ELA proposamen batekin sartu da gutxieneko soldatari buruzko eztabaidan. Hego Euskal Herriko soldaten beheko muga hilean 1.795 eurorena izatea nahi du, hamalau ordainketetan banatuta. Proposamena Eusko Legebiltzarrera eta Nafarroako Parlamentura eramango du 2025ean, HEL herri ekinaldi legegile baten bitartez.
Proposamen horren aurkezpen ofiziala urriaren urriaren 24an egingo du sindikatuak, Bilboko La Casilla kiroldegian, baina haren nondik norakoak aurkeztu dituzte gaur Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak eta Roser Espelt azterketa bulegoko kideak. «Justizia soziala benetan areagotzeko» saio bat izango dela ziurtatu du Lakuntzak, baina baita «subiranotasun sozialaren aldeko apustu bat» ere.
ELAk onartu du azken sei urteetan, Pedro Sanchezen koalizio gobernuekin, gorakada nabarmena (%54) izan duela SMI lanbide arteko gutxieneko soldatak, baina haren kopuruak —1.134 euro gordin, hamalau ordainsaritan— «ez du urrundik ere bizimodu duina ziurtatzen».
Baieztapen hori egiteko asmoz Eusko Jaurlaritzak egin duen Pobreziari eta Desberdintasun Sozialen inguruko azken inkestaren datuak baliatu ditu. Hark dio pertsona baten ongizatea ezin dela bermatu hilean 1.654 euro gordin baino gutxiago irabazita.
BPGa oinarri gisa
Gutxieneko ongizate horretatik gora dagoen gutxieneko soldata bat proposatu du, eta per capita-ren BPGa hartu du erreferentzia gisa. Gaur egungo SMIak, ordea, batez besteko soldatan oinarritzen da. Baina Espeltek nabarmendu du soldatetan soilik oinarritzeak ez dituela aintzat hartzen enpresen etekinak eta beste baliabide batzuk. Horregatik, ELAk uste du bidezkoagoa dela soldatapeko langile bakoitzak gutxienez jasotzea gizarte guztiak sortutako balioaren portzentaje bat, hots, barne produktu gordinaren zati bat.
Zehazki, ELAk proposatu du per capita BPG nominalaren %65 izan dadila SMIa, 1.795 euro gordineko 14 ordainsaritan banatuta.
Zifrak
1.134SMIa, Hegoaldean. Urtean 15.876 euroko gutxieneko soldata gordina dago: hau da, 1.134 euro hilean hamalau ordainsaritan banatuta, edo 1.323 euro hamabitan banatuta. Nabarmen igo da Pedro Sanchezen agintaldian, hura iritsi aurretik, 2018an, 736 eurorena baitzen. Kopuru horiei gizarte kotizazioak eta errenta zerga kendu behar zaizkio.
1.767SMICa, Iparraldean. Urtean 21.303 euroren soldata gordina dago iparraldean, edo 16.784 euro soldata garbian. Hamabi urteko ordainketak ohikoak direnez, hilean 1.767 euro dira gordinean, eta 1.399 euro garbian.
ELAk kalkulatu duenez, gutxieneko soldata maila horretaraino igota ia 300.000 langileren egoera hobetuko litzateke. Bereziki eragingo lieke langilerik prekarioenei, eta horien artean nagusi dira emakumeak, migratzaileak, gazteak eta zerbitzuen sektoreko langileak.
Gainera, SMI berri horrek generoen arteko soldata arrakala txikituko luke. Gaur egun, Hego Euskal Herrian %22 handiagoak dira gizonen soldatak emakumeenak baino. Migratzaile eta bertan jaiotakoen artean dagoena ere apalduko litzateke —% 44 da, Gipuzkoako datuen arabera—.
Espainiako legea aldatu
Sindikatuak onartu du gutxieneko soldata finkatzeko modu desberdinak badaudela, eta horietako bat izan daitekeela Lanbidearteko Akordioa, hots, sindikatuen eta patronalen arteko akordio bat. Kontu horrekin Confebaski eta CEN patronalei presio egitearekin ados dago, baina «biderik egokiena» HEL herri ekinaldi legegile bat aurkeztea iruditzen zaio, besteak beste, balioko duelako ikusteko «nortzuk dauden eskuduntzak eta burujabetza areagotzearen alde eta nortzuk ez».
Datozen hiletan erregistratuko du, eta, bere planak betetzen badira, 2025ean iritsiko da Gasteizko eta Iruñeko parlamentuetara. Ekinaldi horrek eskatuko du Espainiako legedia ere aldatzea, autonomia erkidego bakoitzak bere SMIa finkatzen eskumena izan dezan, «betiere estatuko zenbatekoa hobetzen badu».
LAB-ek 1.600 PROPOSATU DITU, ETA TORRES PREST DAGO HITZ EGITEKO
ELA ez da Hego Euskal Herrirako gutxieneko soldata propioa eskatu duen talde bakarra. LABek ere aurtengo ikasturte politikorako lehentasunen artean jarri du SMIa handitzea. Haren kopurua ELArena baino pixka bat apalagoa da: hileko 1.600 euro gordin, hamalau ordainketetan banatuta. Hiru langiletik bik hori baino soldata apalagoak dituztela ziurtatu du sindikatu abertzaleak.
Gutxieneko soldata propioaren gaia aipatu ditu LABek Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin eta Mikel Torres Enplegu sailburuarekin egindako elkarrizketetan. Azken horrek erronka hartu du, eta azaldu du Elkarrizketa Sozialaren Mahaira eramango duela «Euskal Herriaren errealitate sozioekonomikora egokitutako» gutxieneko soldata bat sortzeko proposamena.