Espainiako Kongresuak joan den astean onartutako lan erreformak ez du bake soziala ekarriko Hego Euskal Herriko lantokietara. Astelehenean, LABek euskal erakundeei eskatu zien moduak bilatu zitzatela erreforma horren aplikazioa eteteko; atzo, berriz, ELAk agindu zuen enpresetara borroka eramango duela, haren ustez lan araudi berrituak dakarren estatalizazioa geratzeko.
Bilbon egindako agerraldian, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak azaldu zuen ez duela amore eman nahi, «bozketa esperpentiko batean» ezezkoak porrot egin arren: «Zapateroren eta Rajoyren erreformak indargabetzeko borroka ez da amaitu».
Batetik, EAJri eta EH Bilduri eskatu zien erreformak ukitu gabeko gaiak —kaleratzeak, ABEEak, hitzarmenen lehentasuna...— lehenets ditzatela Espainiako Gobernuarekin izango dituzten negoziazioetan. Bestetik, grebak tresna gisa duen indarra nabarmendu du ELAk: «Estatuko greba guztien %42 eta grebak direla medio galdutako egunen %45,7 EAEn izan dira. Horri Nafarroako datuak erantsiz gero, ondorioa da CCOO eta UGT batera dauden lekuetan adina greba dagoela ELA presente dagoen eremuetan», azaldu du Pello Igeregi negoziazio kolektiboko arduradunak.
Lan hitzarmenen eguneratzea izango da borrokagunea. Aurten sektoreko 93 lan hitzarmen negoziatu behar dira Hegoaldean, eta beste 404 enpresako hitzarmen. Negoziazio horietan «2012ko lan erreformaren funtsezko elementuak indargabetzen jarraituko» dutela agindu du ELAk, eta indar berezia jarriko dutela enpresek alde bakarrez lan baldintzak aldatzeko aukera indargabetzean eta kaleratzea garestitzean.
Estatalizazioa
Bertako hitzarmenak alde batera utzi eta Espainiakoak inposatzearekin kezkatuta azaldu da ELA. Uste du Yolanda Diazen lan erreformak zabalik uzten duela horretarako aukera, bertako itunei lehentasuna emateko Confebaskekin egindako akordioa gorabehera. Izan ere, estatuko negoziatzaileei aukera ematen die negoziazio gaiak autonomia edo probintzia itunetan mugatzeko.
ELAk estatalizazio horren adibide bat eman du: «Izugarri kezkatu gaitu sukaldaritza kolektiboko EAEko lehen negoziazioa martxan jarri nahi izan dugunean CCOOko kideek mahaia osatzerik ez zegoela esateak, 'estatuko hitzarmeneko batzorde paritarioaren baimenik ez duelako'. Hau da, hitzarmen horren negoziazioan, EAEn %10etik beherako ordezkaritza duen sindikatuak debekatu egin nahi die %85etik gorako ordezkaritza dutenei hemen estatuko hitzarmenaren miseriazko baldintzak hobetzea».
Mari Cruz Elkoro Zerbitzuen ataleko idazkari nagusiak, berriz, lan baldintzak Madrilen finkatzearen kalteak azaldu zituen. «Eskola jantokietako beharginei ostalaritzako probintzia hitzarmena aplikatu ordez, estatuko sukaldaritza kolektibokoa ezarri zaie: Bizkaian, orduko 11,49 euro jaso ordez, 7,6 euro kobratuko dute, eta urtean 50 ordu gehiago lan egin. Beste kasua bulegoen sektorea da, non, aurrerako eragina bukatuta, hitzarmenaren indarraldia desagertu eta estatukoa aplikatzen hasi baita. Kategoriaren arabera, langileek urtean 3.000 eta 5.000 euro gutxiago irabaziko dute».
ELAk lantokietara eramango du estatalizazioaren aurkako borroka
EAJri eta EH Bilduri eskatu die lan erreformak ukitu ez zituen gaiak lehenesteko Madrilekin negoziatzen dutenean. Gogorarazi du Espainiako hitzarmenek baldintza kaskarragoak dakartzatela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu