Elektrifikazioak VWeko langileen lan osasunari kalte egingo diola ohartarazi dute ELAk, LABek eta CGTk

Sindikatuek lanuztera deitu dute, Lan Osasuneko Nazioarteko eguna dela baliaturik. VWek auto elektrikoak ekoizteko kako batzuk ezarri ditu, eta salatu dute horiek nabarmen okertzen dituztela langileen lan baldintzak.

Oskar Añorbe (CGT), Igor Peñalver (ELA) eta Oskar Barinaga (LAB) fabrika aurrean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Oskar Añorbe (CGT), Igor Peñalver (ELA) eta Oskar Barinaga (LAB) fabrika aurrean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
2025eko apirilaren 24a
14:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Apurka, Nafarroako Volkswagenen auto elektrikoak ekoizteko prestatzen ari dira. Egokitzapen prozesu horrek aldaketa ugari dakartza, eta laneko baldintzak okertzen ari direla salatu dute ELAk, LABek eta CGTk. Autoen karrozeriak muntatze katean barna garraiatzeko olagarro itxurako kako batzuk ezartzen ari dira, aurrerago ibilgailu elektrikoak egiteko. Sindikatuek ohartarazi dute kako horiek nabarmen egiten diotela kalte langileen ergonomiari eta osasun baldintzak okertu egingo direla epe luzera. «Ez da egia, ez da erabil daitekeen sistema bakarra, baina bai merkeena», salatu dute sindikatuek. «Nafarroako fabrikaren errealitatea ez da hura deskribatzen dutenek dioten bezain idilikoa», gaineratu dute. Horregatik grebara deitu dute astelehenerako, Lan Osasunaren Nazioarteko Egunerako.

Egoera horren berri eman dute gaur goizean ELAko Igor Peñalverrek, LABeko Oskar Barinagak eta CGTko Oskar Añorbek, Landabengo lantokiaren aurrean. VWeko zuzendaritzak, UGTk eta CCOOk ados jartzea lortu dute berriki kakoaren ezarpenaren inguruan. Grebaren deitzaileek salatu dute mehatxupean egin zela akordio hori: «Mehatxu egin zuten sistema berria ezartzen ez bazen ibilgailu elektrikorik ez zela fabrikatuko eta lantegiaren etorkizuna zalantzan jarriko zela». Hiru sindikatuek nahi dute langileek aurka daudela adieraztea eta lanuztearen bidez zuzendaritza estu hartzea beste sistema bat ezar dezan.

Udan, denak jarrita

Oraingoz kakoen %10 jarri dituzte, eta nahi dute abuzturako denak ezartzea. Hortaz, uda amaituta, fabrika guztiak lan egingo du sistema horrekin. Enpresaren asmoa da plataforma horiek aukera ematea hala etorkizunean auto elektrikoak egiteko nola oraingoak, konbustio motorra dutenak, fabrikatzeko. Arazoetako bat hor datza. Plataforma berria bestea baino «zabalagoa» da, eta, beraz, Tcross eta Taigo modeloen karrozeriak gainean jartzean, 12 zentimetro ateratzen da. Ondorioz, autotik aldenduta lan egin behar dutenez, langileek gorputza tolestu eta behartzen dute.«Barnealdean lan egitean, langileen ergonomia nabarmen okertzen da», azaldu du Peñalverrek.

Enpresak berak «argi eta garbi» onartu die sistema berriak ondorio kaltegarriak izango dituela osasunean. Kakoak ezarri ahala, jada horiekin lanean hasi dira langile batzuk, eta haien esperientziaren inguruko datuak bildu dituzte LABek, ELAk eta CGTk. Lekukotzak jasota, euren kezkak helarazi dizkiote Noploi Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuari, zalantzak argitu ditzan. Institutuak berak aipatu du kako horien arriskua hobeto eta sakonago aztertu behar dela. Zehazki, bizkarrezurrean, orno zerbikaletan eta beso eta zangoetan zer ondorio izan ditzakeen ikertu nahi dute.

