ELAk eremu sindikal «autonomoa» defendatuko du, eta ezkerreko alderdiekin «kritiko» agertu da

16. Kongresurako zabaldutako txostenean, sindikatuak «erabakitzeko eskubidea aitortzea erraztuko duen marko bat» proposatuko du, eta beharrezkotzat jo du «mobilizazio prozesu indartsuak» osatzea.

ELAk 2021eko azaroan egin zuen 15. Kongresua. MONIKA DEL VALLE / FOKU
ELAk 2021eko azaroan egin zuen 15. Kongresua. MONIKA DEL VALLE / FOKU
jon olano
2025eko apirilaren 27a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

ELA «kritikoa» da «ezker politikoak Euskal Herrian jokatzen ari diren rolarekin» eta ez dago «gustura» haien erabaki eta estrategia nagusiekin. Berariaz, Sorturi eta EH Bilduri erreferentzia egin die sindikatuak 16. Kongresurako prestatu duen txostenean: «Ezin izan dugu ikusi zer potentzialtasun izugarria izango lukeen ordezkaritza instituzional garrantzitsua duen ezkerreko indar politiko baten eta kontrabotereko gehiengo sindikal zabal baten elkarlanak, eta halako saiakera bat benetako erreferentzia izango litzateke Europa osoan». Horregatik, «kontrabotereko eremu sozial eta sindikal autonomoa defendatzen jarraituko du» ELAk kongresuan. Haatik, aitortza bat gaineratu du: «Jabetzen gara ezen, instituzioetan ezkerreko politikarik egingo bada eta ELAk txosten honetan defendatzen dituen ildo nagusiek instituzioetan babesik izango badute, alderdi horien bidetik izango dela nagusiki».

ELAk ekainaren 2an eta 3an egingo du 16. Kongresua Bilbon, Langileria antolatu, gizartea eraldatu izenburupean, eta horri begira prestatu duen txostenean jaso ditu datozen urteetarako lan ildoak. Agirian, sindikatuak zabal landu du, besteak beste, burujabetzaren auzia eta horretan sakontzeko beharrezko dituen aliantzen inguruko gogoeta. Horretan, zehaztu du 2017tik aurrera mugimendu subiranistaren «defizit handienetako bat estrategia definitzeko zailtasuna» izan dela, bereziki Espainiako Estatuarekiko harremanetan aldebakartasuna eta aldebikotasuna ulertzeko garaian: «Oraindik ez gara gai izan beste estrategia bat artikulatzeko. Gure sindikatuak, bakarrik, ezin du definitu. Hala ere, uste dugu badaudela abiapuntu errealista bat ezartzen lagundu beharko diguten elementu batzuk: diagnostikoarekin zintzoak izatea; aldebikotasunaren fikzioa amaitzea, eta argi azaltzea eragile bakoitzak nora joan nahi duen».

Sindikatuak 2021eko kongresuaren ingurumarian erabaki zuen euskal errepublikaren alde agertzea, eta ildo horretan sakondu nahi du oraingo txostenean: «Burujabetza soziala da bide justu bakarra, eta gehiengo sozialak burujabetza proiektu nazional batera lotu ditzakeen bide bakarra». Testuinguru horretan, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan estatus politiko berriari buruzko eztabaida mahai gainean dagoela, ELAk dio badakiela balioa ematen «erabateko burujabetzarako bidean aurrerapauso diren urrats zehatzei, nahiz eta txikiak izan». Hori esanda, ohartarazi du ezinbestekoa izango dela Espainiako Estatuak herritarren borondatea errespetatzea, eta sindikatuak ez dituela nahikotzat joko «edozein motatako erreformak eta akordioak».

Zehazki, «herritarrei beren orainari eta etorkizunari zuzenean eragiten dieten gaiei buruz galdetzeko eskubidea ahalbidetzea eta instituzionalizatzea» eskatuko du ELAk: «Kontsulta lotesleak egitea eta gure estatus politikoari eta interes komuneko beste gai batzuei buruz kolektiboki erabakitzeko eskubidea aitortzea erraztuko duen marko bat proposatzen dugu».

Hain zuzen, erabakitzeko eskubidea da sindikatuak autogobernuari buruzko eztabaidan sartu nahi dituen edukietako bat, lan harremanen euskal esparruarekin, euskararen estatusarekin, nazio aitortzarekin edota euskal lurraldeen arteko gutxieneko konfederazio batekin batera. Baina uste du horiek legez jasoko direla soilik «mobilizazio prozesu indartsuak» gertatzen badira: «Gure ardura da eztabaida eta akordioa alderdi politikoen buruzagitza edota elite politikoen kudeaketa soiletik ez eraikitzea».

Euskal Herriaren burujabetzarako bidean «agenda sozial eta subiranista garatzeko», ELAk uste du ezinbestekoa dela «eragile bakoitzaren autonomia errespetatzea eta alderdi politikoen eta sindikatuen eta mugimendu sozialen estrategiak eta agendak modu egokian artikulatzea». Sindikatua «sinetsita» dago artikulazio horren «ahalmenean», uste baitu «gaitasunik eta oinarri militante nahikorik» badagoela burujabetzarako bidea egiteko, eta prozesu horretan «ezinbesteko tresnatzat» du polarizazioa, «bai nortasun politiko sendo bat eraikitzeko, bai autogobernuaren defentsan mobilizazio sozial eta politikoa pizteko».

