ELAren arabera, 22 enpresa handienek sozietate zergan %7,6 soilik ordaindu zuten

Sindikatuak ondorioztatu du 225 milioi euro biltzeari utzi ziotela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek. Lakuntzak uste du zerga igotzeko «tarte handia» dagoela

LUIS TEJIDO / EFE.
joxerra senar
2021eko otsailaren 10a
00:00
Entzun
«Etikoki eta sozialki onartezina da». Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 22 enpresa handienen kontu ekonomikoak eta ikuskaritza txostenak aztertu ditu ELA sindikatuak, eta ondorioztatu du batez beste etekin gordinen %7,6 baino ez zutela ordaindu 2019an. Gainera, sindikatuak salatu zuen enpresa handienen artean zenbaitek ez zutela «euro bakar bat» pagatu urte hartan; horien artean daude Petronor, Bridgestone, Tubacex, Pepsico, eta GKN. Berez, sozietate zergaren tasa orokorra %24koa da, eta sindikatuak nabarmendu du hiru foru ogasunek 225 milioi euro gehiago bilduko zituzketela portzentaje horren arabera ordaindu izan balute.

Datu orokor horiek ikusita, irmo mintzatu zen Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia. «Hemen dagoen auzolan bakarra Eusko Jaurlaritzaren eta patronalaren artekoa da, enpresa handiek zergarik ordaindu behar izan ez dezaten», adierazi zuen, azkenaldian Eusko Jaurlaritzaren diskurtso ofizialetan entzuten den auzolan kontzeptuari erreferentzia eginez. Haren hitzetan, enpresa handi horiek «euskal lobbya» osatzen dute, eta zerga arloa arautzen ari dira.

Horregatik, premiazkotzat jo du zerga erreforma abiaraztea. Lehenik, bilerak eskatuko ditu Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariarekin, hiru ahaldun nagusiekin, EH Bildurekin eta Elkarrekin Podemosekin. Bestetik, hiru batzar nagusietan zein Nafarroako Parlamentuan lantaldeak osatzera dei egin dute, erreforma horren nondik norakoak eztabaidatzeko sindikatuekin eta gizarte eragileekin. Azkenik, datozen hilabeteetarako ere mobilizazioak iragarri ditu. ELAren arabera, enpresa handiei sozietate zerga nabarmen igotzeko «tarte handia» dago.

Kreditu fiskalen eragina

Foru arauen arabera,tasa orokorra %24koa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; baina ELAk atzo aurkeztutako datuen artean nabarmena da gehienek tasa horren nabarmen azpitik ordaintzen dutela. Foru araudiek hainbat kenkari jasotzen dituzte, inbertsio orokorrak, berrikuntza teknologikoa, garapen iraunkorra edo enplegua sustatzeko. Gainera, urte batean galera edo zerga oinarri negatiboa izanez gero, irabaziak dituzten urteetan 30 urteko aldian konpentsatzeko modua dute enpresek. 2018ra arte, galeren %100 konpentsatzen zen hamabost urteko epean. 2018an, Batzar Nagusietan, EAJk, PSE-EEk eta PPk onartu zuten enpresa handiei murriztea zerga kreditu horien ehunekoa %50era, baina luzatu egin zieten epea, 30 urtera.

Horrek azaltzen du nolatan Petronorrek, adibidez, sozietate zergarik ez zuen ordaindu, nahiz eta 135 milioiren irabaziak aurkeztu: 2013an 87 milioi euroren galerak izan zituen eta 2014an 65 milioi eurorenak. Sozietate zergarik pagatu ez zutenen artean, Pepsicok 16,5 milioi euroren etekinak izan zituen; Bridgestonek eta Tubacexek 11,5 milioi eurorenak; eta GKNk 8,3 milioirenak. ELAk aztertutako kooperatiben kasuan, berriz, «ia ez dute zergarik ordaintzen».

Euskal Herrian jardueraren zati garrantzitsua duen Iberdrola argindar taldeari ere erreparatu zion. 2019an 2.800 milioi euroren mozkinak izan zituen, baina, ELAren arabera, Bizkaiko Foru Ogasunari 36 milioi euro baino ez zizkion ordaindu. Iberdrolak fiskalitate arduratsuari buruz urtero kaleratzen duen txostenak dio 2019an 797 milioi pagatu zituela sozietate zergan, horietatik 367 milioi Espainiako Ogasunari eta Bizkaikoari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.