ELAk eta LABek Jaurlaritzari: «Espainiako Gobernuaren mugek ez dute eragotzi Ertzaintzan soldata igoerak adostea»

Salatu dute Jaurlaritzak langile publikoen lan baldintzak negoziatzeari uko egiten jarraitzen duela. Mobilizazioak iragarri dituzte, baina grebarik ez.

Eusko Jaurlaritzako langile publikoak Lakuako eraikinean sartzen. RAUL BOGAJO / FOKU
Eusko Jaurlaritzako langile publikoak Lakuako eraikinean sartzen. RAUL BOGAJO / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2025eko martxoaren 18a
18:25
Entzun 00:00:0000:00:00

ELA, LAB, Steilas eta ESK sindikatuak haserre irten dira Sektore Publikoaren Mahai Orokorraren bileratik. Gaur arratsaldean Eusko Jaurlaritzarekin elkartu dira langile publikoen baldintzak negoziatzeko, eta salatu dute «uko egin diotela» eskaintzak aintzat hartzeari. Iragarri dute mobilizazioekin jarraituko dutela, baina grebarik aipatu gabe.

Sindikatuek nabarmendu dute lan baldintzak eta enplegua EAEren esparruan erabaki ahal izatea izan dela bilerara eraman duten eskaera nagusia. Eremu horietan zenbait eskaera jakin egin dizkiote Jaurlaritzari: soldatak igotzea, behin-behinekotasuna %8tik behera kokatzeko neurriak hartzea, lantaldeak gaztetzea, euskalduntze plan eraginkorrak ezartzea, lan osasuna bultzatzea eta berdintasun planak sustatzea.

Eusko Jaurlaritzak, baina, uko egin die eskaerei, betiere sindikatuen arabera. Kritikatu dutenez, Espainiako Gobernuak ezartzen dituen mugak jartzen ditu «aitzakia gisa». Sindikatuen ustez, horrek agerian uzten du Jaurlaritza Espainiako Gobernuaren menpe dagoela; baina zehaztu dute, hala ere, «muga horiek ez dutela eragotzi Ertzaintzan soldata igoerak adostea».

Bileran, Jaurlaritzak aurrez gai zerrendan sartutako bi gai jorratu ditu: txandakako kontratua eta ordainsari osagarriei buruzko dekretua. Lehenengo puntuari dagokionez, bertan behera uzteko asmoa dutela azaldu dute.

Sindikatuek gogoratu dute sektore publikoko lan hitzarmen batzuk duela hamarkada bat berritu zirela azkenekoz, eta mobilizazioekin jarraituko dutela haiek eguneratzeko. Hori bai, ez dute grebarik aipatu oraingoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.