorreko» urtea dela adierazi zuen Sanchezek, eta urtearen lehen erdian aurreko urteko mailatik behera daudela gehitu zuen, nahiz eta aurreikusitakoa gainditzen ari diren. Hain zuzen ere, interes tasen igoeragatik eta ekonomiaren hazkundearen geldotzeagatik daude aurtengo aurreikuspenak aurreko urteko mailaren azpitik, baina urtearen bigarren zati «hobea» espero dute, Vazquezen hitzetan. Lehen sei hilabeteetan 200 milioi euro utzi dituzte, eta beste 50 milioi euro utzi dituzte finantza soluzio alternatiboetan.
«Europako Batasunean interes tasak igo direnez, aurten behera egin dute finantzaketa eskaerek. Hala ere, aurreikuspen hobeak ditugu urtearen bigarren parterako, eta ikusiko dugu ea iazko mailara iristen garen ala ez», adierazi zuen Vazquezek. Horrez gain, gogoratu zuen urtearen lehen zatian inbertsiorako finantzaketak gora egin duela, %6 handitu baita, eta gehitu zuen horrek adierazten duela lan ona egiten ari direla. «Bide onean gabiltza», esan zuen Sanchezek.
Indarrean dituzten operazio guztien bolumena 1.700 milioi euro baino handiagoa zen 2022aren amaieran: inoizko handiena. Horrek Elkargiren «sendotasuna» erakusten duela uste du Sanchezek, eta erakundearen kaudimen koefizientea %13 dela gogorarazi du.
'Hub' izateko bidean
Vazquezek eta Sanchezek behin baino gehiagotan aipatu zuten Elkargi ez dela finantzaketa erakunde soil bat, eta hub bat izateko helburua dutela. «Elkargi ez da soilik krisi garaiko tresna bat, eta finantzaketa produktu berriak garatzen eta zabaltzen ari gara», esan zuen Vazquezek. «Elkargiren helburua finantza hub bat bihurtzea da, konbentzituta baikaude enpresak lagundu ditzakegula finantza eta ekonomia kultura berri bat izateko», gehitu zuen Sanchezek.
Enpresetan finantza kudeaketagarrantzitsua dela nabarmendu zuen Sanchezek, eta horretarako funtsezkoa dela finantza aholkularitza. Hala, Vazquezek nabarmendu du Elkargiren aholkularitza sailak %60ko hazkundea izan duela: «Finantza aholkularitza, fiskalitate zerbitzua eta kudeaketa kontrola balio handiko zerbitzuak direla adierazi digute gure aldameneko enpresek».
Jaurlaritzaren laguntza
Eusko Jaurlaritzak bi hitzarmen egin berri ditu Elkargirekin, eta finantza erakundeak azken urteetan hartutako «arriskua» estaltzen lagunduko dio. Guztira 137 milioi euroren bermeak ematea aurreikusi du Jaurlaritzak.
Sektore publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlana beharrezkoa dela uste du Vazquezek, eta adierazi du Elkargi «tresna publiko-pribatu indartsu» bat dela. Gehitu du proiektu berriak finantzatzen lagunduko duela.
Urkulluk hitza hartu zuen enpresen topaketan: «Elkargiren ibilbideak adierazten du bide onean gaudela» esan zuen, eta gehitu zuen Jaurlaritzak hazkunde eta inbertsio proiektuak laguntzen jarraituko duela.
Elkargik espero du iaz bezala «markak» haustea aurten ere
455 milioi euroren bermeak eman zituzten 2022an. Lander Artetxe jurista izendatu dute finantza erakundearen presidente berri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu