Elektrikoak, baina merke

Ipar Euskal Herrian auto elektrikoak merke alokatzeko programa bat dago indarrean urte hasieraz geroztik. Joxerra Aizpurua hendaiarrak aukera aprobetxatu zuen, eta «zoragarria» dela adierazi du.

Auto elektrikoaren kargaleku bat, Hiriburun. GUILLAUME FAUVEAU
Auto elektrikoaren kargaleku bat, Hiriburun. GUILLAUME FAUVEAU
asier gonzalez de san pedro
2024ko ekainaren 16a
05:05
Entzun

Erosteko garesti, baina alokatzeko merke. Horrelakoak dira auto elektrikoak Ipar Euskal Herriko herritarrentzat, bai bederen leasing soziala izeneko programan parte hartzen dutenentzat. Frantziako Gobernuak urte hasieran indarrean jarritako ekinaldi bat da, auto elektrikoak herritarrentzat eskuragarri jartzeko, eta arrakasta izan du.

Programan izena eman zutenetako bat da Joxerra Aizpurua hendaiarra. Lehenagotik ere leasing bidez zuten autoa, eta kontratu hori bukatzen ari zitzaiola izan zuten familian alokairu sozialaren berri. Baldintzak betetzen zituzten: errenta maila baten azpitik egotea —15.400 euro norbanakoen kasuan eta 38.500 bikote batentzat—, lantokitik hamabost kilometro baino gehiagora bizitzea, lanera autoz joan behar izatea, eta urtean 8.000 kilometro baino gehiago egitea lanera joateko.

Pausoa eman zuten, eta auto elektriko bat gidatzen ari dira urte hasieratik. «Zoragarri» doakie, sistema «perfektua» baita haientzat. Auto berria erabiltzen ari dira, primeran dabil, eta dirua aurrezten ari dira. Kontratazio prozesua ere erraza izan zen. Erabiltzaileek hiru urteko alokairua sinatu dute, gero autoa merkeago erosteko aukerarekin.

180 euro hilean

Aizpuruak 180 euro ordaintzen ditu hilero, 150 euro autoarengatik eta beste 30 euro mantentzearengatik. Baina badira gutxiago ordaintzen dutenak, autoaren neurriaren araberakoak baitira prezioak; merkeenak Renault Twingo eta Fiat 500 dira, 40 eta 50 euroan. Aizpuruak, ordea, eskaintzen zuten autorik indartsuena hartu zuen, Renault Megane bat.

Kalean kargaleku gutxi egotea da auto elektrikoen eragozpen bat, baina hori konpontzeko modua ere aurkitu zuten. «Bi mila euro inguru kostatu zaigu kargalekua etxean jartzea, baina Frantziako Gobernuak mila euroko laguntza eman digu».

«Bi mila euro inguru kostatu zaigu kargalekua etxean jartzea, baina Frantziako Gobernuak mila euroko laguntza eman digu».JOXERRA AIZPURUAAlokairu sozialeko erabiltzailea

Auto elektrikoaren autonomia muga bat dela onartu du Aizpuruak. Ez dute autoarekin bidaia luzeak egitea planteatzen, «baina Iruñera, Donostiara edo Gasteizera joateko ez dugu arazorik». Egunero erabiltzeko, bateriaren iraupenarekin kezkatuta zeuden, baina «ondo» irauten duela esan du. Kaleko kargalekuak kolapsatzen direla entzun izan dutenez, autoa argindarrez kargatuta dagoela atera ohi dira errepidera: «Nahiko segurolak gara».

Auto elektrikoak gasolinaz edo dieselez dabiltzanak baino «dezente» garestiagoak direnez, uste du Europa osoan Frantziak egin duena egin beharko luketeela auto elektrikoen salmentak sustatzeko, «betiere saltzaileek ez badituzte prezioak jaisten».

Uste baino erantzun handiagoa izan du Frantziako Gobernuaren programak. Abiatu eta hilabete batera eten behar izan zuen, tarte horretan 50.000 eskaera jaso zituztelako, urte osorako espero zutena halako bi. Hori ikusita, Parisek iragarri du hurrengo bi urteetan berriro egingo duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.