ELBko hegazti hazleekin bildu da Frantziako Laborantza ministroa, Parisen

Hegaztiak aire librean haztea defendatu dute hazleek, eta adierazi dute ministroak ontzat eman duela.

Ahate hazkuntza
Ahate hazkuntza bat Ainhize-Monjolosen. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko urtarrilaren 9a
09:02
Entzun

Marc Fesnau Frantziako Laborantza ministroa ELB, Confederation Paysanne eta Modef sindikatuetako hegazti hazleekin bildu zen atzo Parisen, hegazti gripearen harira hartu dituzten neurriak aipatzeko. Hazkuntza autartzikoen berezitasuna azpimarratu zuten hazleek, eta hegaztiak kanpoan atxikitzearen beharra azaleratu zioten. Agiri batean, «pozik» agertu dira hiru sindikatuak, ministroarekin elkarrizketa abiatu dutelako.

«Ministroak hazleen proposamenak entzun ditu, eta eredu horien berezitasunak eta onurak aitortu ditu, bai ekonomiaren eta osasunaren aldetik, bai produktuen kalitatearen aldetik, bai eta hazkuntzaren irudi orokorraren aldetik ere», adierazi dute ohar batean hiru sindikatuek.

Hala ere, kezka adierazi dute aire libreko hazkuntzen etorkizunari buruz. Izan ere, ahateen txertaketak joan-etorri gehiago sortu ditu etxaldeetan, eta horrek «bestelako arrisku bat» sortu du eritasunaren hedatzeari begira. Gainera, administrazioak arrisku maila handia atxikitzen badu ere, hegaztiak barnean atxikitzera behartuak dira hazleak. 

Hiru sindikatuek adierazi dutenez, aire libreko hazkuntzan eramaten ari diren biosegurtasunaren esperimentazioak kontuan hartuta, Frantziako Laborantza ministroa prest agertu da lankidetzan aritzeko, aire libreko hazkuntza autartzikoen «osasun egokitasuna zientifikoki frogatu» eta, horrela, eredu horren etorkizuna babesteko. «Itxaropen horiek fite gauzatzea behar dugu, laborari andanaren instalazioak berreskuratzeko. Aire libreko gure hazkuntza eredu autartzikoek lansariak ematen dituzte, gizartearen galdeari erantzuten diote, eta aldi berean gure lurraldeen bizitasuna laguntzen dute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.