ELBko laborariek belarra ekarri diete elkartasunez tuberkulosiak kalterik eragin dien Ezpeize-Undureineko behi hazleei

Joan den urtarrilean saldoko behi bati tuberkulosia atzeman, eta administrazioak tropa osoa hil nahi zien Pierette etxaldeko behizainei. ELBren mobilizazioaren ondotik, tropa bizirik atera da, baina bortura joateko debekua du.

ELBko laborariak, ostiral goizean, Ezpeize-Ündüreineko Pierette etxaldean, belarra elkartasunez ekartzerakoan. PATXI BELTZAIZ
ELBko laborariak, ostiral goizean, Ezpeize-Ündüreineko Pierette etxaldean, belarra elkartasunez ekartzerakoan. PATXI BELTZAIZ
Iñaki Etxeleku.
2024ko abuztuaren 30a
16:00
Entzun

ELB sindikatuak deiturik, hogei bat laborari Ezpeize-Ündüreineko Pierette etxaldera joan dira goizean (Zuberoa), erremorkak belar biribilez beterik. Urtarrilean behi baten azterketetan agertu tuberkulosia batengatik, administrazioak ez ditu utzi Sophie eta Philippe Sicre etxaldeburuak behi saldoa borturat igortzen uda honetan. «Laguntzarik gabe, laster hasi beharko dituzte heldu den neguko erreserbak», salatu du ELB sindikatuak. Bortuko bazketara joanez, ez da halakorik gertatzen. Ondorioz, elkartasunez, ELBko laborariek haien uztako belarretik ekarri diete Pierette etxaldekoei, negua iragan dezaten lasaiago.

Joan den martxoaren 30ean, jada, ELBek deiturik, 400 lagun elkartu ziren, Pierette etxaldean administrazioak behi saldo guzia hil nahi zuelako, eta egiten ez uzteko. Hiltzerik ez zen gertatu, eta administrazioak beste proposamen bat egin zion Ezpeize-Ündüreingo etxaldeari. Behiak etxaldean atxiki behar izan dituzte, ondorioz. Behiak borturat ezin igorriz, laster udako belar ematen hasi beharko dute behien bazkatzeko, neguko erresalbuak murriztuz. Horregatik, ELBek elkartasuna erakutsi nahi izan die.

Laborari sindikatuak aspalditik salatua du administrazioak «gardentasun falta» duela behien tuberkulosiaren osasun zaintzan. Ez dira ados kasu bat agertu orduko saldo guzia hiltzeko manuarekin. Arrangura dira ezen behizain batzuek tropa hilik ukan ondoan ez baitute berriz osatu saldo berria. Ofizioaren etorkizunarentzat kezkagarri zaiei laborariei.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.