Hegazti gripea

ELBk Bidaxuneko ahate hazkuntzarako sartzea oztopatu die zerbitzu sanitarioei

60 bat lagun bildu dira goizean Lataillade familiaren etxaldean, eta hegazti gripearen birusa detektatzeko probak egitera etorritako zerbitzu sanitarioei sartzea blokeatu diete.

Kriaxera arrazako ahateak, Bidaxuneko etxaldean. BOB EDME
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko otsailaren 24a
16:27
Entzun

ELB sindikatuak ekintza bat egin du goizean Bidaxunen (Nafarroa Beherea), ahate hazkuntzarako etxaldean zerbitzu sanitarioek egin behar zituzten probak oztopatzeko. Zerbitzu sanitarioak Lataillade familiaren etxaldera etorri dira goizean, hegazti gripea kontrolatzeko ezarritako eremu berezia kentzea aztertzeko, probak egin behar zituztelakoan. ELBk, ordea, kezka agertu du proba horiek egitearen harira. «Analisi horiek arrangurak sortzen dizkie laborariei, ahateak positiboak izanez gero iazko protokolo bera aplikatuko bailitzateke ahate guziaz hilaraziz, Kriaxera sail guzia behin betiko desagerraraziz». Horretarako, analisia horien blokeatzea deliberatu dute: 60 lagun bildu dira Bidaxuneko etxaldean, eta ez dituzte zerbitzu sanitarioetako langileak sartzera utzi.

Hegaztien hazkuntzarako politika sanitario «berri» bat plantan ezartzea galdetzen dio ELB sindikatuak Frantziako Estatuari. «Gure ustez, Frantziako Estatuak beharko luke politika sanitario berri bat plantan ezarri eskualde horretan, Kriaxera arrazaren sorleku bakarra delako eta arraza hori babestu behar den ondarea delako», adierazi dute. Izan ere, Lataillade familiaren etxaldean Kriaxera arrazako txitak hazten dituzte, eta inguruko laborariak hornitzen.

Iaz, ELB sindikatuak protokolo bat izenpetu zuen Frantziako administrazioarekin batera, tokiko berezitasunaren aitzinean, hegazti gripearen bestelako kudeaketa bat plantan ezartzeko. Sindikatuak, alta, salatu du ez dutela protokoloari buruzko berririk. «2021eko larrazkenaz geroztik, lan horren emaitzak Frantziako Laborantza ministerioaren eta Frantziako Estatuaren bulego gainean dira. Lan horri esker, ministerioak Europarekin jorratzen ahalko luke hiltzeaz bestalde zein diren alternatibak arraza berezien sorleku batean agertzen delarik eritasuna. Gaur egun ez dugu berririk, eta iduri luke ez dela oraindik deus eginik zentzu horretan». Honela justifikatu dute, beraz, goizeko ekintza: «Bidaxuneko etxaldea berriz ere infekzio gune agertzearen arriskua ez dugu hartzen ahal administrazioak bere ardurak ez dituelako hartu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.