ELAk dio Jaurlaritzak lanpostu publikoak «pribatizatzeko» atea zabaldu duela

Sindikatuak salatu du legea urratzen ari dela lan eskaintza publikoko deialdietan, eta baliteke auzitara jotzea. Egoera «bereziki kezkagarria» da Osakidetzan eta hezkuntzan

ELAko Esther Saavedra, Igor Eizagirre eta Miren Zubizarreta, Donostian atzo eginiko prentsaurrekoan. JON URBE / FOKU.
jokin sagarzazu
Donostia
2022ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
ELAren arabera, «gezurretan» ari da Eusko Jaurlaritza. Hainbat urtez behin-behinekoek bete dituzten lanpostuak egonkortzeko egingo duen lan eskaintza publiko berezian ez ditu «ahal diren postu guztiak» eskainiko, Olatz Garamendi Gobernantza Publikoko sailburuak aurkakoa esan arren. Eta baieztapen hori datuekin babestu du sindikatuak. Ohartarazi du oposizioak amaitzean, Jaurlaritzaren menpeko erakunde guztiak kontuan hartuta batez beste %40tik gorakoa izango dela behin-behinekotasuna. Oso urrun, beraz, Espainiako Gobernuaren Iceta legeak eta Europako Justizia Auzitegiak ezarritako %8ko tasatik, «horretara derrigortuta egon arren». Igor Eizagirre ELAko zerbitzu publikoetako federazioko idazkari nagusiak aurreratu dusindikatuak «bide juridiko guztiak» aztertuko dituela hori hala izan dadin.

Jaurlaritzak aste honetan jakinarazi du zenbat lanpostu egonkortuko dituen: 10.447 guztira: 3.723 Osakidetzan, 3.040 hezkuntzan eta 3.684 administrazio orokorrean. ELAren arabera, horiek ez dira «hiru urte baino gehiago etenik gabe behin-behineko langile batek edo gehiagok» bete dituzten lanpostu guztiak. Iceta legeak hori esaten du, baina horren irakurketa «maltzurra» egin du Jaurlaritzak.

ELAren arabera, soilik administrazio orokorrean beteko litzateke araudiak esaten duena —%12ra jaitsiko litzateke behin-behinekotasuna—. «Inolaz ere» Osakidetzan eta hezkuntzan: bi arlo horietan %40tik gora mantenduko litzateke, eta Eizagirrek gogoratu duen moduan, bi sail horietan daude langile gehien, alde nabarmenarekin. «Garamendi administrazio orokorraz ari da administrazio osoa izango balitz bezala».

«Gardentasun falta»

Eizagirreren arabera, datuek erakusten dute Jaurlaritzak ez duela Osakidetzako eta hezkuntzako lanpostuak egonkortzeko borondaterik. Eta uste du horren atzean asmo ilun bat dagoela: «Zerbitzu publikoen pribatizazioari ateak zabaltzea, publikoarekin negozioa egiteko». Bitartean, behin-behinean segituko duten langileekin «nahi duena egiten» jarraituko duela salatu du: «Lanpostuak nahi eran mugituko ditu, langileen egutegi eta ordutegiekin jokatuko... Jaurlaritza aldi baterako enplegurako enpresa erraldoiena da».

Sailburuak eta ELAk egiten dituzten irakurketen artean dagoen alde nagusia batzuek eta besteek ematen dituzten behin-behineko lanpostuen kopuruan dago. Sindikatuak «gardentasunik eza» leporatu dio Jaurlaritzari. Gutxienez hiru urtez jarraian aldizkako langileekin bete diren lanpostuen zerrenda zehatza ez ematea egotzi dio. ELAk aipatzen dituen kopuruak Jaurlaritzak berak legebiltzarrean emandakoak dira. Eta lanpostuei ez, langileei dagozkie. Horien arabera, Hezkuntzan 9.000 beharginek daramatzate hiru urte baino gehiago behin-behinean; Osakidetzan, 15.000 inguruk, eta 9.000k zortzi urtetik gora.

Sindikatuaren kritikei erantzunez, Garamendik argudiatu du osasungintzaren eta hezkuntzaren beharretan aldaketa handiak egoten direla, eta garai batzuetan ezinbestekoa izaten dela behar koiuntural horiek behin-behineko langileekin betetzea. Uste du kasu horretan ez dela Iceta legea bete behar. Gogoratu du, halaber, gauza bat dela hiru urtez baino gehiago behin-behinekoekin betetako lanpostuen kopurua eta beste bat dela hiru urte baino gehiago behin-behinean egin dituzten langileena. Azpimarratu duenez, legeak dio lanpostuak finkatu behar direla, eta ez langileak. ELAk onartu du hori, baina salatu du legearen irakurketa maltzurra egin duela Jaurlaritzak. Haren ustez, «milaka batzuk» gehiago izan beharko lukete egonkortu beharko liratekeen postuak. «Milaka langile dituzunean hiru urtetik gora behin-behinean, ezin duzu esan lanpostu horiek unean uneko behar batzuei erantzuteko direla: egiturazkoak dira».

Eizagirreren arabera, oso bestelako jarrera erakutsi dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek eta lurralde horietako udalek. Sindikatuekin negoziatzeko borondatea izan dutela azpimarratu du, eta horren ondorio dela oposizioak amaitu ondoren legeak ezarritako tasatik hurbil geratuko direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.