Isuna eskatu dute ELBko langile baten kontra

Paueko Zigor Auzitegian epaitu dute, DDPP64ko zuzendariak jarri salaketaren ondotik. Gertakariak 2023koak dira: hegazti gripearen kudeaketa salatzeko, DDPP64a okupatu zuten ELB, Laborarien Konfederazioa eta Modef sindikatuek.

ELBk eta LABek elkarretaratzea egin dute goizean langilearen sostenguz. IRULEGIKO IRRATIA
ELBk eta LABek elkarretaratzea egin dute goizean langilearen sostenguz. IRULEGIKO IRRATIA
Leire Casamajou Elkegarai.
2024ko azaroaren 12a
14:00
Entzun

Paueko Zigor Auzitegiko prokuradoreak 300 euroko isuna ezartzeko eskatu du ELBko langile baten kontrako epaiketan, horietarik ehun gibelapenarekin. Anne-Marie Mendiburu abokatuak kargu guziak baztertzeko eskatu du, adierazpen askatasuna eta askatasun sindikalaren defentsa eginez. «Auzi hau txarra da, ELBren kriminalizatzeko auzia baita», deitoratu du. Abenduaren 17an emanen dute emaitza. 

2023ko ekainaren 8an DDPP64 Herritarren Babesaren Departamenduko Zuzendaritza okupatu zuen ELB Euskal Herriko Laborarien Batasunak, Laborarien Konfederazioa eta Modef sindikatuekin batera. Mobilizazioen parte zegoen ELBko animatzailea, eta, hain zuzen, bera epaitzen ari dira Paueko auzitegi korrekzionalean. DDPP64ko zuzendari Adeline Lanternek eman zuen salaketa haren kontra, «Lanterne borrero» erran izana leporatuta; ELBko langileak ukatzen du.

Auzia hasi bezain laster, Pirinio Atlantikoetako prefeturak agiri bat bidali du: «Prefetak bere sostengua adierazten die DDPP64ko agenteei. [ELB] sindikatuak DDPP64ren eta bere agenteen zerbitzuak hobendun ekartzen ditu hitz zuzengabeekin; hala, ez du onartzen populazioaren babesaren alde egiten dutela».

Panpi Sainte Marie ELBko kideak testuingurua oroitu du: «Bagenituen denek manuak oilaskoak eta ahateak barnean atxikitzeko. Guk desobeditzen genuen». Izan ere, okupazioa egin zuten hiru sindikatuek «etxalde guztiei egokituriko osasun politika» bat defenditzen zuten, «[Frantziako] estatuko zerbitzuen tema» salatuz, «kanpoko hazkuntza egiten dutenen kontra».

Hegazti gripearen krisiaren kudeaketaren kontra kexu ziren, laborari guztiak bortxatzen baitzituen kabalak barnean hestera. «Otarzikoak gara, ez gara industria handi horiendako ari direnak bezala», erran du Sainte-Mariek; horrek dena aldatzen du, haren ustez. Zeren, azaldu duenaz, zientifikoki frogatua baita hegazti gripearen hedatzeak zerikusia duela «industria handi horiendako» etengabean garraioan ari diren hornitzaile edo marexalen joan-etorriekin. «Eritasuna ez da txori eta migratzaileekin heldu bakarrik, eta etxaldez etxalde elikagaiak ekartzen dituzten kamioiek, teknikariek, ziztatzaileek... horiek dutela ekartzen. Hori behin jakinez gero, ez dugu gehiago onartzen ahal denek lege basa hori jasatea».

Orduan egin zuten okupazioa, «bakezalea», zeinaren ondotik bi salaketa jarri baitzituen DDPP64ko zuzendaritzak: lehena, Lanternen kontrako alegiazko erranengatik, eta, bigarrena, ELBren aurka, okupazioa egiteagatik. Ordea, hilabeteak pasatu eta prokuradoreak bi salaketak bazter utzi zituela azaldu du Sainte Mariek: «Ez du segidarik eman. Baina, DDPP64ko zuzendaria da berriz joan beregana, setatu, erranez ezin zuela amore eman, zinezko traumatismoa jasan zutela...». Hala, prokuradoreak inkesta berriz ireki zuen. Langilearen kasurako besterik ez, ordea, ELBren kontrako salaketak bazterturik jarraikitzen baitu mementoko.

ELBk eta LABek elkarretaratzera deitu zuten gaurko 11:30erako, Paueko auzitegiaren aitzinean.

Garaipen bat, halere

Orduko okupazioagatik ELBko langilea auzipetua izanik ere, Sainte Mariek azpimarratu du zer onik ere ondorioztatu zuela ekintzak. Hain zuzen, gaiaren eta mezuaren «plazaratzea» ahalbidetu zien ELBko militanteei, eta prefetarekin harremanetan jarraiki ahal izan zuten. «Negoziazio bat hasi zen, eta estatura heldu zen Laborantza Ministerioarekin. Hortarik hasi da esperimentazio bat Frantzian, preseski frogatzeko zientifikoki guk erraten duguna: gure etxalde txiki horiek arrisku gutxiago dutela eta lege aldetik desberdintasuna egina izan dadin». Ororen buru, orduko tirabira hartarik «gauza pixka bat eraginkorrak bide onean jarri» direla irizten dio Sainte Mariek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.