ELE: «Jaurlaritzari ez zaio interesatzen etxeko langileen egoera konpontzea»

Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteak sektorearen prekaritatea salatu du berriz: langile egoiliarren %26k ez dute paperik, %67,6k hirurogei ordu baino gehiago sartzen dituzte astean, eta %23,5ek ez dute atseden egunik.

Etxeko langile bat arropa zabaltzen, artxiboko irudi batean. DANI CABALLO / EFE
Etxeko langile bat arropa zabaltzen, artxiboko irudi batean. DANI CABALLO / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2025eko otsailaren 6a
13:35
Entzun

ATH-ELE Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteak kritika gogorra egin dio Eusko Jaurlaritzaren menpeko lan ikuskaritzari, eta sektoreko langileen egoerari ez ikusiarena egitea egotzi dio: «Ez zaio interesatzen egoera konpontzea», salatu du Isabel Otxoa elkarteko kideak. «Ikuskaritzak zaindu beharko lituzke baldintzak; ordutegien erregistroa antolatzea eta kudeatzea enplegatzailearen gain uztea zera da: arazoa ikusi nahi ez izatea».

ELEk iazko jardunaren txostena aurkeztu, eta kritika bota du; izan ere, datu lazgarriak azaleratu ditu txostenak, urtero bezala. Elkarteak 710 kasuz osatutako lagin bat aztertu du, eta, ohi denez, langile egoiliarrak —zaintzen duten pertsonaren etxean bizi direnak— eta egoiliarrak ez direnak desberdindu ditu. «Egoera gutxi aldatu da iaztik, baina legea gero eta urrunago dago errealitatetik», zehaztu du Otxoak.

«Eskubideak aitortzea ez da nahikoa. Lege batek ez du ezertarako balio hura kontrolatzeko neurririk jartzen ez bada. 2024ko legea propaganda hutsa da»

LOREA URETAELEko kidea

Langile egoiliarrei dagokienez, %26k ez dute paperik, %67,6k hirurogei ordu baino gehiago sartzen dituzte, eta %23,5ek ez dute atseden egunik. «Eskubideak aitortzea ez da nahikoa. Lege batek ez du ezertarako balio hura kontrolatzeko neurririk jartzen ez bada. 2024ko legea propaganda hutsa da», salatu du Lorea Ureta ELEko kideak.

Legezko egoeran dauden langileen artean kontratuak gero eta ohikoagoak direla zehaztu dute, baina ez direla betetzen, eta langile egoiliarren %96,5ek jaso beharko luketena baino soldata txikiagoa jasotzen dute. Aldiz, neurgailu gisa 40 orduko lanaldiari dagokion gutxieneko legezko soldata kontuan hartuz gero, paperik gabeko langileen %71k gutxiago kobratzen dute, baita legezko egoeran daudenen %31,5ek ere.

Egoiliarrak ez direnen artean %27,4 dira gutxieneko legezko soldatara iristen ez direnak: «2023tik hamahiru puntu igo da batezbesteko hori. Gehienei ez zieten soldata igo, eta atzean gelditu dira legezko kopurua handitu denean», azaldu du Uretak.

Isabel Otxoa eta Lorea Ureta
Isabel Otxoa eta Lorea Ureta ELE elkarteko kideak, 2024ko txostenaren aurkezpenean. BERRIA

Espainiako Gobernuak asteko lanaldia 37,5 ordura murrizteko lege proiektua aurkeztu berri du, eta Uretak salatu du etxeko langileak ez direla legean inondik ageri: «Ez dituzte aipatu ere egiten».

Espainiako Gobernuaren menpeko SEPE enplegu zerbitzuaren jarduna ere kritikatu dute, oso neketsua egin duelako langabezia saria lortzeko bidea. «Langileen gain jartzen dute enplegatzaileari kontratua eten izanaren agiria eskatzea eta entregatzea, eta askotan ez da erraza. Kaleratzeak tentsio handiko egoerak izaten dira. SEPEk enplegatzailea behartu beharko luke agiri hori entregatzera».

Beste erakunde publiko batzuk ere kritikatu dituzte. Esaterako, nabarmendu dute etxeko langile bat Osakidetzara doanean ia inoiz ez zaiola aitortzen gaitzaren edo minaren jatorria lana dela.

Epaitegien erritmoa ere aipatu dute, ELEko kideek diotenez ez baita arraroa bi urte itxaron behar izatea zor bat erreklamatu eta jasotzeko. «Hori ikusita, langileek dagozkienak baino kalte ordain txikiagoak onartzen dituzte», azaldu du Uretak.

Etxeko langilea, «konponbide merkeena»

ELEk salatu du ez dagoela interes politikorik etxeko langileen egoera konpontzeko; Otxoak arrazoi ekonomikoak aipatu ditu, besteak beste. Haren esanetan, zaintza sistemaren arazoak estaltzeko irtenbiderik merkeena dira, hala familientzat nola erakundeentzat. Emaniko datuen arabera, Bizkaiko Aldundiarentzat zahar etxeetako plaza bakoitzak 3.300 euroko kostua du hilabetean; aldiz, familiek zaintzaile bat kontratatzen badute, 2.900 euro ingurukoa da. Eta etxeko langile egoiliar bat kontratatzea zenbat balio du? «Gizarte Segurantza osoa eta 40 orduko lanaldiko soldata kontuan izanda, 1.774 euro. Baina, esan dugunez, inoiz ez dituzte ordu guztiak ordaintzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.