ELA sindikatuak gogor kritikatu ditu Europako Next Generation funtsak, eta adierazi du pentsioak txikitu nahi dituztela armak erosteko. Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiaren arabera, «belizismoa» da nagusi politikan: gastu militar handiagoa, eta gastu sozial murritzagoa. OMAL Latinoamerikako Multinazionalen Behatokiak ELArentzat egindako txosten batetik atera dituzte ondorio horiek: Europar Batasuna: agenda oliba-berdea eta digitala enpresa transnazionalen zerbitzura txostenetik, hain zuzen. Next Generation funtsen inpaktua neurtzeko asmoz osatu dute.
Lakuntzak adierazi duenez, funtsek «Espainiako Gobernua behartzen dute 2025eko apiriletik aurrera pentsioetan %6,1eko murrizketak» ezartzera. Urtean 11.300 milioi euro, alegia. «Europako funtsak estatuen politiketan esku hartzeko mekanismo bat dira, eta Europako Batasunak aspaldidanik aplikatu izan dituen austeritate politiken barruan ematen dira».
Irmo gaitzetsi du Next Generation funtsen erabilera: «Pentsioak txikiagotu nahi dituzte armak erosteko; hor dago koska. Hori da Next Generation funtsen Europa: gezur bat multinazional handien interesen alde egiteko. Egungo europar politikak ez dira berdeak, ez sozialak, eta haien iparra ez da bakea».
Hala, ELAren arabera, Europako Batasuna «gerra eta militarizazio erregimenaren aitzindari» bihurtu da, bakearen ikur den irudia eman arren: «Armamentu gorakada proposatzen da krisi ekonomikoarentzako irtenbide gisa».
Txostenean jaso dutenez, funtsak korporazio multinazional handien artean banatuko dira, eta automozioak «berebiziko pisua» izango du. Diru laguntza gehien jasoko dutenen artean daude Volkswagen, Mercedes, Gestamp eta Irizar, besteak beste. «Espainiako, EAEko eta Nafarroako gobernuak buru-belarri ari dira sektorea erreskatatu nahian, negozio bolumenik ez galtzeko. Baina horrela zaildu egiten da ibilgailu pribatuen kopurua txikitzea edo garraio publikoa sustatzea».
Zaintzaren sektorera ere bideratuko dituzte funtsak: gutxienez 119 milioi euro. Sindikatuaren ustez, ordea, «sektorearen gabeziei heldu nahi zaie negozio aukera gisa»: «Helburua da merkantilizatzea eta delako lankidetza publiko-pribatua areagotzea. Txostenak beste sektore batzuetako xehetasunak jasotzen ditu, eta hau ondorioztatzen du: plan horren xedea da diru publikoari esker enpresa handien etekin tasa berreskuratzea, lan prekarioa hedatuz eta gatazka ekosozialak piztuz».
Ondorioz, esan dute «kapitalismo oliba-berde eta digitalari» aurre egin behar zaiola berrarmatze teorikoarekin eta ezker politiko, sozial eta sindikalaren mobilizazio zabalarekin. Era berean, alternatiba egingarriak bultzatzeko beharra nabarmendu dute.
Txostenaren gako batzuk
Gorka Martija Rodrigok eta Gonzalo Fernandez Ortiz de Zaratek ondu dute txostena, eta, Next Generation funtsek Hego Euskal Herrian nolako inpaktua duten aztertuta, zenbait ondorio atera dituzte. Haien esanetan, Next Generation programa funtsak banatzeko sistema batean oinarritzen da, eta, esleipendunen artean partikularrak, erakunde publikoak eta enpresa txikiak badaude ere, «korporazio transnazionalak dira, argi eta garbi, onuradun nagusiak».
Finantzatutako egitasmoak, berriz, «megaproiektuak, espekulazio burbuilak eta eskala handiko ekimenak» dira. «Eta hori guztia inbertsio logika bipolar batean oinarrituta, bi helburu hauek uztartuz: alde batetik, ekoizpen ehun bat sortzea gai izango dena negozio berde eta digitaleko merkatu hobi global berrietan sartzeko —hau da, berriztagarrietan, hidrogenoan, ibilgailu elektrikoen baterietan...—; eta, bestetik, beren pisuagatik finantza laguntza publikoa behar duten sektore tradizionalagoetara orientatzea».
Dokumentuan jaso dutenez, Hego Euskal Herrian egoitza edo presentzia handia duten multinazionalak izan dira proposamen gehien egin dituztenak; Volkswagen, Mercedes eta Irizar, kasurako. Halaber, programaren onuradun nagusien artean ez daude enpresak bakarrik; erakunde publikoak ere badaude: «Horiek lizitazioak egiten dituzte gero proiektu horien exekuzioa esleitzeko». Horretan, garraio jasangarria da nagusi, eta indarra du administrazio publikoen digitalizazioak ere.
Txostenaren egileek esan dute funtsek herritarren aurkako «Bermudetako triangelua» osatzen dutela, eta hiru erpin nabarmendu dituzte: kontrarreformak; zorra; eta enpresa transnazionalak eta megaproiektuak indartzea.
Horien inpaktua ere azaldu dute: «Langile klasea lan erreforma, pentsioen erreforma eta erreforma fiskala jasaten ari da, baita kontratazio publikoko irizpideen desegitea ere; zorra eskala guztietan handitzeak hersturazko etorkizun bat iradokitzen du; eta, azkenik, funts publikoak bereganatzen dituzten hainbat sektore ez dira ez errentagarriak, ez bideragarriak; prekaritate gero eta handiagoa dute; kontrol autoritarioa erabiltzen dute; ez dira jasangarriak, eta, oro har, trantsizio ekosozialeko edozein prozesuren oinarrizko printzipioen aurka jarduten dute».
Ondorioztatu dutenez, beraz, programa «sirena kantu bat» izan zen, eta haren soinuak «indarra galdu» du.