ELAk «gatazka soziala eta lan mundukoa» irekita dagoela gogoratu dio Jaurlaritza berriari

Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak kutsu politiko nabarmeneko hitzaldia eman du Maiatzaren Lehenean. Ezkerrari eskatu dio konfrontazio demokratikoa egiteko, «gaur egun ikusten ez duguna».

ELAk Bilbon antolaturiko manifestazioko burua. ARITZ LOIOLA / FOKU
ELAk Bilbon antolaturiko manifestazioko burua. ARITZ LOIOLA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko maiatzaren 1a
15:45
Entzun

ELAk karga politiko handiko mezua zabaldu du aurtengo Maiatzaren Lehenean. Mitxel Lakuntzak Bilboko mobilizazioaren aurretik hartu du hitza, eta zuzenean mintzatu zaio EAJren eta PSEren arteko egunotako negoziazioetatik osatuko den Eusko Jaurlaritza berriari: «Lehendakari, gatazka soziala eta laborala irekita dago. Norabide aldaketa behar da, orain arte egin ez dena egiteko». Ezkerreko alderdiei ere egin die enkargua, eta benetako konfrontazioa egiteko eskatu die.

ELAk bi manifestazio egin ditu Maiatzaren Lehenean, bat Bilbon eta beste bat Iruñean. ‘Antolatu, borrokatu, irabazi’ lelopean bi hirietako erdiko kaleak gurutzatu ditu. Zuzendaritzako kide gehienak Bilbokoan atera dira, eta haien atzetik, ohi bezala, sindikatuak irekita dauzkan lan gatazketan inplikaturiko langileak joan dira, bakoitza bere pankartarekin. Jendetza bildu da, azken urteetako Maiatzaren Leheneko manifestazioetan adina.

«Konfrontazio politiko, sozial eta sindikala ezinbestekoa da. Zer akordio lortu daiteke botere ekonomikoen mesedera aritzen direnekin? Botere horien alde fiskalitate eta pribatizazioak gauzatzen dituztenekin?».

MITXEL LAKUNTZAELAren idazkari nagusia

Lakuntzak «bestelako politika baten» beharra exijitu die Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari. «Publikoaren alde egin behar dugu: hasteko, inbertsio publikoa indartuta. Baliabide gehiago behar dira zerbitzuak eta langile publikoen baldintzak hobetu nahi badira». Azken horren harira, nabarmendu du Osakidetza eta Osasunbidea direla aldi baterako lan enpresarik handienak: «Langileen erdiak behin-behinekoak dira». Halaber, erakundeek diru publikoz hedaturiko azpikontratazio sarea kritikatu du: «120.000 lagunek dihardute azpikontrata publikoetan Euskal Herrian, eta horietako asko sektore feminizatuetan».

Mitxel Lakuntza ELAren idazkari nagusia
Mitxel Lakuntza ELAren idazkari nagusia, gaur, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU

Politika horiek aldatzeko eta botere ekonomikoei aurre egiteko «konfrontazio politiko, sozial eta sindikala» ezinbestekoa dela nabarmendu du, eta ezker politikoari leporatu dio alternatiba sendoak planteatu beharrean herri akordioak proposatzen dituela: «Zer akordio lortu daiteke botere ekonomikoen mesedera aritzen direnekin? Botere horien alde fiskalitate eta pribatizazioak gauzatzen dituztenekin?». Gehitu du herri akordioak posible direla eskuinaren edukiak onartzen direnean, eta, haren ustez, ezkerrak ez lukeela horretarako prest egon beharko.

Prekaritatea ezkutatzen

Mezu politikoez gain, patronala ere kritikatu du Lakuntzak, zeinari aurpegiratu dion prekaritatea kamuflatu nahi izatea. «Confebask elkarrizketa sozialaren defendatzaile handienetako bat da; bada, esaten du gurean ez dagoela prekaritaterik; sindikatuen asmakizuna omen da». Halaber, leporatu dio lan osasunaren inguruko ardurarik ez izatea. «Lanpostuan hiltzea da tragediarik okerrenetakoa».

ELA Maiatzaren Lehena
ELAren Maiatzaren Leheneko manifestazioa, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU

Gogoratu du ELAk kanpaina bat hasi duela langile migratuek pairatzen duten esplotazioa salatzeko. Azaldu du gaur egun euskal enpresa batzuek propio hartzen dituztela langile migratuak, haien «babesgabetasun egoerari zukua ateratzeko». Confebaski galdetu dio hori ez ote den prekaritatea: «Horren aurrean isilik gelditzen da, eta hau gure herrian gertatzen ari da». Hainbat enpresatako lan gatazkak izendatu ditu: Eroski, Barcelo hotelak, Ferrovial...

Gatazkekin lotuta, grebak hartu ditu hizpide, eta salatu du haien aurkako kanpaina bat dagoela. Esan du kanpainaren muinean dagoela grebak eraginkorrak direla ezkutatzeko asmoa, baina ez dela egia. «Ez diot nik, datuek baizik», zehaztu du: «Zenbat eta greba gehiago egin, orduan eta hitzarmen gehiago sinatzen dira, eta hobeak. Gure hitzarmenen soldata igoerak hobeak izan dira, %6,5eko igoera gainditzen dute, eta %7,8koa sektore feminizatuetan».

Palestinaren ahotsa, OHOLTZARA

Mitinaren aurretik, ELAk Bilboko Kale Nagusiko oholtza utzi dio Anis Biladi Gernika-Palestina plataformako kideari. 1948an kanporaturiko errefuxiatu palestinarren ondorengoak bere herriaren genozidioa salatu du, eta nabarmendu Europatik iristen ari diren «talde sionistak» gelditu behar direla. Esan du Euskal Herriak bere esku dituen baliabide guztiak erabili behar dituela sarraskia amaiarazteko, eta boikota sartu du tartean. Martxan, Palestinako hainbat bandera ikusi dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.