Elikaduraren Klusterrak berrikuntzaren bidez jarraitu nahi du hazten

Klusterreko 92 enpresek 9.000 milioi euro fakturatu dituzte 2017. urtean. 25.000 enplegu ematen ditu janariaren kate oso horrek

Elikaduraren Klusterraren eguneko azoka, Getariako Balentziaga museoan. GORKA RUBIO / FOKU.
xabier martin
2018ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Ba al da dago 4.0 industria eta jogurt bat uztartzerik? Baiezkoa da erantzuna, zalantzarik gabe, gertatzen ari baita jadanik. Euskadiko Elikaduraren Klusterrak berrikuntzaren bidean aurrera egin nahi du, sektore gisa hazten jarraitzeko. «Jarraitzeko» diote janariaren kate osoan jarduten duten enpresa multzo horretako arduradunek, azken lau urteotan hazkunde izugarria izan dutelako, elkarlanaren hauspoaz. Dagoeneko 92 bazkide biltzen ditu klusterrak, eta horien artean 9.000 milioi euroren salmentak egin dituzte aurreko urtean, 845 milioi atzerrian. 25.000 enplegu ematen dituzte, gainera, jatorrizko produktuan, haren transformazioan, banaketan eta haiei lotutako zerbitzuetan aritzen diren enpresak. «Sektore garrantzitsua gara euskal ekonomiarentzat, eta, tradizioz, beste batzuek izan duten lekuaren parekoa eskatzen dugu».

Eta berrikuntza hautatu dute tresna gisa, are kopuru hobeak lortzeko aurten. Ikerketa eta garapena janariari atxikia eta, batez ere, osasunean eragiteko helburuz; beren lehiakortasuna eremu horretan kokatu du klusterrak, «ez prezioan». Salneurrian ezin direla lehiatu diote, baina bai beste aldagai batzuetan: zerbitzua, kalitatea, gertutasuna, janari osasungarriagoak ekoizteko gaitasuna... «Eroslea prest dago ahalegin hori ordaintzeko. Gero eta gehiago eskatzen du produktu ona, kalitatezkoa, berezia».

Beldurrik ez teknologiari

Espezializazioan urrats gehiago egin nahi dute, eta, horretarako,Eusko Jaurlaritzak martxan dituen tresnak baliatzeko asmoa dute: Neiker, Azti eta Basque Culinary Innovation Center, batik bat. «Ez izan beldurrik teknologia berriak erabiltzeko», esan zien Arantxa Tapiak, atzo. Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuak zabaldu zuen klusterraren Batzar Nagusiaren osteko Kluster Eguna, Getarian (Gipuzkoa). «Sektore bakoitzak bere egokitzapena bilatu behar du 4.0 industriaren teknologietara. Azken finean, sarea baliatzea da, datu bilketa sentsoreen bidez egiteko; gero, informazio hori guztia baliatzeko bideak topatzea da kontua».

Cristobal Balentziaga museoak hartutako Kluster Egunaren azokan ere, berrikuntzaren txokoa jarri zuten, puntako teknologiarekin ekoitzitako produktuak erakusteko. Klusterreko bozeramaileek azpimarratu zuten EAEko BPG barne produktu gordinaren %10,6 ordezkatzen duela sektore osoak. Janariaren inguruko jardueretan aritzen direnak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 96.000 langile dira, 1.500 enpresatan. Horietako 750 langile bakarrekoak dira. Beste batzuk, berriz, Eroskiren antzeko enpresa handiak. Klusterrak bezeroek nahi dituzten produktu eta zerbitzu berriak identifikatzeko xedea dauka, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.