Erronka handia du aurretik Basquevoltek: energiaren mundua irauliko duten egoera solidoko bateriak ekoiztea, teknologia propioa erabiliz. «Europako azken hamarkadetako industria proiekturik handienetako bat dugu esku artean», aitortu du Francisco Carranzak, Basquevolteko kontseilari ordezkariak (Sevilla, Espainia, 1976). Urtebete ere ez da proiektua martxan jarri zutela, baina erlojuaren kontra ari dira lanean Arabako Parke Teknologikoan.
Bateria prototipo bat aurkeztuko duzue hilabete gutxi barru. Zertan da ekoizpena?
Gure helburua zen martxorako ampere-ordu bateko bateria prototipo bat izatea, eta hori lortua dugu. Orain, urtea amaitu bitarte, handixeagoa egitea da erronka, entsegu gehiago egin ahal izateko: hogei ampere-ordukoa litzateke, eskala errealeko prototipoa izango litzatekeena. Oraingoz, dena aurreikusi bezala egiten ari gara.
2025ean ekoizpen lerro bat martxan jartzea etorriko litzateke gero. Horretan ere ari zarete?
Hiru etapa handi ditugu: orain I+G zentroa eraikitzen ari gara, eta bi hilabete barru inauguratuko dugu. Gero etorriko da ekoizpen lerro pilotuarena. Aurten hasiko gara horretan, eta datorren urtearen lehen erdialdean ekingo diegu egoitzaren lanei. Tarteko zerbait izango da, 2027an ekoizpenari ekin aurretik.
Zeintzuk dira Basquevolten erronka nagusiak gaur egun?
Bi erronka ditugu, batez ere. Lehenengoa talentua erakartzea da. Oso azkar egin behar dugu dena; beraz, baterien fabrikazioan edo material berrietan esperientzia duten langileak behar ditugu. Langile horiek ez daude Euskadin, ez Espainian, eta, kasu askotan, Europan ere ez. Haien bila Asiara eta AEBetara joan behar dugu. Baina ez da erraza; proiektua erakargarri egin behar dugu langile horiek dena utzi eta hona erakartzeko. Orain 40 langile gara, eta 30 bat gehiago ari diraCIC Energigunen. Urte amaierarako 60 langile inguru izatea espero dugu, eta 2024 amaierarako 150-200 inguru.
Eta zein da bigarren erronka?
Balio katearena. Erabiltzen ditugun material asko ez dira kopuru handian ekoizten. Horregatik, hornitzaileen bila joan behar dugu, eta ekoizpen ahalmena handitzen lagundu behar diegu. Eta hori ez da erraza, ez baitago gure esku. Esaterako, litio metalikoaren anodoa, guretzat osagai garrantzitsua dena, gaur egun mundu osoan ez du inork ekoizten kopuru handian. Lau edo bost hornitzaile egongo dira, Txinan eta AEBetan. Proiektu erakargarria izan behar du, ez guretzat bakarrik, baita sektoreko ekosistema industrial osoarentzat ere.
Oinarrizko materialak ikaragarri garestitu dira azken urteetan. Oztopo da hori ere?
Tira, merkatu egin dira ostera. Baina, egia da, sektorearen eskaera oso handia denean eta meatzeak hura asetzeko modurik ez dutenean, prezioak igo egiten direla. Eta horixe gertatu zen 2022an: Txinak eta AEBek izugarri handitu zuten eskaera. Orain, ordea, dezente merkatu dira, Txinak ibilgailu elektrikoak erosteko laguntzak apaldu dituelako, besteak beste. Argi geratu da urte batetik bestera asko alda daitekeela egoera.
Baina hamarkada honen amaierarako teknologia behar bezala ez garatzeko arriskurik bada?
Ez, ez. Bueno, arriskua beti dago, baina oso talde serioa dugu. Gainera, akziodunen eta Eusko Jaurlaritzaren aldetik laguntza ikaragarria dugu: eskuz esku goazela sentitzen dugu.
Egitasmoan parte hartuko dutela iragarri zuten Iberdrolak, CIE Automotivek, Enagasek eta EIT InnoEnergyk. Enpresa gehiago batu dira?
