ELAk jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak 6,5 milioi eman nahi dizkio Adegiren Fabrika fundazioari lanaldi murrizketari buruzko azterketa bat egin dezan. Sindikatuaren ustez, «onartezina» da egitasmo horren aurka azaldu den erakunde baten esku uztea ardura hori, eta nabarmendu du patronalak azterketaren ondorioak baldintzatzeko aukera izango duela.
Elkarrizketa Sozialeko Mahaian, Eusko Jaurlaritzak CCOOrekin eta UGTrekin adostu zuen lau eguneko lan asteari buruzko proiektu pilotu bat martxan jartzea, Confebask Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako patronalen federazioak gaiari buruz eztabaidatzeari «betoa» jarri ondoren.
Zehazki, 2024ko aurrekontuetan 2,5 milioi euroko diru saila sartu du Jaurlaritzak egitasmo horretarako, eta, sindikatuaren arabera, aurreikusten da hiru urtean Fabrika fundazioari guztira 6,5 milioi euro ematea.
ELAren ustez, Jaurlaritzak, CCOOk eta UGTk egindako proposamenak «ikuspuntu zabalagoa» behar du: adierazi du lau eguneko lan astearen ondorioak baino gehiago lanaldiaren murrizketa orokortua aztertu beharko litzatekeela. Sindikatuaren iritziz, Jaurlaritzak hori eginda onartu egiten du patronalari interesatzen zaizkion elementuak ikertzea, hala nola neurriak enpresen irabazietan duten eragina. «Hau da, lau eguneko lan asteak duen eragin zuzena aztertu beharrean, lanaldiaren murrizketa beste hainbat faktorerekin nahastuko da, eta, ondorioz, lanaldi murrizketak duen eraginaren azterketa lausoagoa izango da».