ELAk salatu du CEN, CCOO eta UGT erreskatatu nahi dituela gobernuak

UPNren gobernuak 545 milioi euroko plana hitzartu du hiru erakundeekin.Azaroaren 6an, PSNk parlamentuan aurkeztutako gizarte elkarrizketaren kontseiluari buruzko lege proiektua bozkatuko da

joxerra senar
Iruñea
2014ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Nafarroako botere ekonomikoaren hiru zutarriek zutik diraute. Nafarroako Gobernuak, CEN enpresaburuen elkarteak eta CCOO zein UGT sindikatuek urte luzez saldu dute elkarrizketa sozialaren ereduak Nafarroako ekonomiari emandako onura, baina etekina batik bat haiek jaso dute: 2008an Urrezko Domina eman zien gobernuak CENi eta CCOO-UGTri; era berean, hiru elkarteotako ordezkariak presente egon dira Nafarroako Kutxaren aginte organoetan 2004tik Caixabankek irentsi arte. Botere erlazio hori ez da galdu, ordea. Urriaren 3an, jarduera ekonomikoa sustatzeko bi urterako 546 milioi euroko plana hitzartu zuten hirurek, eta, urriaren 4an, PSNk Nafarroako Gizarte Elkarrizketaren Kontseiluari buruzko lege proposamena aurkeztu zuen parlamentuan. ELAk atzo salatu zuen UPNren gobernuak eta PSNk patronala eta bi sindikatuak erreskatatu nahi dituztela bi egitasmo horien bitartez.

Mitxel Lakuntza Nafarroako ELAko koordinatzaileak eta Iñaki Zabaleta ikerketa bulegoko arduradunak bi proiektu horien inguruko azterketa aurkeztu zuten atzo. Lakuntzaren arabera, gizarte elkarrizketaren ereduak porrot egin du, eta diru publikoa benetan xahutu da, «azkenean haietako batek onartu bezala, inportanteena plana sinatzea delako eta zer emaitza lortzen den ez duelako inporta». Atzean erakundeon erreskate bat dagoela uste du: «Bankuak erreskatatzen diren moduan, erreskatatzen dira patronala edo sindikatuak, sistemak lagunak salbatzen dituelako».

ENPLEGU PLANA



1998tik 2014ra bitartean lau enplegu plan hitzartu dira Nafarroan, eta guztietan eragile berberen sinadurak ageri dira: UPNren gobernuarena, CEN patronalarena eta CCOO eta UGT sindikatuena. Orain, bosgarren planari beste izen bat eman diote: Jarduera ekonomikoa eta enplegua sustatzeko plana. Urriaren 3an aurkeztu zuten, eta 2015ean zein 2016an susperraldi ekonomikoa sustatzeko 546 milioi euroko aurrekontua aurreikusten du.

Alta, ez komunikabideei aurkeztutako dosierrak ez akordioak berak ez dute zehatz-mehatz azaltzen zer diru sail egongo diren. Iñaki Zabaletaren arabera, «aldez aurretik kalkulatutako anbiguotasunez eta iluntasunez» jokatzen du: «Akordioa aztertuta, ez dago esaterik zertan gastatuko diren 546 milioi euroak. Ez dago esaterik zer helburu jartzen diren, helburuak betetzen direla egiaztatuko duten adierazlerik badagoen edo zer irizpideren arabera banatzen diren laguntzak. Azken finean, ez dago jakiterik nola kudeatuko duten diru publikoa».

Zabaletak argi du gardentasun falta hori «nahita» egiten dutela. Azpimarratu du, adibidez, akordioan bertan agertzen ez diren datuak daudela CCOOk afiliatuei banatutako propagandan. «Sinatzaileek diru publikoa nola kudeatuko den informazio gehiago dute, eta erabaki dute ez ematea horren berri. Ezkutatu egin dute, eta erabat kezkagarria da».

CCOOk bere barne aldizkarian dio hiru milioi euro jarriko direla negoziazio kolektiboan sektore hitzarmenak bultzatzeko —lehen bertsioan lau milioi ere aipatzen ziren—. Mitxel Lakuntzari guztiz deigarria egin zaio datu hori: «Zer ondorioztatu behar da, hitzarmenak sinatzeagatik dirua kobratuko dela eta hiru milioi euroko diru sail bat egongo dela?». Haren ustez, gardentasun falta eta diru publikoaren kontrolik eza «ustelkeriarako deia»dira, eta, era berean, guztiz baldintzatzen du sindikalismoaren autonomia. «Diru publiko bidez erakundea puzten denean, nahi dena egiteko askatasuna galtzen du erakundeak, eta, ondorioz, uko egiten zaio sindikalismoa egiteari».

KONTSEILU SOZIALAREN LEGEA



Urriaren 4an, PSNren ekimenez, Gizarteko Elkarrizketarako Nafarroako Kontseiluaren lege egitasmoa aurkeztu zen parlamentuan. Prozedura azkar bidez egingo da tramitazioa, eta asmoa da azaroaren 6an irakurketa bakarrean eztabaidatu eta bozkatzea. Legeak dioenez, «ordezkaritza handieneko eragile ekonomiko eta sozialen elkargune» izango da kontseilua, eta gizarte elkarrizketasustatzea izango du xede. Batzorde iraunkor bat, batzorde espezializatuak eta bulego tekniko bat izango ditu. Lege proiektuak kontseilua finantzatzeko diru laguntza bat aurreikusten du, eta haren zenbatekoa KPIren arabera igoko da urtero.

ELAren arabera, lege proiektu horren tramitazioarekin PSNk «lan zikina» egin die patronalari eta CCOO-UGT sindikatuei. «Premiazko prozedura bidez egin nahi dute, erakundeok arazo asko izan ditzaketelako euren antolamendua mantentzeko», esan du Lakuntzak. Azaroaren 6ko eztabaidari begira, ELAk dei egin die oposizioko taldeei, elkarrizketa sozialaren atzean zer ezkutatzen den hausnartu dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.