Bihar goizean ELB sindikatuko kide bat epaituko dute Paueko zigor auzitegian, 2023ko ekainean Modef eta Laborarien Konfederazioa sindikatuekin batera Paueko DDPP64 Herritarren Babesaren Departamenduko Zuzendaritza okupatzea leporatuta. ELBk eta LABek elkarretaratzera deitu dute 11:30erako, Paueko auzitegiaren aitzinean.
Frantziako Gobernuak hegazti gripearen krisia dela-eta duen jarrera eta hegazti ekoizleen tratamendua salatu du ELBk: «2015az geroztik, hegazti hazleek infernua bizi dute». Krisiari aurre egiteko xedez administrazioak konponbiderik ez duela ezartzen agerian eman dute, ez baitu osasun politika «eraginkorrik» plantan ezartzen.
Horrez gain, 2017an egin zuten «hegazti gripearen paktuak» neurriak ez dituela «aplikatzen». «Kanpoko hazkuntza desagerrarazteko tematzen da, agroindustriako interesak defenditzen dituzten interprofesioen kolaborazioarekin», azpimarratu du.
2021etik goiti hiru urteak «gogorrak» izan direla azaldu du ELBk, eta ez dituztela laborariak «bakean» utzi: «Hazleek hiltze prebentiboak, klaustrazioak, etengabeko presioa egiten diete Herritarren Babesaren Departamenduko Zuzendaritzakoek». Gertakari horiek salatzeko, DDPPa okupatzea erabaki zuten, «estatuari bere ardurak har zitzan galdetzeko».
Ekintza ikusirik administrazioak ukan jarrera salatu du sindikatuak: «Laborarien proposamenak eta aldarrikapenak kontuan hartu ordez, administrazioak nahiago izan du haien larritasuna ez ikusi eta manu-militari aterarazi bastimendu publiko batetik, haien salaketa pausatu aitzin».
LABen babesa
Orotarat, bi salaketa jarriak izan dira sindikatuen aurka, horietako bat ekintza egunean bertan zen ELBko animatzailearen aurka. «Garaia da existitzeko dugun zilegitasuna aitortzeko, eta mobilizatzeko gure hazkuntza ereduak defenditzeko, horiek baitira heldu diren urteetan aurre egin beharko diegun ingurumen, jendarte eta ekonomia arloko erronkei erantzuteko gai diren bakarrak», adierazi du ELBk prentsa agirian.
LAB sindikatuak bere sostengua erakutsi dio ELBko kideari, idatzitako prentsa ohar batean: «Ekintza kolektibo batean parte hartzen ari zen laborantza erakundeko langile bati indibidualki zuzendutako prozedura judizial hau salatzen du». Eta azkarki gaitzesten dituzte militanteen aurka badiren «jazarpenak», eta haien ekintzen «kriminalizazioa».