Amvisa Gasteizko ur-banaketa zerbitzuko arreta arloko langileak greban daude atzodanik. Plantilla handitzeko, lanaldi osoak ezartzeko eta lan egonkortasuna bermatzeko eskatzen dute. Presio egiteko, abenduaren 15era arte ez dira lanera itzuliko. ELAren arabera, lehen eguneko erantzuna «erabatekoa» izan zen.
Alabaina, sindikatuak salatu duenez, mobilizazioen eragina txikitzeko, Gasteizko Udalak segurtasun enpresa bat kontratatu du, eta Amvisako beste eremuetako langile batzuk arreta zerbitzura bideratu ditu. Horrek greba eskubidea urratzen duela iritzita, Lan Ikuskaritzara jo du ELAk.
ELAren ustez, «onartezina da Gasteizko Udala bezalako erakunde batek langileen oinarrizko eskubideak urratzea», eta eskatu dio «prekaritatea amaitzera» bideratzeko indarrak. Horretarako, negoziazio mahaia sortzeko exijitu dute.