Elkargi: «Ezin dugu pentsatu finantza klusterrak dena konponduko duenik»

Zenon Vazquez finantza erakundeko zuzendariak atsekabez onartu du euskal enpresa batzuek «Madrilera» joan behar dutela finantza aholku eta konponbideen bila.

Zenon Vazquez.
Jose Ignacio Zudaire Bilboko Merkataritza Ganberako presidentea eta Zenon Vazquez Elkargiko zuzendari orokorra. M. R. / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2024ko urtarrilaren 19a
13:45
Entzun

«Bilbok garai batean zuen finantza-indargune izaera berreskuratu behar dugu, jakinduriaz. Ezin dugu onartu gure ikasleek kanpora joan behar izatea». Kritika Zenon Vazquezena da, Elkargi finantza erakundeko zuzendari orokorrarena. Bilboko Merkataritza Ganberan emaniko hitzaldian euskal finantza ekosistemaren garapen premiaz mintzatu da besteak beste, eta finantza produktu jakin batzuen inguruko ezagutza falta kritikatu du: «Ez dugu jakin finantzaketa konponbideak ematen bideragarriak ziren egitasmo batzuei, eta kanpora joan dira».

«Ezin dugu onartu euskal enpresa batzuek Madrilera joan behar izatea aholku bila. Zor agiriak eta antzeko kontuak han kudeatzen dituzten enpresak ezagutzen ditugu».

 ZENON VAZQUEZElkargiko zuzendari orokorra

Elkargik iaz 455 milioi euroren bermeak eman zituen 3.700 operaziotan. Beraz, Vazquezena kontuan hartu beharreko ahotsa da finantzaketaz hitz egitean. «Ezin dugu onartu euskal enpresek Madrilera joan behar izatea aholku bila. Zor agiriak eta antzeko kontuak Madrilen egituratzen dituzten enpresak ezagutzen ditugu. Azpiegitura hori hemen sortu behar dugu». Era berean, diru hutsetik harago doala zehaztu du: «Ez da bakarrik baliabide ekonomiko kontua. Dirua Londresko funts batetik etor daiteke edo beste nonbaitetik, baina izan dezagun ezagutza hori».

Azpiegitura, testuinguru, ekosistema... eta antzeko hitzak erabili ditu. Ondo bidean, hori lortzeko saiakera da Jaurlaritza bultzatzen ari den euskal finantza klusterra. Vazquezek aurreratu du Elkargik lideratuko duela eta gogor ari direla lanean otsailerako prest egoteko. Dena den, mezu deigarria bidali du haren inguruan: «Ezin dugu pentsatu klusterrak dena konponduko duela. Zenbait alternatibarekin egin behar dugu lan, Elkargin ari garen bezala».

Bankuetatik harago

Vazquezen ustez, euskal enpresak «oso industrialak dira», eta bertute gisa esan du hori, baina ezagutza finantzarioa falta zaiela iritzi dio, eta arlo hori indartu beharko luketela. Izan ere, gehienek dirua behar dutenean bakarrik jotzen dute bankuetara: «Finantzaketa dibertsifikatua behar dugu. Bankuak oinarrizkoak dira, baina ezin dira bankuen inbertsioan bakarrik gelditu. Alternatibak behar dira». Eta zeintzuk dira aukera horiek? Funtsak, burtsa...

Finantza sistema, izan ere, asko aldatu da, «enpresen kudeaketa, berriz, ez hainbeste», zehaztu du. Eta hor ikusten du ezagutza premia. «Enpresa askotan, finantzarioa beste lan bat duen ingeniari bat da. Jardun hori espezializatu behar da, eta hor egon nahi dugu Elkargin». Aurreratu du «Elkargi berri bat» sortzen ari direla, enpresei aholkua emango diena eta finantza profesional berezitu horiek trebatuko dituena.

Bankuei esan die enpresei maileguak emateko garaian iragarpen programa informatikoetatik harago joan daitezela, eta «pertsonei» errepara diezaietela.

Beste hainbat gai ukitu ditu hitzaldian, eta gogoratu du Elkargi ez dela irabazi asmorik gabeko erakunde bat, baina ez duela inoiz dibidendurik banatu, eta «bankuek ezetz esan dioten» enpresei bermea eman izan dietela. Alde horretatik, kritika egin die bankuei: «Enpresaren ezagutza aldarrikatzen dugu. Bankuek rating programa informatikoetan eta adimen artifizialean oinarrituta ematen dituzte maileguak, eta harago begiratu behar da: egitasmoen atzean dauden pertsonei erreparatu behar zaie».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.