Lan gatazkak

ELAk eta LABek salatu dute Arcelorreko zuzendaritzak ez dituela aintzat hartzen

Sindikatu abertzaleak mahaitik altxatu ziren iragan ostiralean izandako bileran. Altzairutegiak aldi baterako espediente bat egin nahi du.

Arcelorrek Etxebarrik duen plantako kanpo aldea. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko apirilaren 4a
14:58
Entzun

ELAk eta LABek kritika gogorra egin diote Arcelor altzairutegien zuzendaritzari. Sindikatu abertzaleek egotzi diote ez duela haiekin negoziatzeko asmorik, eta Asturiasko (Espainia) lantegietan ordezkaritza duten sindikatuak (CCOO, UGT eta USO) baino ez dituela aintzat hartzen. Haserre horren erakusgarri, ELA eta LAB mahaitik altxatu ziren iragan ostiralean eginiko bileran. Arcelorrek aldi baterako lan espedientea aplikatu nahi die 7.000 langileri, eta haren baldintzak negoziatzen ari dira.

Iragan asteazkenean, Arcelorrek Gijonen duen altzairutegiko labe garai bat lehertu egin zen. Labe horrek besteak beste Etxebarriko (Bizkaia), Lesakako (Nafarroa) eta Legasako (Nafarroa) lantegietan erabiltzen duten lehengaia ekoizten zuen. Lantegi horiek geldirik daude istripuaz geroztik, eta Arcelorrek bi hilabeteko espediente batean sartu nahi ditu hango langileak. ELAk eta LABek, baina, adierazi dute enpresak ez duela aintzat hartzen haien iritzia.

Sindikatuek azpimarratu dute jarrera hori ez dela berria, zuzendaritzak Espainiako lantegietara baino ez duela begiratzen, eta ez dagoela arduratuta Euskal Herrikoen arazoekin. Are gehiago, ELAren eta LABen ustez, enpresak aspaldi ez du egin «gutxieneko seriotasunik» duen plan industrialik Euskal Herrian. Horren harira, gaur jakin da Espainiako Gobernuko Ministro Kontseiluak 450 milioi euroko diru laguntza bat onartu duela Arcelorrek Gijonen (Espainia) duen altzairutegia berritu dezan. Energia berriztagarriekin ekoizturiko hidrogenoa erabiltzeko egokitu nahi dute. Enpresak 1.000 milioiko inbertsioa egin asmo du guztira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.