ELAk "kontrabotereko sindikalismoa" eskaini du hauteskundeen atarian

Enpresetako ordezkarien %42,6 aukeratuko dituzte bozetan. Soldatek 30 urteotako ekarpen txikiena egiten dute aberastasunaren banaketan, eta Muñozek deia egin du prekaritateari aurre egiteko

ELAk "kontrabotereko sindikalismoa" eskaini du hauteskundeen atarian.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2018ko irailaren 11
00:00
Entzun

Politikan eragin eta prekaritatea amaitu. ELAk helburu horiekin ekingo die hauteskunde sindikalei, datorren astean hasi eta 2019ko apirilera arteko epean izango direnak. Enpresetako ordezkarien %42,6 hautatu eta berrituko dira tarte horretan, eta, horregatik, «sindikatuarentzat garai garrantzitsua» dela esan zuen Adolfo Muñoz idazkari nagusiak, atzo; «orain arte egindako lana neurtzeko balioko du». Hego Euskal Herriko lantegietan dauden 23.501 ordezkarietatik 9.998 aukeratuko dituzte, eta «politikan eragiteko moduko» emaitza lortu nahi du ELAk, «instrumentalizatuak ez izateko». Era horretan, soilik lortuko baitute, Muñozen arabera, «prekaritatearen katea apurtzea burujabetzaren eskutik».

Hego Euskal Herriko sindikatu nagusia da ELA, ordezkarien %36,2rekin, eta, 2014an zituenekin alderatuz gero, gehien hazi den sindikatua da, ELAk berak gogorarazi zuenez: 1,12 puntu. Pareko hazkundea izan du denbora tarte berean LABek, 1,10 puntukoa, eta ordezkarien %18,23 dauzka. Izan ere, bi sindikatu abertzaleak izan dira lau urteko epe horretan gora egin duten bakarrak. Ia 800 ordezkari berri lortu dituzte azken lau urteetan. Txanponaren beste aldean daude CCOO eta UGT, 0,54 eta 1,38 puntuko galerekin hurrenez hurren, denbora tarte berean, eta 241 ordezkari galduta. «Langileek kontrabotereko sindikatuen alde egin dute, euren eskubideen alde lan egiten dutela badakitelako», Muñozen arabera.

Datuei begiratuz gero, ELA izango da oraindik ere sindikatu nagusia, baina apurka gora egitea izango da euren helburua. «Benetako autonomia lortu behar du sindikalismoak», Muñozen ustez, gaur egun botere ekonomiko eta politikoan «sindikatuen eraginkortasuna mugatzeko saioa» sumatzen duelako. «Kontraboterekoak» diren sindikatuak, batez ere. Horregatik garrantzitsua iruditzen zaio enpresetan egingo diren hauteskunde hauetan nagusitasun hori berrestea.

%40 arteko soldata igoerak

Baina sindikatu baten funtzioa langileen eskubideak defendatzea da, eta azken urteetan «baldintzak hobetzen zituzten akordioak» sinatu dituztela azaldu zuen idazkari nagusiak. «Une honetan gizartean iraultza kontserbadore bat gertatzen ari da, eta jendea babesik gabe geratzen ari da; horregatik, bagenekien KPIari lotutako soldata igoerek langileak miseriara kondenatzen zituela». Eta horren jakitun, azken hilabeteetan lortu dituzten akordioen soldata igoerak nabarmendu zituen:%8, %15, edo %20koak ere izan direla azaldu zuen, eta baita %40koak ere kasuren batean. «Meritua dauka igoera horiek lortu izana», azaldu zuen lorpen horiekin harro. Lan baldintza horiek hobetzea prekarizatutako sektoreetan gertatu dela esplikatu zuen Muñozek, eta nabarmendu zuen borroka ildoak horretara jo behar duela. «Emakume aurpegia duten borroketan lan egin beharra dago, eta, horregatik, sindikalismoak feminismoari begiratu behar dio».

Soldata igoera horiek «inoiz baino beharrezkoak» direla erantsi zuen. «Izan ere, azken 30 urteetan soldatek aberastasunaren banaketan izan duen pisurik txikiena daukate gaur egun». Horren erantzule egin zituen azken urteetako lan erreformak eta murrizketak, eta ELAko idazkari nagusiak salatu zuen «langileen indarra ahultzea» beste helbururik ez dutela. Egoera horren aurrean, «sindikatua langileen zerbitzura» jarri behar dela aldarrikatu zuen. «Gaizki pasatzen ari den pertsona hori defendatzea izango da gure helburua; gure borroka, gainera, demokraziak eskaintzen dizkigun bideetatik egingo dugu, boterearentzako muga batzuk direlako».

Negoziazio kolektiboaren alorrean egindako lana defendatu zuen, era berean, Adolfo Muñozek, soldata igoera horiek ere «ahalegin horretatik iritsi direlako». ELA burujabetzaren alde dagoen heinean, sindikatuak lan harremanetako euskal esparrua ere defendatu zuen, bertako lan baldintzak bertan erabaki daitezen. «Hauteskundeetan bide horretan sakontzeko aukera egongo da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.