Espainiako Gobernua konpainia elektrikoei egindako pultsuari eusteko gai ote den islatuko du gaur gobernuak Kongresuan bozkatzeko aurkeztuko duen dekretuak. Irailaren 15ean jarri zuen indarrean Madrilek neurri izar gisa argindar konpainiei irabazien zati bat kentzea jaso duen erreforma, baina gaur berretsi edo atzera bota beharko du Kongresuak; ezezkoak lege proiektu gisa tramitatu beharra eragingo luke.
Iberdrola eta beste lau konpainia handiak sumindu egin ditu zentral nuklear, hidrauliko eta eolikoengatik jasotzen duten gainsaria itzuli beharrak, zerutik eroritako irabaziak deitzen zaien horiek, eta erreakzio bortitza izan dute 2.600 milioi euroren murrizketa izango zena zekarkielako; orain askoz handiagoa izan daiteke kopuru hori, argindarraren prezioen gorakada itzela dela eta. Horregatik, Pedro Sanchez estu hartzeko mugimenduak errenkadan iritsi dira azken hilabetean, eta gaur ikusiko da PSOEk argindarra merkatzeko neurri guztiei eutsiko ote dien.
Ikusi gehiago: Espainiako Gobernuaren dekretua
Azken ordura arte gutxieneko adostasun bat bilatu baitu gobernuak argindarraren oligopolioarekin. Sektoreko aktore nagusi Iberdrola izan zuen atzo iluntzean negoziakide. Ignacio Sanchez Galan Bizkaiko konpainiako presidentearekin batzartu zen Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako ministroa. Sanchez Galani mehatxuen estrategia bukarazteko arrazoi sendoak eman ote dizkion jakiteko dekretuari begiratu beharko zaio gaur.
Izan ere, Sanchezen gobernua estu hartzeko, industria erabili du Iberdrolak, kalibre handiko munizio gisa. Konpainiak ez die eutsiko bezero handiekin dituen luzerako kontratuei, industriari alegia, eta horrek bete-betean harrapatu du euskal altzairugintza. Sidenor hogei egunez geldituko dela jakin eta gero, Eusko Jaurlaritzan alarmak piztu dira, eta EAJko kongresukide Aitor Estebanek abisu argia eman zion atzo Pedro Sanchezi, dekretua doitu dezan: «Ekonomia dago jokoan, eta zure gobernua ere bai». Zergak Bizkaian pagatzen dituen konpainiarekin eta sektoreko beste lauekin kritiko azaldu zen Esteban: «Ez da onargarria elektrikoek enpresak erabiltzea beren interesen alde»; baina dekretuak ekarriko dien irabazien murrizketa doitzea eskatu zuen, «soluzio sakonagoak behar direlako».
Ezkerreko botoak
Estebanek ez zuen aurreratu EAJren botoa zein izango den, baina gobernuak murrizketa osoari eutsiz gero —zentral hidroelektrikoek eta nuklearrek megawatt-orduko hogei eurotik gora jasotzen duten diru guztia itzultzea—, ez dirudi aldeko botoa emango duenik. Hala ere, espero da Espainiako Kongresuak argindarraren faktura merkatzeko helburu duen erreforma berretsiko duela, ezkerreko taldeen botoekin. Ez alferrik haserrea piztu du alderdien artean konpainia elektrikoen jarrerak azken hilabetean.
Lehenik eta behin, zentral nuklearrak dagokien baino lehenago itzaltzeko mehatxua egin zuten. Gero, iragarri zuten energia berriztagarrietan egin beharreko inbertsioak eten egingo zituztela. Baina bezero handiekin zituzten luzerako kontratuak bertan behera uzteak eragin du presiorik handiena Madrilgo gobernuan, industriaren martxari eta susperraldi ekonomikoari berari eragiten dielako. Iberdrolako presidenteak «izugarrizko interbentzionismoa» ikusi du dekretuan, ordea, eta jokoa ez da amaituko erreforma bere horretan berresten badute.
Ikusi gehiago: Eusko Jaurlaritzaren eskaerak
Baina, gaur, PSOEn dago arreta. Harrapaturik dagoelako konpainia elektrikoen aurrean hein batean amore ematea eskatzen ari zaienen eta dekretuaren koma bat ere ez mugitzeko exijitu diotenen artean. Gobernuko bazkide Podemos oso argia izan da: «Ez dugu milimetro bat ere mugitu behar, interes orokorraren alde ari garelako». Sanchezi ohartarazi dio elektrikoen gainsarien murrizketan aldaketak eginez gero ez duela aldeko botorik emango.
Euskal patronala, aurka
Iberdrolarekin beste era batera jokatu behar dela uste dutenen artean, EAEko patronala dago. Confebaskek, SEAk, Cebekek eta Adegik gutun bat igorri diote Teresa Ribera ministroari, esateko dekretua onartzeak «oso ondorio negatiboak» izango dituela euskal industrian. «Gure argindar kostuak okertuko ditu, eta energia kostuak oinarrizkoak dira lehiakor eta bideragarri izateko».