ELBk Ipar Euskal Herrian lehiatu nahi du laborantzako hauteskundeetan

Lansariak, etxaldeen transmisioa eta elkartasuna defendatuko dituzte urtarrileko bozetan. Gaur egun laborariek duten egoera FDSEAri zor zaiola baieztatu dute.

ELBren prentsaurrekoa hauteskunde kanpaina aurkezteko. BERRIA
ELBren prentsaurrekoa hauteskunde kanpaina aurkezteko. BERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
Senpere
2024ko azaroaren 18a
15:45
Entzun

Urtarrilean izanen dira laborantzako hauteskunde profesionaletarako zerrenda aurkeztu du ELB sindikatuak Itsas Mendi etxaldean, Senperen (Lapurdi). Julen Perez ahatezaina izanen da hogei laborariko zerrendaburu. «Beste laborantza proiektu bat sustatzen dugu: etxalde txikiak, kalitatezko ekoizpenak...», baieztatu du. Sail guzietako laborariak dituzte zerrendan, «denen ordezkari» izan nahi baitute.

Hiru ildo nagusi izanen dituzte: lansariak, etxaldeen transmisioa eta elkartasuna. 

Lansariei dagokienez, urte hasieran izan ziren mobilizazioak aipatu ditu Maritxu Lopepe artzainak. «Ez da deus aitzinatu; lehen mailako gaia da». Etxaldeak zer baldintzatan hobeki transmititzen ahal diren gogoetatu nahi dutela ere erran du: «Anitz etxalde segidarik gabe dira; laborantzak segitzeko behar ditugu laborari gazteak».

Azkenik, elkartasuna, aspalditik «ELBren DNA» dela erran du. Administrazioaren aitzinean ihardukitzeko, laborari batek zailtasunak dituenean elkarri laguntzeko eta, oro har, elkarlanean aritzeko, laborarien elkartasunaren alde egin nahi du ELBk. 

Pirinio Atlantikoetako departamenduan egituratua da laborantza ganbera ofiziala, Pauen (Okzitania) du egoitza nagusia. FDSEA sindikatua izan ohi da nagusi. ELBk lortu izan ditu ordezkariak, baina haien burua entzunarazteko zailtasunak izan dituzte. Haatik, Ipar Euskal Herrian gehiengoa lortu izan du laborarien batasunak, eta horretan jarri du azpimarra Perezek. Prefeturari eskatu diote hiru lurraldeetako datuak ager ditzatela. Horrela frogatu nahi dute ELBren proiektuak duela atxikimendu gehien euskal eremuan, tokiko politika publikoek ere hori kontuan har dezaten. 

FDSEArekin lehian

Edonola ere, Frantziako sindikatuarekin duten diferentzia agerian utzi nahi izan du Lopepek. «Gai horretan lan egiten dugu guk, urte guzian, eta arlo guzietan. Osasun arloan, lurraren defentsan, sor-marken garapenean. Hemengo etxaldeei aterabideak atzematea eta injustizien kontra borrokatzea izan da gure lana». Haren hitzetan, beste sindikatuak hauteskunde garaian baizik ez dira agertzen, eta, FDSEAri dagokionez, mobilizatzen dira, baina erabakigune guziak haien eskuetan dira. «Erraten ahal da menturaz laborarien egoera laborantza politiken ondorio zuzena dela; gaurko laborarien egoera horiei zor zaie. Horren kontra mobiliza daitezen, zentzugabea da».

Agroindustriak duen pisua gaitzetsi du Lopepek. «Galdetzen dugun minimoa da gure saltze prezioek ekoizpen gastuak ordain ditzatela». Erosleen eta laborarien artean diren bitartekariak ezabatu beharko liratekeela iradoki du. «Agroindustria ez da sekula galtzeetan ari, irabazi handiak egiten dituzte».

Ez da mobilizaziora batuko ELB

Beste sindikatuen mobilizazioak hurbiletik jarraitzen badituzte ere, oraingoz ELBk ez du horietan parte hartuko. «Gure maneran, gure laborariei behako bat emanen diegu, eta sailka bilduko gara, entzuteko zer nahi duten eta nola antolatzen ahal dugun», esplikatu du Julen Perezek. Horren arabera ikusiko dute nola iharduki. «Laborantzan problemak ez dira bat-batean gertatu; aspaldi honetan badira, eta bata bestearen gainetik gehitzen dira: etxaldeko ekonomia, inflazioa, krisi sanitarioak... Ez da uste behar izan behin kanpora atereaz dena konponduko dela, behar da barne barneko lan bat egin. ELBk hori eginen du: laborarien arrangurak entzunen ditugu, eta agintariengana joanen gara». Ez du baztertu kexua adierazteko ekintzarik egitea ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.