Eskaera Gizarte Segurantzari

Atzo bertan, Noploiko arduradunekin elkartu ziren. Bilera horretan, enpresetako patologiak ikuskatzen dituen unitateak sindikatuei jakinarazi zien Gizarte Segurantzak ez diela enpresetako langileen gaixo agiri komunen daturik pasatu 2020tik. Egunero, Landabenen, batez beste laurehun bat langilek izaten dute gaixo agiria hartuta, eta, teknikarien ustez, datozen hilabeteetan funtsezkoa da ikustea zer bilakaera duen gaixo agirien kopuruak eta osasun arazoek zer jatorri duten. Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariari galdegin diote helaraz diezaiola eskaera hori Elma Saiz Espainiako Gizarte Segurantzako ministroari, jarraipen lanerako lagungarri izango delakoan.

Kako berriak auto elektrikoetarako daude diseinatuta, baina VWek espero du datorren urtean hasiko direla ibilgailu elektrikoak egiten: 2026ko ekainean Skoda Epiq modeloa, eta 2026ko azaroan, VW ID2x modeloa. Bitartean, multinazionalaren hasierako asmoa zen auto elektrikoak ekoitzi ahala konbustioko motorra duten modelo gutxiago egitea eta 2028an Taigo eta TCross ibilgailuak egiteari uztea. Alta, estrategia aldatu du berriki, eta konbustioko motorra duten bi ibilgailu modelo hibrido bihurtu, luzaroago iraun dezaten. Gutxienez, 2031ra arte.

«Eskandalagarria da. Mozkinak handituko dituzte, eta langileen osasuna are gehiago okertuko da»

IGOR PEÑALVERELAko ordezkaria

Volkswagen taldeak auto elektrikoen aldeko apustu argia egin badu ere, aldaketa berandu egin du Europako beste lehiakideen aldean. Horri gehitu behar zaio autogileek ez dutela argi merkatuak behar bezala erantzungo ote dien ibilgailu elektrikoei. Trantsizio epe horri nola erantzun aztertzen ari dira ekoizleak, eta estrategia aldaketak ezbai horri erantzun nahi dio.

Volkswagenek ez du ofizialki jakinarazi oraindik, baina vox populi da fabrika barruan. Taldearen asmoa da 48 watteko bateria bat gehitzea egungo bi modelo horiei. Horrek fabrikan produkzioa izatea ziurtatuko badu ere, aldaketa hori «langileen lan osasunaren lepotik» egingo dutela ohartarazi dute sindikatuek. Izan ere, langileek kako horien gainean lan egin beharko dute bospasei urtez  TCross eta Taigo modeloen barnealdeak egokitzeko.

Eta alternatibarik ba al da? Peñalverrek, Barinagak eta Añorbek uste dute baietz. «Kakoaren geometria aldatu daiteke, edo egin daiteke lan osasunari kalte egingo ez dion beste bat. Autoen produkzio sekuentzia moldatu daiteke, eta ibilgailu elektrikoak kako berriekin egin eta konbustiokoak, aldiz, sistema zaharrarekin». Sindikatu horien ustez arazoa da alternatibak garestiagoak direla, eta merkatze horri esker VWek kostuak murriztuko dituela eta inbertsioen amortizazioa azkartu. «Eskandalagarria da. Mozkinak handituko dituzte, eta langileen osasuna are gehiago okertuko da».

Horregatik, UGT eta CCOO sindikatuei leporatu diete multinazionalari men egitea. «Akordio zitala sinatu dute, betiere multinazionalaren nahiei erantzuteko prest, langileen interesen aurka eta interes pertsonalen mesedetan». Añorbek langileei eskatu die astelehenean Volkswagen estu hartzeko. «Multinazionalari esan behar diogu ezin dugula horrela lan egin».

77,6

Irabaziak. Iaz Nafarroako Volkswagenek 77,6 milioi euro irabazi zituen, aurreko urtean baino %9 gutxiago. Dena den, bere historiako emaitzarik hoberenetan laugarrena izan zuen. Orotara 236 milioi euro inbertitu zituen iaz elektrifikaziorako egokitzapen lanetan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.