Elikagaien BEZ murriztuari eusteko asmoa agertu du Sanchezek

Espainiako Gobernuak dekretu bat aurkeztuko du aurki, eta Kongresuaren esku utziko du azken erabakia. Iragarria zuen neurria bertan behera utziko zuela ekainaren 30ean.

Donostiako fruta denda bat. GORKA RUBIO / FOKU
Donostiako fruta denda bat. GORKA RUBIO / FOKU
jokin sagarzazu
2024ko ekainaren 12a
13:00
Entzun

Espainiako Gobernuak eutsi egin nahi dio oinarrizko elikagaien BEZaren jaitsierari ekainaren 30etik aurrera, eta aurki dekretu bat aurkeztuko du horretarako. Hala iragarri du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak gaur, TVEn egindako elkarrizketa batean. Hala ere, azpimarratu du gobernua babesten duten alderdien esku geratuko dela neurria onartu ala ez. «Diputatuen Kongresuan planteatu beharko dugu. Gutxiengo parlamentarioa du gobernu honek».

Gobernuaren asmoa zen uda honetan BEZaren murrizketa amaitzea. Hala jaso zuen Bruselara bidali zuen 2024. eta 2025. urteetarako aurreikuspen ekonomikoen azken txostenean, apirilean. «Elikagaien prezioen bilakaera handia da oraindik ere, eta, beraz, ahalegin hori egin behar dugu, diru kutxa publikoentzat ahalegin handia baita», azaldu du Sanchezek.

Fruta eta barazkien garestitzea

INE Espainiako Estatistika Institutuaren azken datuen arabera, elikagaien prezioek gora jarraitu zuten apirilean. Hego Euskal Herrian eten egin da beheranzko joera: martxoko %4,6tik %5,3ra. Azkenaldian gehien garestitu diren produktuak frutak, lekaleak eta barazkiak dira. Inflazio orokorrari, berriz, kosta egiten ari zaio behera egitea, energiak eta bereziki argindarra merkatu arren.

2023ko urtarrilean, Espainiako Gobernuak kendu egin zuen oinarrizko elikagaien gaineko BEZa, hala nola ogiarena, esnearena, frutarena, barazkiena eta zerealena, kontsumitzaileak inflazio handitik babesteko. Elikagai horien BEZa %4koa zen, eta %0ra jaitsi zuen. Bestalde, olioen eta pasten BEZa %10ean zegoen, eta %5era murriztu zuen.

Sanchezek ez du ezer aipatu etxeko energia kontsumorako bonu sozialari buruz. Ekainaren 30ean amaitzekoa da hura ere: %65etik %25era itzuliko litzateke kontsumitzaile zaurgarrientzako bonua, eta %80tik %40ra oso zaurgarriena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.