Krisia sorrarazi duten «sakoneko arazoei» aurre egiteko «egiturazko aldaketak» abiatzeko eskatu die ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñozek Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari. ELAk Finantza erakundeen negozioa: diru publikoa eta kreditu garestiagoak ikerketaren emaitza «zakarrak» aurkeztu zituen, atzo. Izan ere, gobernuok orain arte hartu dituzten neurriek bankuak eta aurrezki kutxak saritzeko balio izan dute, Muñozen arabera. Hortaz, «baliabide publikoen indartzea» eskatu du ELAk, «bankuen eta aurrezki kutxen nazionalizazioa barne, batez ere, haien dirua irabazteko asmoa saihesteko».
Muñozekin batera, politika sozialerako arduradun Mikel Nogalek eta sindikatuko ikerketa bulegoko kide Julene Gabiolak ezagutarazi zuten txostena. Gabiolak gogorarazi zuen Espainiako gobernuak 230.000 milioi euro zuzendu dituela «banku sistema» berrindartzeko asmoz, hau da, BPG barne produktu gordinaren %18,3, «bere erabilera arautzeko inolako baldintzarik jarri gabe».
Alde batetik, gobernuak 30.000 milioi euro jarri ditu finantza erakundeentzako aktiboak erosteko funtsa eratzeko. Gobernua diru hori erabiltzen ari da hainbat enkantetan aktiboak erosteko, ELAren arabera. Fondo horren zenbatekoa BPGaren %2,9 bestekoa da. Bestetik, 200.000 milioi euro jarri ditu berme gisa finantza erakundeen esku.
Gabiolak gastu sozialerako egindako inbertsioarekin alderatu zituen datuak: «Espainiako Gobernuak pentsioak sustatzeko erabili ohi duen zenbatekoa ez da 100.000 milioi eurora iristen, alegia, BPGaren %9ra. Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren 2009rako aurrekontuak batzean, ordea, bien artean ez dira 14.000 milioi eurora iristen».
Halaber, finantza erakundeek diru publikoa eskuratzeko izan dituzten «erraztasunak» salatu ditu ELAk. Diru laguntzak aurretik zituzten «zuloak» estaltzeko erabili izana leporatu zien: «Neurri horien laguntzaz, mozkinak pribatizatu eta galerak sozializatu egin dira». Izan ere, finantza erakundeek mozkin «mardulak» izateari eutsi diote. 2008an 23.936 milioi euro irabazi zituzten, alegia, 2007an baino %21,7 gutxiago. Gabiolak salatu zuen diru publikoa finantza erakundeen balantzeak «garbitzeko eta mozkin maila altuari eusteko» erabili dutela.
«Ez omen dago gastu sozialerako dirurik, Gobernuak finantza erakundeei eman dielako», gehitu zuen Muñozek. «Hala, higiezinen espekulazioan txapeldun direnak saritu dituzte, eta datozen belaunaldiek aurre egin beharko diote sortu duten zor honi».
Maileguak, gero eta zailago
Aldi berean, ELAk salatu du finantza erakundeek ez dutela erabili jasotako diru publikoa kredituak emateko. Are gehiago, maileguak eskuratzeko baldintzak zorroztu dituztela kritikatu du. Horren ondorioz, mailegu kopuruak behera egin du 2009an.
Gainera, interes tipo oso altuak ezartzen jarraitu dute, eta horrek guztiak inbertsioa eta kontsumoa kaltetu ditu: «EBZ Europako Banku Zentralak ezarri dituen interes tipo ofizialen jaitsierak finantza erakundeen irabaziak lagundu ditu. Izan ere, jaitsieraz baliatzen ari dira beraiek jaso dituzten maileguetan. Enpresa eta pertsonei beraiek emandako kredituetan, ordea, ez dute aplikatu». Orain, beraz, lehen baino zailagoa izateaz gain, lortutako kredituen baldintzak are okerragoak dira, ELAren arabera.
Eustatek jakinarazi du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPGa %2,5 jaitsi dela urtarriletik martxora bitartean. 2008ko datuekin alderatuz, bilakaera negatiboa izan du. «Ekonomia garatu guztietan antzeko bilakaera izan du BPGak», esan zuen Muñozek. «Alde bakarra zera da, hemen beste inon baino enplegu gehiago kendu dituztela; hau da,Europako enpresaburuek hemengoek baino langile gutxiago kaleratu dituzte, egoera bera izan arren». Hala, produktibitateak nabarmen gora egin du: «BPGa langile gutxiagoren artean banatu behar dute orain, eta hala lortu dituzte munduko emaitzarik altuenak».
Hego Euskal Herriko enpresaburuek «nahi duten beste langile kaleratzeko eskumena dute», salatu zuen Muñozek. Ez dute «inolako erantzukizun sozialik». Beraz, krisiaren aurrean kaleratzeak malgutzeko eztabaida «gezur hutsa» dela nabarmendu zuen ELAko buruak. «Patronalak lan merkatua antola dezake bere interesen arabera, beraz, ez du inolako erreformarik behar».
Izan ere, krisiak agerian utzi du gobernuen gainetik, ekonomian nork agintzen duen, Muñozen arabera. «Egoera oso larria da, eta gobernuek ez dute ezer egiten. Politika aldaketaren bitartez finantza erakundeen nagusitasunean eragiten ez duten bitartean, langileok ordainduko ditugu zorrak».
Hortaz, etzi deitu duten greba orokorraren beharra berretsi zuen Muñozek. «Gobernuek eta finantza erakundeek elkarri laguntzen diotela salatu beharra dago. Hala, ikerketa honen emaitzek greba orokorraren aldeko beste arrazoi berri batzuk jarri dituzte mahai gainean».
ELAk bankuetan esku hartzeko eskatu du, haien «irabazi asmoa» saihesteko
Muñozek salatu du finantza erakundeek ez dituztela aplikatu maileguetan EBZk ezarritako interes tasak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu