ELA sindikatuaren ustez, Eusko Jaurlaritzak legea urratu du aurrekontuen proiektua eratzean, eta epaitegietara joko du hura salatzeko. Sindikatuaren arabera, Eusko Jaurlaritzak sindikatuekin bildu gabe onartu du proiektua, eta, horrenbestez, alde bakarrez ezarri ditu bere menpeko langile publikoen baldintzak. Are gehiago, sindikatuaren ustez, aurrerago etor daitezkeen hobekuntzei bidea moztu die.
Salaketak egingo duen epaibidea ikusi beharko da, baina ELA oso kritiko agertu da salaketaren berri emateko bidalitako oharrean. Sindikatuaren ustez, Jaurlaritzak langile publikoen Mahai Orokorrera deitu behar zuen aurrekontu proiektua egin aurretik, eta ez du halakorik egin. Are gehiago, ELAk gogoratu du Iñigo Urkulluk, «formalki izan bada ere», beti deitu izan duela mahaira aurrekontuen proiektua aurkeztu aurretik.
Espainiako aurrekontuen baitan
Eta zein da haserrearen muina? Bada, erabaki horrekin, betiere ELAren ustez, Jaurlaritzak «zuzenean inposatu ditu» langile publikoen baldintzak, negoziatzeko oinarrizko eskubidea «ukatuz eta urratuz». Izan ere, sindikatuak gogoratu du 2025eko Espainiako aurrekontuak eztabaidatzeke daudela oraindik, eta negoziazio horietan aukera badagoela Hego Euskal Herriko funtzionarioentzako bestelako soldata igoerak lortzeko eta aurreko urteetan lan baldintzak negoziatzeko ezarri dituen «mugak» kentzeko.
ELAren interpretazioaren arabera, egungo aurrekontu proiektuarekin Jaurlaritzak ziurtzat jotzen du EAEko langile publikoen soldata igoera Espainiako Kongresuan onartuko dena izango dela, sindikatuekin hortik gorako baldintzak negoziatzeko aukerarik gabe. Ate hori itxi izana da epaitegietara jotzeko arrazoia.