ELAk eta LABek gutxieneko soldataren zenbatekoa zehaztu dute: 1.500 euro gordin hilean

Martxoaren 20an Lan Harremanen Kontseilura eramango duten eskaintzaren oinarria da, eta ez dakite Confebask agertuko den. 'Gai jakinak lantzeko akordioa' deitutakoa proposatu dute, eta lan hitzarmenik gabeko langileei ere eragingo lieke.

Steilas, LAB, ELA eta ESK-ko ordezkariak, «gutxieneko soldata propio zehatzaren» berri emateko eginiko agerraldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Steilas, LAB, ELA eta ESK-ko ordezkariak, «gutxieneko soldata propio zehatzaren» berri emateko agerraldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2025eko martxoaren 13a
12:30
Entzun 00:00:0000:00:00

ELAk eta LABek gutxieneko soldata propiorako proposamen bateratua adostu dute: 1.500 euro gordineko hamalau ordainketa —21.000 euro gordin urtean— eta bi urteko epea kopuru horretara iristeko. Hori da martxoaren 20an Lan Harremanen Kontseilura eramango duten eskaintzaren oinarria. Gai jakinak lantzeko akordio baten bitartez ezartzea eskainiko diote patronalari, eta, sindikatu abertzaleen kalkuluen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langileen %20ri eragingo lieke aldaketak, «batez ere lan hitzarmenik ez dutenei eta Espainiako lan hitzarmena dutenei».

«Eskaintza xume eta egingarri bat jarri dugu mahai gainean», azaldu du Pello Igeregi ELA sindikatuko negoziazio kolektiboko arduradunak. 1.500 euro horiek ELAk (1.795 euro) eta LABek (1.600 euro) aurrekoan aurkeztu zituzten soldata proposamenak baino apalagoak dira, baina pragmatikoak izan direla adierazi dute: «Ez diegu uko egiten kopuru horiei, ezta ere horiek kalkulatzeko formulei. Beste kontu bat da, negoziazio guztietan bezala, akordio batera iristeko borondatea dugula. Langile kopuru handienari eragingo dion akordio bat nahi dugu».

316

Zenbat euroren aldea dago Espainiak ezarritako gutxieneko soldatarekiko Sindikatuek 1.500 euro gordineko gutxieneko soldata eskatuko dute; kopuru hori Espainiako Gobernuak ezarritakoa baino 316 euro handiagoa da. Egun 1.184 euro gordinekoa da Hego Euskal Herrian aplikatzen den gutxieneko soldata. Dena den, zehaztu behar da sindikatuen eskaeraren arabera 2026an ezarriko litzakeela gutxieneko soldata propioa, eta Espainiak ezartzen duen gutxieneko soldata urtez urte handitzen da.

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek agerraldia egin zuten otsailaren 24an, gutxieneko soldata propiorako eskaintza bateratua lantzen ari zirela jakinarazteko. Confebaskek aurreko eskaintzen inguruan ez negoziatzea erabaki ondoren egin zuten hori. Agerraldi hartan iragarri zuten bilera bana eskatuko zietela erakunde publikoei eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako patronalei. Bada, hiru aste geroago, patronalek uko egin diete bilerei, eta ez Imanol Pradales lehendakariak ezta Mikel Torres lehendakariordeak ere ez diete erantzun.

«Patronal harroputz batekin egin dugu topo. Negoziazio kolektiboa haren ardura da, eta uko egiten dio. Negoziatzeko asmorik ez dagonean, gatazka da langileoi gelditzen zaigun aukera bakarra», ohartarazi du Oihana Lopetegi LABeko negoziazio kolektiboko arduradunak. Gutxieneko soldatak lehiakortasunean izan dezakeen eragina aipatu zuen Confebaskek aurreko eskaintza ez negoziatzeko argudio gisa, eta Igeregik erantzun egin dio: «Euskal enpresen lehiakortasuna 1.500 euro baino gutxiagoko soldatetan oinarritzen bada, norbaitek azalpenen bat eman beharko luke».

