«Hamarkada baten ondoren, hemen gaude». Hitz horiekin irudikatu du Mitxel Lakuntzak ELAren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko harremanen desizoztea; ia 11 urteko etenaren ondoren, bi aldeak aurrenekoz elkartu baitira gaur.
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Ajuriaenean hartu ditu sindikatuko ordezkariak, alderdiekin eta eragileekin egiten ari den bilera sortaren barruan. Lehen bilerak bidea irekitzeko balio izan badu ere, argazkitik harago ez du berrikuntzarik ekarri mezuetan. Izan ere, norabide aldaketa bat eskatu dio ELAk Jaurlaritzari, sakoneko aldaketak bultzatzeko, eta ohartarazi dio hala egin ezean kalean eta lantokietan mobilizazioak bultzatzen jarraituko duela.
Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta ELA sindikatuko idazkari nagusiak 2013az geroztik izan duten aurreneko bilera izan da gaurkoa, Iñigo Urkullu aurreko lehendakariak bi erakundeen arteko harremanak etetea erabaki baitzuen, sindikatuaren jarrerarekin kritiko. Iritziz aldatu izana positiboa da, Lakuntzaren esanetan, eta adierazi du ohikoena dela bi erakundeen artean hartu-emana izatea: «Normala izan beharko litzatekeena normalizatzera etorri gara: lehendakariak eta herri honetako lehen sindikatuak harremana izatea».
Bide horretan, ELA prest agertu da Jaurlaritzarekin aldebiko harremanari eusteko eta adostasunetara heltzeko. «Edukiak baldin badaude, ELA akordioetan egongo da», esan du Lakuntzak, eta nabarmendu du aldeko jarrera hori bera sumatu diola Pradalesi ere. Baina ohartarazi dio, hitzetatik harago, erabaki eta neurri zehatzak behar direla arazoei aurre egiteko. Eta, oraingoz, sindikatuak ez du halakorik ikusten gobernuan.
Izan ere, Lakuntzak «kezka» agertu du Jaurlaritza berriak hartu duen norabidearekin, ez baitu ikusten «sakoneko aldaketarik egiteko asmorik» EAJren eta PSEren arteko gobernu itunaren edukietan, ez eta 2025eko aurrekontuak ontzeko Ogasun sailburuak aurkeztutako irizpideetan ere, kontrakoa baizik: «Gure ustez, bi dokumentu horietan ildo kontinuista bat islatzen da».
Aurrekontuak handitu
Lakuntzaren iritziz, Jaurlaritzaren politiketan lema kolpea emateko garaia da. Eta, hain zuzen ere, dokumentu bat eman dio lehendakariari norabide horretan doazen neurri zehatzak proposatzeko. Hamabost arlotarako proposamenak dira, eta horien artean daude, besteak beste, gutxieneko soldatari lotutakoak, lan harremanen euskal esparruari buruzkoak eta estatutu berriaren ingurukoak. «Erabakitze eskubidea, nazio aitortza eta euskararen estatusa bermatzeko, berme juridiko propioak behar dira».
Oinarrizkoena, baina, zerga erreforma da. «Nola konpondu daitezke hemen dauzkagun arazo batzuk sakoneko zerga erreforma bat egin gabe?», itaundu du Lakuntzak, eta azpimarratu aurrekontuak «nabarmen handitu» behar direla lan prekaritateari eta zerbitzu publikoen okertzeari aurre egiteko. «Premisa hori gabe, ezin zaie aurre egin Osakidetzaren premiazko hobekuntzaren moduko arazoei, esaterako».
«Nola konpon daitezke hemen dauzkagun arazo batzuk sakoneko zerga erreforma bat egin gabe? Premisa hori gabe, ezin zaio aurre egin Osakidetzaren premiazko hobekuntzari»MITXEL LAKUNTZAELA sindikatuko idazkari nagusia
Lakuntzak iritzi dio inbertsio publiko falta dela Osakidetzaren «arazorik handiena» gaur egun, eta, EH Bilduk uste duenaren kontrara, ez du uste soilik barne antolaketa egokitzearekin edo langile politika aldatzearekin egoerari buelta ematea lortuko denik. «Gure ustez, planteamendu okerra da», azpimarratu du. «2.300 milioi euroko aldea dago Europako batez besteko gastuarekin alderatuta. Diru horrekin gauza asko egin daitezke, baina, batez ere, gaur egun ematen ari ez den arta eman».
Aldebiko harremana
Jaurlaritzarekin adostasunetara heltzeko moduak ikusten ditu ELAk, baina adierazi du gobernuaren erabakiek ebatziko dutela bi aldeen arteko harremanaren etorkizuna: «Neurri zehatzek esango digute ELArekin akordioetara heltzeko borondate politikorik dagoen edo ez. Denborak esango du, eta lehendakariak batez ere». Sindikatua bidea egiteko prest dagoela berretsi du Lakuntzak.
Bien arteko harremana, hori bai, aldebikoa izango da hurrengo urteetan ere, Lakuntzak ziurtatu baitu ELA ez dela itzuliko elkarrizketa sozialerako mahaira, mahai hori «antzua» eta «edukirik gabekoa» delako: «Ez dugu mahai horretan sinisten, eta bertan behera uztea da onena, erabaki bakar bat ere ez baita langileen onerako».
ELAko idazkari nagusiak salatu du, halaber, ez direla «joko arauak errespetatzen», haiei dagokien ordezkaritza gainerakoen artean banatzen dutelako: «Inork pentsa lezake zer gertatuko litzatekeen hori Eusko Legebiltzarrean gertatuko balitz?».
Gogorarazi du, hala ere, lan gatazken muinean patronalaren jarrera dagoela, besteak beste, uko egiten diolako soldatetan KPIaren igoera txertatzeari eta soldata arrakala amaitzeari. Bada, Lakuntzak ohartarazi du jarrera hori aldatu ezean mobilizazioen bideari eutsiko diola sindikatuak, iritzi baitio soilik horrela lortzen direla adostasunak lan baldintzak hobetzeko.