Enpresak

Elkargik %23 handitu ditu emandako bermeak

Bermeen erdiak baino gehiago inbertsioak egiteko maileguetarako izan dira. 527 enpresak eskatu diote COVID-19ari lotutako maileguen ordainketa atzeratzeko.

Josu Sanchez Elkargiko presidentea, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Iker Aranburu.
2023ko urtarrilaren 12a
12:27
Entzun

Egoera ekonomiko nahasiak ez ditu geratu enpresen inbertsioak. Hori ulertarazten dute Elkargik gaur jakinarazitako datuek. Erakundeak 455 milioi euroren maileguak bermatu zituen iaz, aurreko urtean baino %23 gehiago. Diru horren erdia baino gehiago, %53, inbertsioak finantzatzeko baliatu zuten enpresek, eta gainontzekoa joan zen likidezia beharrak asebetetzera.

Elkargik Donostian du egoitza, eta haren zeregin nagusia da enpresei bermeak ematea, horiekin finantza erakundeen maileguak lor ditzaten. Enpresa txikiei eta ertainei laguntzen die batez ere, horiek zailagoa izan ohi baitute bankuek mailegurik ematea. Elkargiren bezero gehienak Euskal Herrikoak dira, baina inguruko lurraldeetan ere hasi da lanean.

Bermeak emateaz gain, Elkargik enpresen finantzaketaren beste arlo batzuetara hedatu nahi du. «Finantza hub bat izan nahi dugu, enpresek bertara jo dezaten beren finantza kezkei irtenbideak emateko» , adierazi du Zenon Vazquez Elkargiko zuzendari nagusiak. Horrela, autonomoen eta start-up-en finantzaketa prozesuetan ere sartu da. Iaz zazpi milioi euroren operazioak ahalbidetu zituen, bereziki Gipuzkoan, eta Eusko Jaurlaritzaren Aurrera programaren bidez.

Azken hiru urteetan beste zeregin batean aritu da Elkargi: hark kudeatu ditu COVID-19aren pandemiagatik Eusko Jaurlaritzak enpresei emandako 900 milioi euro baino gehiagoren bermeak. Kezka bazegoen berme horiei buruz, laguntza jaso zuten enpresak gai izango ote ziren mailegu horiek itzultzeko; oraingoz, baina, ongi eusten ari direla azaldu du Elkargik. Enpresa gehienak dirua itzultzen ari dira, baina 527k eskainitako luzapena eskatu zuten iaz 52 milioiren kredituak itzultzen hasteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.