Badu zenbait aste ardien sukar urdinaren gaitzak (FCO) Euskal Herriko hainbat etxaldetako ardien heriotza eragiten duela. ELB Euskal Herriko Laborarien Batasunak Frantziako Gobernuaren eritasunaren kudeaketa salatu du. Laborantza Ministerioak «azkenean» kalte ordainak estaltzeko funtsa ireki badu ere, sindikatuak iritzi dio «aurrekontua sobera apala» dela.
Hain zuzen, 75 milioi eurokoa da, baina kontuan harturik 18.000 hazkuntza etxaldek baino gehiagok kabalak hil behar izan dituztela, diru zama ez zaie nahikoa iruditzen. Zeren, gainera, kabalen hiltzearekin batera beste hainbat ondorio heldu baitzaizkie laborariei: antzutasuna, gaitza deklaratzen duten etxaldeek 30 egunez esportatzeko debekua jasotzea, ekoizpenaren jaistea, marexalen gastuak...
Birala da eritasuna —animalien artean ez da kutsatzen, eta gizakiari ezin litzaioke heldu—, eta zenbait aldaera baditu. Orain arte, FCO3 aldaerarendako besterik ez zuten irekia funtsa, eta, honako honetan, FCO8 aldaerara ere zabaldu dute, ELBk duela aste batzuk eskatu zuen bezala. Oraino ere, «Frantzia iparraldeko bi heren» hunkitzen ditu FCO3ak, eta, denbora berean, FCO8a Ipar Euskal Herrian barna hedatzen ari da, baita inguruko Frantziako departamenduetan ere. ELBren ustez, «gogor jotzen ditu etxaldeak, laborariek molde eraginkorrean aurre egiteko tresnarik ukan gabe».
Txertoa, adibidez, eskuratzeko zaila da —FCO3 aldaeraren kasuan, batez ere—, eta behin lorturik ere, «entrabaleko eraginkortasuna» dutela salatu du ELBk: «Kabalak hiltzen dira txertatu edo txertatu ez duten etxaldeetan». Alta, aspaldikoa da eritasuna —Euskal Herrian 2008an zabaldu zen—, baina, ez omen da informazio zientifikorik laborarien eskuetara heldu haren kudeaketan laguntzeko.
ELBren eskaerak
Hala, «testuinguru ekonomiko orokorrak jadanik ahuldu dituen etxaldeetan beste kolpe bat izan ez dadin FCO gaitza», ELBk ondokoak eskatu ditu: hil diren kabalen eta ondorioztatzen dituen galtzeen kalte ordainak FCO aldaera guztiendako; hunkituak diren etxaldeendako bildotsak hiltegi bati saltzeko aukera, baita Hego Euskal Herrian eta Espainian ere; txertoak urririk izatea eta horiek eskuragarritasuna bermatzea; ikerketan sakontzea, txertoen eraginkortasuna, alternatibak, prebentzio baliabideak eta sendatzeko tresnak ezagutzeko.
Borobildu dute: «Dena egin behar da FCO eta halako gaitzak ez daitezen izan laborariak etsiarazteko beste arrazoi bat, eta gure lurraldeek etxalde askorekin bizitzen segi dezaten».