Ez, oraingoz ez. Aurten enpresaren kapitala handituko dugu; beraz, akziodun berriak egon daitezke. Baina zerbait badago, urte amaierarako iragarriko dugu, ez lehenago.
Horietaz gainera, zer laguntza jaso dituzue?
Hainbat laguntza jaso ditugu: nagusia Eusko Jaurlaritzarena da, baina autogintzako ESEPEren laguntza bat ere jaso dugu, baita Espainiako Gobernuaren Neotec programarena ere. Finantzaketa lerro guztietara aurkezten saiatzen gara; batzuk lortuko ditugu, eta beste batzuk agian ez.
Gasteizko Mercedes-Benzek esan zuen hornitzaile izango zuela Basquevolt. Horrek berme gehiago eman dizue bezero edo bazkide gehiago erakartzeko?
Mota guztietako enpresekin hitz egiten ari gara, auto, tren, hegazkin, telefono, mugikor, erloju ekoizleekin... Eragile handi guztiak gurekin kontaktuan jarri dira dagoeneko. Baina enpresa txikia gara, eta ezingo dugu guztiekin lan egin. Horixe erabaki beharko dugu datozen hilabeteetan, hain zuzen ere: zeintzuk izango diren etorkizuneko bezeroak, eta zer arlotan jarriko dugun arreta.
Autogintzan zentratuko zaretela esan daiteke?
Autogintza izango da gure oinarria, baina galdera egin beharko diogu geure buruari: dibertsifikaziora joko dugu? Eta hala eginez gero, zertarako? Hausnartzen ari gara. Esango nuke lankidetza estrategiko bati lotutako sektore bat edo bi izan ditzakegula gehienez.
EBk zirrikitu bat zabalik utzi du errekuntza motorreko autoak 2035etik aurrera ere merkatuan egon daitezen. Erabaki horrek izan du edo izan dezake eraginik baterien lasterketan?
Ez dut uste. Egun erabiltzen diren litio ioizko bateriek ez dute balio garraioa elektrifikatzeko. Eman dezakeena eman du teknologia horrek. Nik argi daukat elektrifikazioa dela autogintzaren irtenbide bakarra, eta guk epeak aurreikusitako moduan betetzen baditugu, ez dela erregai sintetikoen beharrik egongo. Gainera, badakigu ez dutela funtzionatzen. Ez dago hain argi nola eta non ekoitziko duten. Hori izan zen, hain justu, teknologia hori baztertu izanaren arrazoietako bat duela hamar urte.
Basquevoltek teknologia lortzen badu, auto elektrikoa merkeagoa izango da?
Hori da gure helburua. Lanean ari gara elektrikoaren eta gasolinaren arteko parekotasuna lortu ahal izateko, eta bateriaren kostua nabarmen jaisteko. Elektrifikazioa irisgarria egitea nahi dugu, ibilgailu elektrikorako sarbidea demokratizatzea, eta ez daitezela soilik Tesla, Audi eta Mercedes izan ibilgailu elektrikoak saldu ditzaketenak.
Zenbait agintarik malgutasuna eskatu diote Bruselari, baita araua atzeratzeko ere. Autogintzaren industriak badu horretarako tarterik?
Iritzi argia daukat: denbora egon da. Ni 2008an hasi nintzen elektrifikazioaren inguruan lanean. Orduz geroztik, askotariko gobernuekin eta Europako erakundeekin aritu naiz lanean, eta zenbakien bidez demostratu diet erregai fosilak murrizteko irtenbide bideragarri bakarra baterien bidezko garraioaren elektrifikazioa dela. Beti egon da kontra egin duenik, saihetsezina dena atzeratu nahiko balu bezala. Baina erreakzionatu ez duenak beharrezkotzat jo ez duelako edo itxaron nahiago izan duelako izan da.
Francisco Carranza. Basquevolteko kontseilari ordezkaria
«Elektrifikazioa da autogintzaren irtenbide bakarra»
Auto elektrikorako trantsizioa «saihetsezina» dela uste du Carranzak, industriak ezin duela gehiago atzeratu. Ziur dago Basquevoltek bateria berriak garatzea eta ekoiztea lortuko duela hamarkada hau amaitzerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu