Igor Eizagirrek, ELAko sektore publikoaren arduradunak funtzionarioen behin-behinekotasun tasaren inguruko datu argigarriak eman ditu: «Europan, langileen %20k sektore publikoan dihardute; Espainian, %16k; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, %12k. Azken horien artean %40 behin-behineko baldintzetan daude; sektore pribatuan, aldiz, behin-behinekotasuna %23koa da». Eizagirreren hitzetan, behin-behinekotasun hori sistemikoa da, erakunde eta sektore guztietan gertatzen delako.

Egoera transbertsal horren datuak eman ditu, behin-behinekotasun tasa sektorez sektore aletuz: %56koa da Jaurlaritzaren administrazio orokorrean —2010ean egin zituzten azken oposizioak—; %48koa hezkuntzan; %58koa Osakidetzan; eta %44koa Justizian. Salbuespen bakarra Ertzaintza litzateke, behin-behineko agenterik ez dagoelako. Udaltzainen artean, berriz, badago behin-behinekotasuna, %30 ingurukoa, sindikatuaren datuen arabera. Halere, Eizagirrek ohartarazi duenez, Ertzaintzan ere pribatizazioa apurka sartzen ari da garbiketan eta zaintzan. Esaterako Erandioko (Bizkaia) eta Arkautiko (Araba) ertzain etxeek segurtasun pribatua dute.
Datuak horiek dira eta, sindikatuaren diagnosiaren arabera, hiru arrazoi ezkutatzen dituzte: «Pribatizaziorako pausoak ematea, enplegu publikoa suntsitzea erraztea eta diziplina tresna gisa erabiltzea». ELAren ustez, egoera horrek langileen baldintzetan eragina du, baita herritarrek jasotzen duten zerbitzuaren kalitatean ere. Alde horretatik, alderdiei gogoratu die «zeresan handia» dutela Espainiako Gobernuan, eta Langile Publikoen Oinarrizko Estatutuaren aldaketa baldintzatu dezaketela. Jaurlaritzaren ahalmen legegileari dagokionez, orain arte harturiko neurriek ez dutela balio salatu du, besteak beste langile eta sektore asko bere aplikazio eremutik kanpo uzten dituelako.
Antzinatasuna, meritu
Baina nola lortu kontsolidazio hori? ELAk hainbat proposamen plazaratu ditu. Horretarako, lehenbizi esparru bakoitzean estrukturalak diren lanpostuak zehaztu behar dira, beharren benetako dimentsioa ezagutzeko. Esaterako, behin-behineko langile batek postu bat hiru urtez betetzen badu, estrukturaltzat jo beharko litzateke, eta plaza finkoa sortu. Balizko finkatze prozesua ere definitu du: oposiziorik gabe, edo, hautatze proba egotekotan, gehienezko puntuazio globala duena —gehienez 1,5 urteko esperientziaren parekoa—. Era berean, meritu gisa baloratu beharko litzateke postu horretan lan eginiko denbora. Azkenik, halakoak betetzen ez dituzten administrazioak zigortzeko mekanismoa sortu beharko litzateke.
Egitasmo horrek zalantza bat azaleratzen du: justua al da inoiz langile publiko ez izan eta postu hori lortzeko lehian sartu nahi dutenentzat? Eizagirre: «Salbuespen egoera batek salbuespen konponbideak behar ditu. Ez da egoera normala. Prozesu honekin pribatizazioa gelditu nahi dugu, eta lanpostu publiko berriak finkatu. Langile publiko gehienen adina 50 urtetik gorakoa dela kontuan hartuta, epe motzean postu publiko bat lortzeko aukerak asko handituko dira».
Etziko greba deialdia Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara mugatzen da. Halere, Nafarroako egoera antzeko dela salatu du ELAk. Osasunbidean, esaterako, behin-behinekotasun tasa %45etik gorakoa da, eta han ere mobilizazio dinamika hasi nahiko luke. «15.000 langile daude behin-behinean. Guk gure esku dagoena egingo dugu kontsolidazioa bultzatzeko. Beste sindikatuak dira egun behar hori ikusten ez dutenak».