Lema kolpea eman eta politika publikoetan norabidez aldatzeko eskatu zion joan den uztailean ELAk Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariari. Urkulluren gobernuarekiko «jarraitutasun ildoa» sumatu baitzion hasieratik Pradalesen gobernuari. Bada, mezu berbera helarazi dio sindikatuak gaur Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuari ere. Ziurtatu dio patronalaren esku dagoela lan gatazkak murriztea, hark egiten diolako uko «oinarrizko hobekuntzak» onartzeari.
Bilbon elkartu dira gaur goizean Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariordea eta ELA sindikatuko ordezkariak, Mitxel Lakuntza idazkari nagusia buru zela. Bilera horretan, ELAk bere kezkak eta proposamenak azaldu dizkio sailburuari. Mahai gainean izan dituzten gaien artean daude, besteak beste, lan harremanen esparru propioa eta lan segurtasuna. Horietako gehienak Lakuntzak lehendakariari eman zion dokumentuan jasota daude, sindikatuak gogorarazi duenez.
Laneko segurtasunari dagokionez, esku hartzeko eskatu dio ELAk Torresi, eta neurriak hartu ditzala lan istripuen eta laneko gaixotasunen «gehiegizko kopurua amaiarazteko». Izan ere, «bultzada eta erabakitasun falta» sumatzen dizkio sindikatuak Osalani. Horri aurre egiteko, uste du ezinbestekoa dela ikuskaritzak eta zigorrak areagotzea. Baita ikuskatzaile kopurua handitzea ere: lantaldea 120 ikuskatzailera handitzeko eskatu dio.
Etxeko langileen auziari heltzea ere galdegin dio, eta onartzea langile horiek hitzarmen kolektibo bat izateko sindikatuak egin zion eskea. ELAk gogorarazi du eskaera horren tramitazioa martxan dagoela eta, patronalak trabak jarri arren, Lan Sailari dagokiola hari buruz erabakitzea. Sindikatuaren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 30.000 behargin inguru ari dira lanean arautu gabeko sektore «prekario» horretan.
Esparru propioa
ELAk berretsi du prest dagoela Jaurlaritzarekin aldebiko harremana izateko eta akordio posibleak lantzeko eta aztertzeko. Baina argi utzi du sindikatua ez dela gainerako mahaietan eseriko baldin eta foro horien oinarriak eta erabakiak aldatzen ez badira. Are gehiago, ELAk lehendakariordeari eskatu dio «hausnarketa zintzoa» egin dezala mahai horien «defizit demokratikoari» buruz, eta, bereziki, elkarrizketa sozialeko mahaiaren «porrotari» buruz.
«Argi dago langile klasearen arazoak ez direla mahai horietan konpontzen, parte hartzen duten agenteen ezintasunak agerian uzten baitu eraginkortasun falta», kritikatu du sindikatuak. Horren aurrean, lan harremanen esparru propio bat lortzeko bidean urratsak egin ditzala eskatu dio Torresi, besteak beste barne har dezan lanbide arteko gutxieneko soldata bat legez ezartzeko eskubidea.
Confebaskekin «adeitsu»
ELArekin bildu aurretik, Confebaskeko ordezkariak hartu ditu Torresek. Tamara Yague Confebaskeko presidenteak bere proposamenak aurkeztu dizkio lehendakariordeari, eta adierazi prest dagoela «garapen ekonomiko enpresarialaren, enpleguaren eta euskal gizartearen ongizatearen alde» lan egiteko. Ohar bidez jakinarazi dutenez, bilera «adeitsua» izan dute, eta iritziak trukatzeko balio izan du.