HIRU KIDE BERRI BATZORDE ERAGILEAN

ELAko Nazio Batzordeak Batzorde Eragilea osatzeko hautagai zerrenda bat aurkeztu du, kongresuan onar dadin. Onetsiz gero, hiru kide berri sartuko dira: Unai Oñederra, Ane Bilbao eta Luis Fernandez. Guztira, hamabi lagunek osatuko dute Batzorde Eragilea, Mitxel Lakuntza idazkari nagusia buru dela: sei emakumek eta sei gizonek.736 ordezkari elkartuko dira kongresuan.

 

 

Kritikak EH Bilduri eta LABi

Estrategia horretan, ordea, ELA kritiko ageri da, alor politikoan, Sorturekin eta EH Bildurekin, eta maila sindikalean, LABekin. 81 orrialdeko dokumentua taxutu dute, eta, bertan, errepaso luzea egin dute ezker subiranistarekin izandako harremanaz; zehazki, gogora ekarri dute Sortuko zuzendaritzari 2013an indarrak artikulatze aldera eginiko proposamena eta 2017an LABekin zabaldutako Aldebakarreko burujabetza prozesu sozial baten alde adierazpena. «ELAk etsipenetik egiaztatu du, ordea, ez dela hori Sortu edo EH Bilduk jorratu nahi izan duten bidea».

Era berean, alderdi horiei egotzi die LAB sindikatutik urruntzea ere: EH Bilduk «akordioak itxi ahala, LAB mobilizazioak, konfrontazioa eta greba dinamika baztertu edo baldintzatzen saiatu» delako. «ELAren ustez, EH Bilduk konfrontazio eta alternatiba eraikitzeko estrategia lehenetsi beharrean, egoeraren erantzule direnekin adostasun eta akordio zabaletara iristeko hautua egiteak eragina izan du LABen ekimenetan». Urruntze horren egiaztapena idatziz jarri du Mitxel Lakuntza buru duen erakundeak: «ELA eta LAB bide ezberdinetatik goaz. Hau ez da nahiko genukeen errealitatea, baina egoera onartzea da zintzoena, fikziorik elikatu gabe». Negoziazio kolektiboan ere aldeak antzeman dituzte LABekin, ELAren hitzetan grebak funtsezkoak baitira konfrontazio horretan, eta gogora ekarri dute Lan Harremanen Kontseiluaren arabera egin diren greba egun guztien %70 baino gehiago ELAk antolatu dituela, eta LABek, %28.

Kontrara, «aliantza sozialak» sendotu nahi ditu indar harremanak hobetzeko, eta adibide gisa jarri ditu, beste hainbaten artean, Eskubide Sozialen Karta, mugimendu feminista, pentsiodunena, osasun publikoaren aldeko plataformak eta euskararen aldeko eragileak. Alabaina, txostenean lehen aldiz aipatu ditu «Mugimendu Sozialistaren barnean sortzen ari diren erakundeak».

pASARTEAK

  1. Kontrabotereko sindikalismoa. «ELAk berretsi egiten du sindikalismo soziopolitikoarekiko konpromisoa. Izan ere, kapitalismoaren egungo fasean, langileriaren interesak defendatzeko sindikalismoa konfrontazio eta kontraboterekoa baino ezin da izan. Horregatik, ELA kritikoa da ituntze sindikalismoarekin –patronalaren betoa eta gobernuen konplizitatea nagusi diren hiruko organoetan iparra galduta– eta parte hartze instituzionalaren fartsarekin».

  2. Euskara. «Premiazkoa da mobilizazio soziala eta lidergo instituzional handiagoa gure hizkuntzaren aurkako erasoak direla eta, modu berezian, esparru judizialean, espainiar sindikalismoak funtzio publikorako hizkuntza-eskakizunen aurka bultzatu duen gurutzadari aurre egiteko». [...] «ELAk gure instituzioei eskatzen die Euskal Herria osoan euskararen ezagutza bermatzea, herritar guztien eskubideak errespetatzeko, bereziki, herritarrei zerbitzu publikoa ematen dieten jardueretan. ELAk lanpostuak mantentzeko eta euskalduntzea bermatzeko instituzioen inplikazioa, bide progresiboak eta beharrezko malgutasun neurri guztiak proposatu ditu eta proposatzen jarraituko du, baina ez du onartuko bide hau blokeatzerik jarrera euskarafoboak ezkutatzen dituzten aitzakiekin».

  3. Lanaldia. «ELAk lanaldia berehala 35 ordura murrizteko eskakizuna berresten du, 30 orduko asteko lanaldiaren helbururantz iristeko egin beharreko urrats gisa. Era berean, gaur egun Espainiako Estatuak Langileen Estatutuaren bidez arautzen dituen gainerako gaiak bezala, gehienezko lanaldia Euskal Herrian erabaki ahal izatea eskatzen du».

  4. Zerga politikak. «ELAk sentsibilizazio eta prestakuntza kanpainak eta mobilizazioak egingo ditu gobernuei eta alderdi politikoei presioa egiteko zerga sisteman, aurrekontu politikan eta inbertsio publikoan egiturazko aldaketa egin ditzaten».

  5. Zaintza. «Egungo eredua eraldatuko duen zaintza sistema publiko, unibertsal, doako, kalitatezko eta erantzunkidearen beharra aldarrikatzen du ELAk. Proposamen horren helburua da pertsona guztiek behar duten arreta jasotzea, zaintza lana modu bidezkoan banatzea eta lan baldintza duinak ziurtatzea lan horiek egiten dituztenentzat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.