ELB sindikatuak DDTM Lurraldearen eta Itsasoaren Departamendu Zuzendaritzak Baionan duen bulegoa okupatu du, salatzeko oraindik ez dituztela eskuratu Europako NPB Nekazaritza Politika Bateratuaren diru laguntzak. Maiatzean egin zituzten deklarazioak laborariek, eta irailerako eskuratu beharra zuten laguntzak, baina anitzek ez dute eskuratu zor zaien gehiena. Laurent Irigarai ELBko kideak esplikatu du Garazi-Baigorri eskualdean dela arazo nagusia. «Mendietara abian diren 515 laborarik ez dituzte oraindik errezibitu bortuan lantzen dituzten lurrei dagozkien laguntzak; batez beste 15.000 euroren beha ari dira».
Pirinio Atlanikoetako prefeturak ELBren ekintza salatu du, eta deitoratu du sindikatuak ez duela elkarrizketa onartu. Ohar batean, adierazi du biltzeko proposamenak egin zizkiela ostiralean laborantza sindikatuei, eta euskal laborariek ez diotela erantzun. ELBren hitzetan, «erran beharrekoak erranak dira», eta orain konponbideak behar dira. Aste bateko epea eman dute NPBren laguntzak ordaindu daitezen, eta abisatu dute hortik harat berriz ekintzak egiten hasiko direla.
ELBko kideek adierazi dutenez, DDTMko mezu bat eskuratu dute orain dela gutxi, abisatzeko martxoaren 15a aitzin ez dituztela eskuratuko laguntzak. «Onartezina», laborarien hitzetan. «Ez gara hemen diru gehiago eskatzeko. Zor zaigun sosa ematea nahi dugu», adierazi du Irigaraik. Azpimarratu du NPBren 9.000 milioi euroak «hobeki» banatu behar direla. «Laguntza guziak apaldu dira, laborari gazteak laguntzekoak ere bai. Ulertezina da». Arazoa orokorra dela ohartarazi du: «Gure herrian eta gure lanbideaz bizi nahi dugu».
Diru laguntzak berantarekin iristearen arrazoietako bat zera da, administrazioak kontrolatzen dituela NPB eskuratzeko laborariek egindako deklarazioak: «Kontrolatuak garela erraten digute, eta, beraz, bost-sei hilabete egon behar dugu beha». ELB sindikatuak adierazi du diru laguntzak eskuratzeko duten berantak egoera zailean jartzen dituela laborariak, eta bat baino gehiago bankuetan maileguak hartzera behartuak direla gastuei erantzuteko. «Badakigu hazkuntza ez dela osasun onean, eta horrek okertzen du. Bankuen eta administrazioen artean blokeatuak gara. Bankuak gure bizkar gizentzen dira, eta guk aldi bakoitzean burua makurtu behar dugu».
ELBk galdegin du irailean berean eskuratzea Europako diru laguntzak, eta laborariak kontrolatuak izanik ere laguntzen %80 ordaintzea.
FDSEA, prefetarekin
FDSEA eta JA sindikatuak Pirinio Atlantikoetako prefetarekin bildu dira astelehen goizean, eta, bilkuraren ondotik, mobilizazioak etetea erabaki dutela jakinarazi dute agiri batean. «Frantziako Gobernuak egindako iragarpenak puntuz puntu landuko ditugu. Urgentziazkoa da Ipar Euskal Herriko eta Biarnoko etxaldeetara eskugaineko dirua itzultzea».
Eritasun hemorragiko epizootikoaren gaia ere mahai gainean izan dute bilkuran. «Lehen negoziazioen ondotik, hogei milioi euroko funts bat bideratzea erabaki da, marexalen eta kabala hilen gastuei buru egiteko. Gure ekintzari esker, beste 50 milioi bideratzea lortu dugu, zeharkako gastuei aurre egiteko». Iragarri dute Frantziako Estatuak engaiamendua hartu duela txerto bat lortzeko lanak eramateko, eta Europako kabalen zirkulazioa lantzeko.
FDSEAk ere salatu du NPBren laguntzen beranta, eta adierazi dute borrokan segitu beharko dutela laborarien lansariari buruz aitzinamenduak lortzeko. Erran dute, halaber, Egalim legearen aplikazioa ere zainduko dutela ―laborarien eta elikadura sektorearen arteko merkataritza harremanen oreka hobetzea helburu zuen lege horrek―, laborariek merezi duten ordaina eskuratu dezaten beren mozkinen truke.