ELAk ez du grebara deitu

Azaroaren 14ko deialdiarekin bat egin ez arren, mobilizazioekin jarraituko du, hori delako politikak aldatzeko «bide bakarra»CCOOk eta UGTk «erantzun global bat» ematearen garrantzia nabarmendu dute

Maite Alustiza.
2012ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Azaroaren 14ko greba orokorrerako bi aste ere falta ez direla argitu ditu ELAk bere asmoak:ez du grebara deituko. CES Europako Sindikatuen Konfederazioak bultzatutako ekinbidea da, ELA horren kide da, baina hala ere, ez da deialdira batu. Dena den, «pozik» dago Europan mobilizazioak hedatzen ari direla ikusita.

Bat egin ez arren, aurrerantzean irailaren 26ko grebara deitu zuten sindikatu eta eragileekin elkarlanean jarraitzeko prest dago. Deitzaileen artean egon ziren LAB, ESK, EILAS, EHNE, Hiru, CGT eta CNT. Hilaren 14ari begira, baina, ez dira ados jarri: LAB, EILAS eta Hiru ez dira batu; ESK, CGT eta CNTk, berriz, mobilizatzera deitu dute.

Iraileko lanuztean Espainiako Gobernuaren murrizketei aurre egiteko irten ziren kalera; ELAren arabera, ordea, laster erabaki «latz» gehiago helduko dira. Uste du Espainian ez ezik Hego Euskal Herrian ere gizartearen eskariak ez dituztela aintzat hartzen; langabezia, pobrezia eta etxe kaleratzeak, adibidez. Pertsonen interesak «kapitalaren diktaduraren gainetik» jartzea du helburu ELAk bultzatu nahi duen mobilizazioak, eta horretarako, kalera ateratzeari ezinbestekoa deritzo, hori baita politika aldatzeko aukera ematen duen «bide bakarra».

ELAren iritziz, funtsezkoa da protesta batek hainbat osagai izatea eraginkorra izan dadin, eta hori dela-eta eman dio ezetza hilaren 14ko deialdiari. Finantza boterearen eta kapitalaren mesederako egiten duen edonoren gaineko kritika egin behar da, eta tokiko gobernuei Europako erakundeei bezainbesteko ardura leporatu behar zaie. Gainera, ELAk argi utzi du bere protesten xedea ez dela «elkarrizketa sozial ezdeus bati» babesa ematea.

«Historikoa izan daiteke»

CCOOk eta UGTk atzo erregistratu zuten greba deialdia Bilbon eta Iruñean. «Eraso global bati erantzun global bat eman behar zaio», aldarrikatu zuten sindikatuetako ordezkariek, bat egin ez dutenei erreferentzia eginez. Damaso Casado Euskadiko UGTko idazkari nagusiak lanuztera deitu ditu herritarrak: «Adieraz dezatela beren haserrea kalean, Mariano Raxoiren ustez etxean geratzen denak bera babesten du eta».

Europaren eskariz ezartzen diren politikak aldatzeko garaia izan daitekeela uste dute, eta sindikatuen batasuna ardatzetako bat izan daitekeela hori lortzeko. Greba «historikoa» izan daiteke, Nafarroako CCOOko Jose Maria Molineroren ustez, aldarriaren hedadura kontuan hartuta. Hego Euskal Herrian eta Espainian ez ezik, beste hainbat herrialdetan ere izango dira elkarretaratzeak eta protestak. Portugalen eta Grezian gobernuen neurrien aurka irtengo dira kalera —Portugalen CGTPk deitu du, eta Grezian, GSEEk eta ADEDYk—. Frantzian, Italian, Alemanian eta Belgikan «mobilizazio eguna» iragarri dute.

Aberatsenei, gehiago

Diru «nahikoa» dago murrizketak ez diren beste neurri batzuk hartzeko. Hala adierazi zuten atzo Alemania, Austria eta Suitzako hainbat sindikatuk. Haien arabera, krisiaren faktura aberatsenei pasatu beharko litzaieke, ongizate estatua «desegiteari» uzteko. Alemaniako Verdi sindikatuak Angela Merkel kantzilerrarengana bideratu zituen kritikak zuzenean. «Esaten du gure ahalmenaren gainetik bizi izan garela, baina langileak, langabeak eta pentsiodunak ari dira gerrikoa estutzen, eta aberastasun handiak ez dira ukitzen», salatu du Frank Bsirske presidenteak.

Verdirekin batera, Unia eta GPA sindikatuek inkesta bat egin berri dute, eta horretan bildu dutenez, herritarren gehiengoak uste du gaizki banatu direla krisiari aurre egiteko kargak. «Aberastasun handiak dituztenek atzean utzi dute krisia, eta krisiaren aurretik baino kapital gehiago dute», dio Bsirskek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.