Apirila hilabete galdua izan da desinflazio prozesu luze eta geldoan. Kontsumo Prezioen Indizea %2,6ra iritsi zen Hego Euskal Herrian, martxoko maila berera. Inflazioa jaisteko ahalegina egin du energiak, merkatu egin baita erregaia, eta gutxiago garestitu argindarra eta gasa, baina ez da nahikoa izan elikagaien prezioen igoera konpentsatzeko. Batez ere arrautzak, kafea, txokolatea eta haragia garestitu dira azken urtean.
2022ko udan jo zuen goia inflazioak Hegoaldean —%10etik gorako igoerak izan ziren—, eta ia hiru urte igaro ondoren, oraindik ez da iritsi EBZ Europako Banku Zentralak egokitzat jotzen duen mailara, %2ra. Ez dago hain urrun, baina Christine Lagarde EBZko buruak iragarritakoa gertatzen ari da, hau da, azken urratsak dira zailenak.
Elikagaiek dute inflazioa motel jaistearen ardura nagusia. Azken urtean %3,1 garestitu dira, martxoan adina. Aurreko urteetan ez bezala, errua ezin zaio olioaren garestitzeari leporatu. 2023an eta 2024an oliba olioaren prezioa ia-ia hiru aldiz handitu zen, uzta txarren ondorioz, baina azken uzta hobea izan da, eta dendetako apaletan antzematen da; izan ere, duela urtebete hamar eurotik gora zegoen botila, eta orain sei-zazpi euroan eros daiteke. Ondorioz, olioen eta koipeen inflazioa negatiboa da gaur egun, eta ez da batere txikia (-%35,9).
Azukrearen prezioak ere gorakada handia izan zuen iaz, baina aurten hura ere merkatzen ari da (-%21,6). Baina hor bukatzen dira berri onak kontsumitzailearentzat, INE Espainiako estatistika institutuak kalkuluak egiteko erabiltzen dituen beste produktu guztiak duela urtebete baino garestiago daude eta.
%2,8Azpiko inflazioa zenbatekoa den. Elikagaiak dira inflazioa ez jaistearen arrazoietako bat, baina ez bakarra. Janarien eta energiaren eragina kontuan hartzen ez duen indizea, azpiko inflazioarena, igo egin da; martxoan %2,3 zen, eta apirilean %2,8. Horrek esan nahi du oraindik asko ari direla igotzen produktu eta zerbitzu askoren prezioak.
Horietako bat nabarmentzen da: arrautzak, %19,7 igo baita haien prezioa azken urtean. Uzta txarrek gutxitu egin dute kafearen eta kakaoaren prezioa ere, eta %15,9 garestitu dira azken hamabi hilabeteetan.
Haragian, berriz, alde handiak daude: igoera apala izan dute oilaskoak eta beste hegaztien okelak (+%1,1), baita txerrikiak ere (+%1,3); aitzitik, asko igo dira behikiak (+%15,1) eta ardikiak (+8,1).
Barazkijaleentzat eta beganoentzat ere ez dira berri onak izan: %9,4 garestitu dira fruta freskoak, %8,2 lekaleak eta barazki freskoak, eta %6,2 fruitu lehorrak.
Energiaren arindua
Inflazio aldiaren eragilea energiaren garestitzea izan zen, batik bat Ukrainako gerrari lotuta. Borrokek ez dute etenik Europa ekialdean, baina energiaren prezioa bere onera itzuli da. Brent upelaren prezioan ikusten da bilakaera: inbasioa hasi zenean, upela 120 dolarrera iritsi zen, eta iazko udaberri hasiera arte 80-100 dolarrean salerosi zen. Azken urtean, ordea, ia inoiz ez da iritsi 80 dolarrera, eta 66 dolarrean salerosten ari dira gaur.
Gasolindegietan ere antzematen da petrolio gordinaren merkatzea. Iazko maiatzean 1,5 euro balio zituen gasolio litroak Hego Euskal Herrian, eta batez beste 1,384 euroan zegoen atzo; gasolinaren prezioa ere apaldu egin da: lehen 1,671 euro balio zuen, eta orain, berriz, 1,475 euro. KPIn ikusten denez, erregaiak duela urtebete baino %9,1 merkeagoak izan ziren apirilean.
Argindarra eta gasa, berriz, pixka bat garestiago daude, baina asko jaitsi da haien prezioen igoeraren erritmoa: %18,6 garestiagoak zauden otsailean, baina %5,4 garestiago apirilean.