«Euskal enpresen lehiakortasuna 1.500 eurotik beherako soldatetan oinarritzen bada, norbaitek azalpenak eman beharko lituzke»

PELLO IGEREGIELAko negoziazio kolektiboko arduraduna

Ez dute ukatu zalantza handiak dituztela Confebasken erantzunaren inguruan, eta ez dakitela martxoaren 20ko deialdira agertuko den. «Hausnartuko dutela espero dugu», azaldu du Lopetegik. CCOOrekin eta UGTrekin, aldiz, ez dira bildu, baina bilerara agertzeko eskubidea dute. Aurreko deialdian lau sindikatuak elkartu ziren mahaian; Nafarroan, aldiz, bi sindikatu horiek uko egin zioten ELArekin eta LABekin biltzeari.

Jaurlaritzari ere dei egin diote, eta Confebask negoziatzera behartu dezan eskatu. «Antzeko maila ekonomikoa duten Europako beste herrialde batzuetan legez ezartzen dute gutxieneko soldata, eta gurea baino 400 edo 500 euro handiagoa da», aldarrikatu du Igeregik. Lopetegik, aldiz, Pradalesen orain arteko jarrera kritikatu du: «Patronalaren diskurtsoa erosi du, eta soldataren negoziazioa produktibitatearekin eta absentismoarekin lotu du».

Legezko oinarria

Azaldu dutenez, gai jakinak lantzeko akordio bat eskainiko diote patronalari, eta Igeregik argitu du langileen estatuaren 83. artikuluak arautzen duen akordio mota bat dela. «Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langile guztiei eragingo lieke, baita lan hitzarmenik ez dutenei ere: etxeko langileei, bizikletako banatzaileei...», zehaztu du Lopetegik. Eta zenbat lirateke? «Bada, guztien %20 inguru, gehienak lan hitzarmenik gabeko langileak edota Espainiako lan hitzarmena dutenak».

«Patronal harroputz batekin egin dugu topo. Negoziazioari atea ixten zaionean, gatazka da langileei gelditzen zaien bide bakarra»

OIHANA LOPETEGILABeko negoziazio kolektiboko arduraduna

Bi urteko epean iritsi beharko lirateke enpresak kopuru horretara, 2026. urte hasierarako. Igeregik gaineratu du iaz Araba, Bizkai eta Gipuzkoan sinatu ziren sektore mailako 27 lan hitzarmenetatik 24tan 1.400 eurotik gorako soldatak onartu zirela tauletako maila guztietan eta horregatik iritzi diotela oso egingarria dela. Egun, Hego Euskal Herriko gutxieneko soldata minimoa Espainiako gobernuak UGT eta CCOO sindikatuekin adosturikoa da: 1.184 euro gordineko hamalau ordainketa.

Nafarroari dagokionez, ekimenak traba asko izan ditu. Sindikatu abertzaleek eskaera boikotatzea egotzi diote UGTri, CCOOri eta CEN patronalari. Maria Txibite presidenteak ere esana du ez dela egingarria Nafarroak lan eskumenak ez dituelako eta, haren ustez, ez delako bideragarria legeari dagokionez.

Sinadura bilketa, hastear

Sindikatu abertzaleek beste bide bat ireki zuten gutxieneko soldata propioa lortzeko: herri ekinaldi legegile bat (HEL) sustatzea. Nafarroako Parlamentuko mahaiak ez zuen eskaera onartu, Eusko Legebiltzarrekoak, aldiz, bai, eta Eusko Jaurlaritzari bidali dio eskaera. Sindikatuak aurki hasiko dira sinadura bilketarekin. Lau hilabete izango dituzte 10.000 lortzeko. HELaren eskaria Jaurlaritzari zuzendua da, eta eskatzen diote gutxieneko soldata propioa ezartzeko behar dituen eskumenak eska diezazkiola Espainiako Gobernuari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.