ELAk patronalaren jarrera «autoritarioa» salatu du, eta esan du lan gatazkak ugarituko direla

Sindikatuak ohartarazi du lan hitzarmenen eguneraketan «arrakala nabarmena» dagoela gizonen eta emakumeen artean.

2024ko urtekaria aurkeztu dute gaur ELAko Ane Zelaiak eta Pello Igeregik Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
2024ko urtekaria aurkeztu dute gaur ELAko Ane Zelaiak eta Pello Igeregik Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2025eko otsailaren 12a
15:25
Entzun

ELAren iritzian, Hego Euskal Herriko patronalek azken egunetako adierazpen eta erabakiekin agerian utzi dute beren jarrera aldatzeko asmorik ez dutela, eta, euskal ekonomia hartzen ari den bidea kontuan hartuta, ohartarazi du datozen hilabeteetan lan gatazkak areagotuko direla. 

Iragarpen hori egin du sindikatuak iaz egindako lana jasotzen duen urtekaria aurkezteko agerraldian. Guztira, 225 enpresa hitzarmen eta hamabost sektore hitzarmen sinatu zituen ELAk 2024an, Pello Igeregi ELAko negoziazio kolektiboko arduradunak zehaztu duenez, eta nabarmendu du greba «ezinbestekoa» izan dela akordio horiek erdiesteko. Horren harira, salatu du patronalak eta gobernuak «oso autoritarioak» direla, eta «grebak eta mobilizazioak mahai gainean» daudenean besterik ez dutela negoziatzeko borondatea erakusten.

Sektore hitzarmenei dagokienez, 36 sinatu zituzten iaz Hego Euskal Herrian. Horietako hamahiru adosteko, langileek grebara jo behar izan zuten. Enpresa hitzarmenei dagokienez, 225 sinatu zituen sindikatuak, eta lanuzteak egin zituzten horietatik 112tan. Grebaren garrantzia azpimarratzeaz gain, «greba kutxa» funtsezkotzat jo du Igeregik. «Iaz, 5.653 pertsonak kobratu zuten handik», erantsi du ELAko sindikalismo arloko arduradun Ane Zelaiak.

Iaz sinatutako hitzarmenek 54.095 langileri eragin diete. Oraindik azaroko eta abenduko datu ofizialak ez badituzte ere, gaur egun Hego Euskal Herrian 532.500 beharginek dute euren hitzarmena eguneratuta. Igeregik zehaztu duenez, itunen eguneraketan «arrakala nabarmena» dago gizonen eta emakumeen artean: «Gizonezkoen %70ek euren hitzarmena indarrean dute, eta emakumeen %59,9k».

«[Confebaskek] gutxieneko soldataren eztabaida errefusatu du, eta erakutsi du patronal horrekin ezin dela negoziatu mobilizazioa eta greba dinamikarik ez badago»

PELLO IGEREGIELAko negoziazio kolektiboko arduraduna

Bide horretan, joan den astean sindikatuek eta Confebaskek Lan Harremanen Euskal Kontseiluan (LHK) izandako bilera ekarri du gogora negoziazio kolektiboko arduradunak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lanbide arteko gutxieneko soldata propio bat negoziatzeko bildu ziren, baina lehenengo bileran bertan patronalak esan zuen ez zuela jarraituko negoziazio mahaian. Igeregiren iritziz, egun horretan patronalak «bizkarra» eman zien «sektore zaurgarrienei», emakumeak erdigunean dauden horiei, hain zuzen: «Gutxieneko soldataren eztabaida errefusatu zuen, eta erakutsi zuen patronal horrekin ezin dela negoziatu mobilizazio eta greba dinamikarik ez badago».

Eusko Jaurlaritzaren jarduna ere kritikatu du Igeregik, «aurpegi batzuk» aldatu arren «autoritarismoari» eutsi baitiote. Argi dute ezinbestekoa izango dela hurrengo hilabeteetan grebak eta mobilizazioak antolatzea, administrazio publikoan lan egiten duten langileen hitzarmenak eguneratu nahi badituzte.

Igeregiren arabera, erdietsitako akordio guztiek 19.600 euroko gutxieneko langa gainditu dute, hau da, 1.400 euroko soldatak adostu dituzte. «Batez beste, ELAk %3,75eko soldata igoera adostu zuen 2024an langile guztientzat, eta %3,89koa emakumeentzat». Are, azpimarratu du hitzarmenen %89k KPIa bermatzen dutela: «KPIa bermatu ez dutenek, jasotako soldata igoera eta inflazioaren bilakaera ikusita, ziurrenik KPItik gorako soldata igoerak jasoko dituzte», erantsi du.

Duela lau urte «sindikalizazio prozesu berria» jarri zuen martxan ELAk, Zelaiak azaldu duenez. Ordutik «konfrontazioa lantokiz lantoki» sortzea izan dute helburu, batez ere «sindikalismo klasikoaren bazterretan» geratu diren esparruetan. Iaz, 250 atal sindikaletan aktibatu zuten prozesua, eta ia 900 ordezkarik hartu zuten parte.

CCOOren eta UGTren «tranpa»

Bestalde, Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpen baten berri jakin zen atzo, esanez enpresek aukera dutela sektore hitzarmenean ezarritako soldatak baino txikiagoak ezartzeko, baldin eta aldez aurretik euren hitzarmen propioa sinatuta baldin badute. Igeregik esan duenez, «horrelako hainbat epai» atera dira azkenaldian. «Orain arte, ez geunden bereziki kezkatuta horrekin, [Espainiako] estatuko hitzarmenek indarraldia galdutakoan, hemengo hitzarmenek lehentasuna hartzen zutelako».

Orain, baina, aitortu du «kezka puntu bat» dutela, patronalek eta CCOO eta UGT sindikatuek «tranpa egitea» erabaki dutelako, enpresa hitzarmen horien indarraldia luzatzen ari direlako eta itun bat beste batekin lotzen dutelako, lurraldeetako hitzarmenek lehentasuna hartzea oztopatuz. Alde horretatik, UGT eta CCOO sindikatuen jarrera kritikatu du, egiten ari direna langileen «lan baldintzak okertzea» dakarrelako.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.